Hassan Ait Chaou: "Tabakoa erretzeari utzi eta korrika hasi nintzen"

Andoni Uzkudun 2015ko aza. 29a, 15:14

Korrika hastearen errua tabakoak badu ere, txikitatik ditu «mendiarekiko oroitzapenak»; egun kilometroak kontatzen ez baditu ere, Munduko Kopan 8. postua lortu du berbere euskaldun korrikalariak.

Hassan Ait Chaou, Amasa-Villabonan bizi den berbere euskalduna da. Mendi lasterketatan ibiltzen da Euskal Selekzioarekin lasterka eta gehiago ezagutzeko, berarekin elkartu da Tolosaldeko Ataria.

Nor da Hassan Ait Chaou?

Hassan pertsona normal bat da. Zoriontsu izateko gutxi behar duen pertsona.

Noiz eta nola iritsi zinen Euskal Herriara?

2000. urtean iritsi nintzen Euskal Herrira. Orain nire emaztea den Ainhoa, oporretara joan zen Marokora eta bertan ezagutu ginen. Bi urtez ibili ginen atzera eta aurrera Ainhoa bertara joaten eta erabaki bat hartu beharra genuen. Berak Marokora joateko oso egoera zaila zuen, bertan emakumeak beste modu batera ikusten baitira. Hemengo emakume batek zaila izaten duenez bertan bizitzea, ni etortzea erabaki genuen. Hona etortzeko eta bisa lortzeko ordea, ezkondu egin ginen, ni Marokon eta bera hemen. Urtebeteko tramiteen ostean, bisa eskuratzea eta hona etortzea lortu nuen.

Askotan joaten zara bisitan?

Beti saiatzen naiz urtean behin behintzat joaten. Denbora gutxi izaten dut egia esan, eta gehiago egotea gustatuko litzaidake baina ezin dut. Normalean hamar bat egun pasatzera urtero joaten naiz. Bertan familia daukat, ama eta anaiak bertan bizi dira, eta bisitan joateko gogoz egoten naiz. Lagunak ere bisitatu eta erlazioa mantentzea garrantzitsua izaten da.

Ezagutzen al dute zure familiako kideek Euskal Herria?

Anaia bat Frantzian bizi da eta berak ezagutzen du. Bere emaztea ere euskalduna da gainera, Baionakoa. Familiako beste kideak bisitan ekartzen saiatu gara, egia esan, baino oso zaila izaten da. Paper eta tramite kontu asko daude tarteko eta bisa lortzea oso zaila izaten da. Nire anaia ere ahalegindu zen ama bisitan ekartzen baina ez zuen lortu.

Nola hasi zinen korrika munduan?

Egia esan, 2000. urtean etorri nintzen eta tabakoa erretzen nuen. 2002. urtean berriz, tabakoa uztea erabaki eta korrika egiten hasi nintzen. Asko lagundu zidan tabakoa uzteko bidean lasterka hasteak. Lehenengo korrikaldiak errepidean eman nituen. Nik ordea txikitatik izan dut mendiarekin erlazio handia, Marokon bizi nintzenean Atlasen bizi bainintzen. Urte batzuk errepidean pasa ondoren, Loatzoko igoera egitea pentsatu nuen eta asko gustatu zitzaidan. Lasterketa bera eta giroa gustatu, eta aurrera egitea erabaki nuen. Korrika eta mendia uztartzeko bide ederra zenez, errepidea alde batera uztea erabaki nuen.

Euskal selekzioarekin egiten dituzue lasterketak, ofizialtasunik ba ahal dute lasterketa horiek?

Bai, aurtengoa hirugarrena izan da Euskal Selekzioaren parte izanda. Talde oso ona dago bai kirol mailari begiratuta eta baita talde giroari begiratuta. Lasterketa asko korritzen ditugu Euskal Selekzioarekin baina Munduko Txapelketan ez dute talde bezala parte hartzen uzten. Beste lasterketetan berriz Euskal Selekzioarekin ibiltzen gara.

Ezagutzen gaituzte hemendik kanpora?

Egunetik egunera gehiago ezagutzen gaituzte. Hasiera batean inork ez gintuen ezagutzen baina orain ikurrina bat ikusten dutenean «Baski, baski» esaten hasten dira. Esan beharra dago gainera nahiko fama ona dutela korrikalari euskaldunek eta asko gerturatzen direla guregana. Guretzat ohore bat da Euskal Herriaren izenean lasterka egitea.



Zenbat kilometro inguru egiten dituzu urtean?

Ez ditut kilometroak kontatzen eta ez diot garrantzi askorik ematen kontu horiei. Entrenamendu batzuk jarraitzen ditut baino ez buru belarri eta egunean egunekoa egiten dut. Denbora dudanean, entrenatzera joan eta mendi buelta bat egiten dut baina alaba eta lana ditut korrika egitearen aurretik. Denbora pixka bat dudanean berriz, eguraldia lagun izanez gero, beti ateratzen naiz buelta bat ematera.

Euskal Herrian badago mendirako joera, zergatik dela uste duzu?

Hemen Euskal Herrian zaletasun ikaragarria dago mendiarekiko. Korrikalarien maila ere oso altua da gainera, eta hori euskaldunek mendiarekin duten lotura zuzenagatik dela esango nuke. Lasterketa batera joatearekin nahikoa izaten da hemen egoten den giroa ikusteko. Kanpoko lasterketa bat korritzean eta ondoren Euskal Herriko lasterketa bat korritzean, orduan nabaritzen da hemen dagoen giroa. Lasterketa bateko izen ematea ireki eta berehala bukatzen dira. Euskaldunen eta mendien arteko erlazioa da.

Tolosaldean, Aitziber Ibarbia ere puntan dabil. Zer moduzko maila dago eskualdean?

Tolosaldeari begiratuta ere, maila altua dago bai. Jende gehiago ere ibiltzen da eta baita ultra trail lasterketak egiten ere, Iker Karrera edo Jon Azpiroz bezalako korrikalariak. Denak ezin dugu Euskal Selekzioan egon ez dagoelako denentzako lekurik baina maila oso-oso altua dago Tolosaldean ere. Aitziber berriz, nesken mailan, onenen artean ibiltzen da beti eta izugarrizko kasta dauka.

Zein da mendiarekin duzun lehen oroitzapena?

Nik egia esan txikitatik ditut mendiarekiko oroitzapenak. Marokon mendian jolasten genuen lagunekin, ez zeuden hemen dituzuen jostailuak. Txikitan mendian korrika, gordeketan ibiltzen ginen denak. Goizean atera eta alde batetik bestera ibiltzen ginen eta lehen esan bezala, beti izan ditut mendiak etxetik gertu eta esan dezaket nire bizitza mendiaren inguruan egin dudala. Oroitzapen on horiek buruan ditut sartuak.

Lasterketen denboraldia amaitu berri duzue, zer moduz joan da?

Oso-oso gustura egin dut urte hau. Maila oso altua dago bai hemen eta baita mundu mailan ere, eta geroz eta gazte jende gehiago dabil. Pozgarria da gazteak sartzen hastea eta errelebo bat dagoela atzetik jakitea. Emaitzak onak izan dira, ni behintzat konforme nago lortu ditudan emaitzekin. Hasieran pentsatzen nuen lehenengo 15 postutan sartuko nintzela baina 8. postuan amaitu dut Munduko Kopa. Gorabeherak egon dira denboraldian zehar, beti egoten diren bezala. Nik ez dauzkat jarraitu beharreko entrenamenduak lehen esan bezala, gogoa dudanean edo denbora dudanean entrenatzen dut. Askotan lanarekin edo umearekin egon behar dudanean, lehentasunak jarri behar dira eta horiek dira nire lehentasunak. Horregatik egon dira nekatuta, nazkatuta eta entrenatzeko gogo gutxirekin egon naizen garaiak. Hala ere, denboraldia osoki hartuta, denboraldi ona izan dela esango nuke.


Zein entrenamendu mota egiten duzu?

Villabonatik ateratzen naiz normalean, Loatzo-Uzturre buelta egitera. Hori da egun normal batean egiten dudan entrenamendua. Askotan erlojuari lotuta ibiltzen naiz denbora gutxi dudalako eta denbora gehiago izanez gero, Belabieta aldera ere joaten naiz. Hernio ere gustatzen zait baina denbora gehiago behar da horretarako eta gutxiagotan egiten dut entrenamendu hori.

Datorren urtean, goi mailan jarraitzea aurreikusten duzu?

Egia esan oraintxe amaitu dugu denboraldia eta atseden hartzeko garaia iritsi zaigu. Orain lehendabizi bi hilabete lasai hartuko ditut eta pentsatuko dut zein norabide hartu datorren urtean. Seguruenik beste urte bat ibiliko naizela goi mailan baina lasterketa batzuk aukeratuko ditut, gehien gustatzen zaizkidanak eta aurten baino lasterketa gutxiagotan hartuko dut parte. Goi mailako lehiaketan azkenengo urtea izango dela uste dut datorren urtekoa. Ondoren, lasterketa batzuetan parte hartzen jarraituko dut baina beste modu batera, lagunekin eta egun on bat pasatzeko asmotan. Mendiarekin beti egongo naiz lotuta eta hori nahi dut gainera, gustatzen zaidana hori delako.

Zer moduz moldatzen zara euskararekin? Zaila izan al da? Nola ikasi duzu?


Bueno, ondo moldatzen naizela esango nuke. Oraindik asko daukat hobetzeko hitz egiterako garaian baina ulertu, dena ulertzen dut. Faltan botatzen dut euskaltegi batera joan ez izana, nik kalean ikasi bainuen euskaraz hitz egiten. Orain ondo etorriko zitzaidan euskaltegi batean ibili izana hitzak ikasi, hobeto irakurri eta hobeto jarduteko, baina ondo moldatzen naiz.

Kultura eta mundu ezberdin batetik zatoz, zer da berbere izatea?

Ni orain euskaldun berberea naiz. Berbereak Marokoko leheneko biztanleak izan ziren arabiarrak etorri arte. Oraindik hor gabiltza borrokan herri bezala aitorpen bat izan dezagun. Gure eskubideak ditugu, gure kultura, hizkuntza, ikastolak eta herri bezala leku bat izatea eskatzen dugu. Alde horretatik badaukagu euskaldunekin berdintasun hori eta identitate behar hori. Nik inoiz ez dut arazorik izan ez arabiarrekin edo marokoarrekin, baina nik nire hizkuntzak eta kulturak aurrera jarraitzea nahi dut.

Zer ezberdintasun nagusi ikusten dituzu bi kulturen artean?

Bi kultura oso-oso ezberdinak dira. Bi kulturak oso zaharrak eta urte asko dituztenak dira baina ez dute antzekotasunik elkarren artean.



Zer ekarriko zenuke Marokotik eta zer eramango zenuke Marokora hemendik?

Marokotik, lasaitasuna ekarriko nuke. Hemen dena korrika eta presaka egiten dugu eta ez dugu denborarik hartzen lasai egoteko. Hori da gehien faltan botatzen dudana Marokotik. Askotan gauzak lasaiago hartu eta gehiago disfrutatzeko denbora hartu behar dugu. Hemendik Marokora berriz, janaria eta paisaia eramango nituzke. Marokon jendea gosez hiltzen ikusten duzu eta truke bat egingo nuke alde horretatik.

 

Motzean

Zein da zure mendirik gustukoena?

Beriain, San Donato.



Lasterketarik gogokoena?

Camille Extreme. Aurten Tolosako 3 Tontorrak egin ditut eta asko gustatu zait lasterketa. Mundu mailan berriz, Dolomitetako Canazei lasterketa.

Lasterketarik gogorrena?

Hong Kongen egin duguna baina ez bide gogorragatik. Tifoiak harrapatu gintuen eta euria, haizea, ur-jauziak leku guztietan zeuden. Gaizki pasatzera ere iritsi ginen eta esperientzia txarra izan zen. Lasterketaren gogortasunari begiratuz gero berriz, Zermattekoa, Suitzan. Altuera handia eta luzea da, 48 kilometro ingurukoa.

Zein lasterketa egitea gustatuko litzaizuke?

Toubkalekoa. Marokon egiten duten maratoia egitea gustatuko litzaidake.

Janaririk gustukoena?

Haragia. Ni haragizalea naiz, txuleta edo gisatu on bat.

Nora bidaiatuko zenuke?

Leku asko daude baina, Nepalera joatea gustatuko litzaidake.



Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!