Punta-puntako pilota txapelketa, hastear

Asier Imaz 2015ko aza. 26a, 08:36

Poliki-poliki eta soinu handirik atera gabe, Antton Pebeten Oroimenezko Esku Pilota Txapelketa izena hartzen ari da.

Binaka jokatzen dute pilotariek bertan, eta data hauek gainera etortzen direnean, antolatzaileen telefonoak sutan hasten dira. Alde batetik, aurrekontua parekatzeko lan dezente egin behar izaten dutelako, eta bestetik, pilotarien deiak izaten dituztelako, txapelketan jokatu nahi dutela esanaz.

Iñaki Lizaso Behar Zanako kideak ongi ezagutzen ditu bataren eta bestearen zailtasunak. Txapelketaren berezitasunak billabonatarrak azaldu dizkigu: «Alde batetik, punta-puntako pilotariekin osatzen ditugu bikoteak; onentsuenekin. Aurten, nagusien mailan, bikote berezi bat egongo da. Izan ere, Santxo eta Arrieta aurrelariak elkarrekin jarri ditugu. Bestetik, urtero bezala, festetako pilota txapelketako irabazleek euren tokia izango dute nagusien mailan. Aurten, Añorgako Urmenetak eta Azpeitiko Aizpuruk irabazi dute sari hori».


Antton Pebet bezala, duela 20 urte Behar Zanako beste pilotari bat zendu zen. Kasu hartan, Irurako Trinketean gertatu zen ezbeharra, partidaren erdian. Ugalde billabonatarrari bihotzekoak eman zion, eta bertan hil zen. Ohorezko bazkide egin zuten Behar Zana Elkartekoek Ugalde. Aurten, urteurren berezi horren aurrean, omenaldia egingo diote Ugalderi urtarrilaren 23an. Besteak beste, errebantxa partida jokatuko da. Pebeten oroimenezko finala jokatzen duten bi bikoteek, nagusien mailakoek, urtarrilaren 23an berriro jokatuko dute.

HAINBAT DATU
Datak: Abenduaren 4tik urtarrilaren 2ra.  
• Final zortzirenak, abenduaren 4an, 18:30ean, eta abenduaren 6an, 11:00etan.
• Final laurdenak, abenduaren 11n, 13an, 18an eta 20an.
• Finalerdiak, abenduaren 26an eta 27an.
• Finalak, urtarrilaren 2an, 16:30ean.
Pilotalekua: Villabonako Beharzana.
Mailak: Kadete, jubenil eta nagusiak.
Sarrera: Partida guztietan sarrera dohainik izango da, baita finaletan ere.
Antolatzailea: Behar Zana Elkartea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!