Zarauzko lehen finalaurrekoan 445 puntu eskuratuta, Beñat Iguaranek bukatu du bere ibila Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan. Pozik dago, hala ere, egindako lanarekin: "ez pasatu arren langa / Harituzen propaganda / zenbat audio, wahtsapp eta dei / mobilak kasik eztanda / hau ona baino atzeko dena / hobiagoa ez al da?". Horrela kantatu zuen eskertuta amasarrak. Hemendik bi urtetara, 2017an jokatuko den Bertsolari Txapelketa Nagusian, Gipuzkoako 17 ordezkarietako bat izango da Iguaran.
16 bertso puntuagarri kantatu behar izaten dituzte finalaurrekoetan bertsolariek. Beñat Iguaranek botatako gehienak, balekoak izan ziren. Hotz xamar hasi zuen saioa hamarreko handian Jon Martinekin kantatuta eta puntua emanda bota beharreko hiru bertsoetako azkenekoan poto egin zuen. Saroi Jauregik eman zion puntua: Zu noiz jolastu zara / azkeneko aldiz? eta Iguaranek erantzun: "ikusi ote nauzu / hortarako premiz / astian saiatzen naiz / gutxinez lau aldiz / baino egingo nuke / gustora asko berriz".
Hortik aurrerako hiru ariketetan gehiago asmatu zuen Amasakoak. Seiko motzean zuzen aritu zen Ander Lizarralderekin eta erantzun bikaina eman zion Agin Labururi zortziko txikian. Festetako komunak alokatzeko enpresa bateko langilea zen Laburu eta komunak jasotzera joan eta horietako batean lo aurkitzen zuen Iguaran. Lehenengoan astigarragakoak egin zion atakea: "oraindik nola zauden / ez det entenditzen / lagunduko al dizut lentillak aurkitzen?"; eta Beñatek erantzun: "nere plana earra / da Agin begira / festara eaman nazu / hurrengo herrira". Bertsoaldi ona osatu zuten biek.
Zarauzko saioan honako gaia jarri zieten bertsolariei bakarka aritzeko: egunero leku eta ordu berean ikusten zenuen hura, gaur ez dago. Iguaranek galdutako amonari kantatu nahi izan zion hiru bertsotan. "Sekula santa enion esan / asko zuela balio / bera beti hain irrifartsu ta / ni beti horren serio / bera denekin fiatzen zen ta / ni inorekin ezin fio. / Loredendara loreen bila / desgrazi hauxe medio / hartu loriak ta elizara / joan behar det propio / alde earra bizi zanian / eman izan banizkio".
Alaia Martin, lehen finalista
Hain justu, Alaia Martinek zendutako amona izan zuen baita ere gogoan kartzelako ariketan. Hiru bertso hunkigarri kantatu zituen, bigarrengoan horrela aritu zen: "Ohea begiratu dut / manta azpian zer suma / azken boladan amona / hau zen zure erresuma; / jausiz jausiz joan zara / jausten den bezala luma / laurogehi urtekoa da zure argazki albuma / izan zaitut eredua / amona bezain laguna / ta orain ez dut egia / jasateko gaitasuna / nigan, baina, halare dut / utzitako ondasuna / zure esku ximurretatik / jasotako maitasuna". Gainerako ariketetan irristada handirik egin gabe, erregular eta zuzen aritu zen Alaia Martin eta horri eskerrak 504 puntu eta finalerako zuzeneko txartela lortu zituen igandean Zarautzen.
Gauzak asko okertzen ez bazaizkio, behintzat, Agin Laburuk ere bigarrengoz Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan kantatzeko aukera izango du. 496 puntu eskuratu zituen igandean eta erakutsi zuen publikoarekin bat egiteko duen gaitasuna. Fuerte hasi zuen lana eta hamarreko handiko lehen bi bertsoak goitik beherakoak bota zituen. Kalitate arauak betetzen ez zituen katering enpresa bateko langilearen paperetik jardun eta bigarren bertsoan hala esan zuen: "Baino Alaia, urduri zaude / ta ikusten zaitut zurbil / bezeroetatik egon behar da / eskuz esku eta hurbil / sukaldaritzan ondo goaz ta / izan lehen gu bezain abil / eskurik nahiz ta nik garbitu ez / arren egon zaitez trankil / lau albondiga jateagatik / oraindik ez da inor hil". Bakarkako lanetan ez zen hainbeste nabarmendu, baina Laburuk ofizio guztietan utzi zuen printzaren bat.
Zarauzko lehen finalaurrekoan ez zuten zorterik izan Unai Gaztelumendik eta Jon Martinek. Lehen aldia zuen Gaztelumendik finalerdietan eta igandean gauza politak egin arren, oraindik ere egiteko bidea baduela erakutsi zuen. Eta Jon Martinek, berriz, azkeneko Gipuzkoako hiru txapelketatan finalean jardun ondoren aukerarik gabe geratu da. Agurreko bere bertsoan kantatu zuenez, ez du horregatik bere bertso jarduna utziko, "nik kantatzen segitu / nahi nuke lotsati / ez zizkidatelako hegalak ebaki / hainbeste maite nauen / minoriagatik".
Merezi du Ander Lizarraldek egindako lana aipatzea. Goenkalez galdetuta bota zituen hiru puntu erantzunak bikainak izan ziren eta aita zenari hiru bertso hunkigarri kantatu zizkion kartzelan, doinu berri batean eta emozioari ezin eutsi ziola: "zure animoak faltan / hori neronen kaltian / jarri naiz txapelketak / dun azkeneko atian / ta aurrera pasatzeko / jarri naiz borondatian / hortako saiatuko naiz / nere ahalegin topian / nahiz eta ez zauden nerekin / hemen nagon bitartian / zu beti egongo zara / nere bertsuen artian". Hirugarren sailkatu zen Lizarralde igandean 455,5 punturekin eta zail izango du finalerako pasea. Hala ere, hurrengo saioetan zer gertatuko zain egon beharko du.
Hurrengo finalaurrekoa, Tolosan
Igandean, azaroaren 29an, Tolosako Usabalen jokatuko da bigarren finalaurrekoa. Oihana Iguaran izango da gure eskualdeko ordezkaria saioan eta bere ondoan izango ditu aurretik ere finala ezaguna duten Beñat Gaztelumendi, Unai Agirre eta Iñaki Apalategi eta finala ezagutu ez arren, esperientzi handikoak diren Beñat Lizaso eta Nerea Elustondo.
TOLOSALDEKO ATARIAk zuzenean eskainiko du datorren igandeko saioa Usabaletik. Bien bitartean, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren inguruko informazio guztia, asteazkenean, 20:00etan izango duzue Ataria Irratian.