Aitziber Ibarbia nagusi, Gurrutxaga bigarren

Andoni Uzkudun 2015ko aza. 22a, 18:05

91 parte hartzaile izan dira aurten Amasako Mendi Duatloian

Mendi lasterketako denboraldia amaitu ondoren, atsedenaldia tokatzen zitzaion Aitziber Ibarbiari. Eta horretan ari da. Baina atsedenaldi garaian ere, zizurkildarrak lasterketak irabazten jarraitzen du. Azkena, igandeko Amasako Mendi Duatloia. Azken lau edizioetan parte hartu du Ibarbiak, eta laurak irabazi ditu.

«Denboraldia amaitu ondoren bizikletari hautsak kendu eta pixka bat ibiltzen hasten naiz. Kuadrilla bat elkartzen gara, eta asteburuetan Euskal Herriko txokoak ezagutzen ditugu han eta hemengo probak eginaz. Ez dut uste horrek kalte egiten didanik. Erabateko atsedenaldia abenduko azken bi asteetan hartzen dut. Ondoren, denboraldia prestatzen hasten naiz, martxora begira», dio zizurkildarrak.

Ibarbiarentzat gakoa korrikan egon zen: «Hasieratik nahikoa abantaila hartu nuen, eta bizikleta hartzerakoan 5 minutuko tartea nuen bigarrenarekin. Lehen itzuliaren ondoren, abantaila mantentzen nuela ikusi nuen, eta hortik aurrera, izugarri gozatu nuen; gozatzeko garaia zela esan nion nire buruari».

Igandean ez zen giro Amasan: hotza eta proba amaieran euria. Ibilbidea arriskutsua jarri zen, eta Ibarbiaren esanetan, batez ere jaitsierak: «Hotz handia egiten zuen, eta azken minutuetan euria hasi zuen. Gogorra izan zen, baina batez ere ikusleentzat».

Eneko Gurrutxaga, gustura

Amasako mendi duatloia bertako gazteek antolatzen dute. Aurtengoa 23. edizioa izan da; nahiz eta Euskal Herriko Mendi Duatloiko zirkuituan duela bost urte sartu. Lasterketan 91 pertsona atera ziren. Eneko Gurrutxaga antolatzaile taldeko kidearen esanetan, «beste eguraldi bat egin izan balu, 120 inguru izango ginen». Hala eta guztiz ere gustura zegoen amasarra. Istripu handirik ez zen izan; larriena eroriko baten ondorioa izan zen, parte hartzaile batek bi hatz atera baitzituen. Ikusleen erantzuna ere ona izan zela dio Gurrutxagak.

Antolatzaile lanetan ibiltzeaz gain, Gurrutxagak mendi duatloia egin zuen, eta bigarren amaitu zuen: «Bizikletako zatia aprobetxatu nahi nuen aurrekoengana gerturatzeko; aurrera egin nuen, baina ez nahikoa». Amasako lehena, beraz, bera izan zen. Sari hori, ordea, Unai Artolari eman zioten, Gurrutxaga bestela ere podium-era igo zelako.

SAILKAPENAK

Gizonezkoak:

1. Julen Larruzea 1:17:35

2. Eneko Gurrutxaga 1:20:35

3. Liher Etxeberria 1:21:18

Emakumezkoak:

1. Aitziber Ibarbia 1:48:44

2. Zuriñe Frutos 1:58:18

3. Amagoia Legarra 2:09:54

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!