Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira eta testuinguru horren barruan antolatu ditu ekitaldiak Amasa-Villabonako Udalak.
Egitarauari hasiera emateko, azaroaren 24an, Berdura plazan kale antzerki-dantza emanaldia izango da, 19:30ean hasita. Ainhoa Alberdi antzezleak eta Eneko Balerdi dantzariak eskaniko dute, "Nirekin dantzatu nahi?" emanaldia.
Azaroaren 25ean, Amasa-Villabonako udaletxe aurrean elkarretaratzea egingo dute, 19:00etatik aurrera. Herritarrei ekimen honetan parte hartzeko deia egin die udalak.
Egitarauarekin amaitzeko, azaroaren 26an, 8 mikro-bertso saio eskainiko dira herrian zehar. 18:00etan Santiago Egoitzara joango dira bertsolariak eta 45 minutuko emanaldia eskainiko die egoitzako aiton-amonei. Ondoren, 19:00etatik aurrera, bi bertsolari ibiliko dira herriko zortzi taberna ezberdinetan 10 minutuko bertso emanaldiak eskainiz emakumeen aurkako indarkeria gai bezala hartuta.
Amasa-Villabonako Udalak, ekimenaren berri emateko bidalitako oharrean nabarmendu duenez, "jendea sentsibilizatzea ezinbestekoa da arazo honekin amaitzeko".