Amasako Jaiak 2015

Markel Uriarteren abileziek txunditu dute Amasa

Eneritz Maiz 2015eko azaroaren 14a

Amasan San Martin jaietan bete-betean sartuta daude, eta gaurkoan, txikienak izan dira goiztiarrenak.

Umeen krosa izan da goizeko lehen ekitaldia, eta haur asko bildu da Amasako plazan. Buruhandi eta erraldoien bisita ere jaso dute, baina aho zabalik utzi dituena Markel Uriarte izan da. Bizikleta gainean duen abilezia erakutsi du. Egur tronkoak, eskailerak, jauziak eta itzuliak. Trial erakustaldia eman du, eta haurrak batera eta bestera gustura ibili dira, Uriarteren erakustaldi bakoitzaren atzetik. Boluntarioak eskatu dituenean ere haur mordoa animatu da parte hartzera. Helduek ere gozatu dute, eta ez da txalo eta animorik falta izan.

Eguna luzea dute, ordea, amasarrek. Herri bazkaria, Olatz eta Estirekin euskal kantuak, eta bertso saio ederra, Asier Azpiroz, Alaia Martin, Agin Laburu eta Amaia Agirrekin. Bukatzeko, Triki ta ke taldearekin erromeria izango da.

BIHAR, AZAROAK 15

18:00. Herri kirol saioa. Amasako gazteak Lasturko gazteen aurka.

Ondoren. Martina sorginaren agurra.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!