Oinkari, belaunaldiz belaunaldi aurrekoa hobetzea xede

Jon Miranda Labaien 2015ko aza. 16a, 21:00

Ez dago erraza kontuak ateratzen. Kontaezina da, azken 40 urtetan, zenbat lagunek hartu duten parte dantza taldean. Kalkulu azkarra egin dute belaunaldi ezberdinetako taldekideek: Villabonan hamarretik zortzik izan du era bateko edo besteko harremana Oinkarirekin. Ia herri osoak.

Koska bat igotzen joan da urtez urte Oinkari dantza taldea. Inork gutxi pentsatuko zuen iritsi den mailara iritsiko zenik. 40 urteko ibilbidean egon dira gora beherak, baina bere ibilbidean beti egin nahi izan du ekarpen berri bat. Etorkizun-sena deitzen zaio horri.

Eneko Arteaga dantza taldean ibili da umetatik eta gaur egun, arduradun nagusi dabil: «2000ko hamarkadan jo zuen goia taldeak. 2003an etorri zen guregana Edu Muruamendiaraz dantzaria eta belaunaldi horretan aritu ziren dantzariek izugarrizko maila lortu zuten». Aparraldi horrek utzi du, ordea, hondoan arrastoa, «gaur egun prestatzen ditugun ikuskizunak profesionalagoak dira. Soldatapeko jendea dugu eszenako elementu guztiak nolakoak behar duten pentsatzen eta ikuskizun globala osatzen». 2013ko apirilean estreinatu zuen Itsasoaren emazteak da horren lekuko. Oinkari dantza taldeak, Hika Teatrok eta Pello Ramirezek moldatu zuten ekoizpena.

Burutik pasa ere ez zitzaien egingo horraino iritsiko zirenik, 1975eko azaroaren 20an Villabonako Zentroaren gaineko «La Sala» deitzen zitzaion gazte lokalean bildu ziren gazteei. «14-15 urte izango genituen guk eta egun hartan jakinarazi zuten Franco hil zela -auskalo zenbat denbora zeraman hilda-; pentsa dezakezunez, beste konturik ez genuen izan arratsalde hartan», aitortu du Agustin Laskorain garai hartan taldeko kide izandakoak.

Belaunaldi hartako kide da, baita ere, Maite Barandiaran: «Zatorran egiten genituen entseguak eta dantzalekua izandakoa izaki, zorua malda behera zegoen. Hala ere, gure ahalegintxoa egiten genuen». Garaiko neska-mutil asko ibili ziren taldean eta tartean, gaur egun ezagunak diren pertsonak ere bai: «Txistua jotzera Joseba Egibar etortzen zitzaigun Andoaindik», dio Laskorainek. Oinkarin egindako harremanaren ondorioz, bikoteak ere osatu ziren: «Zazpi matrimonio atera ziren taldetik».

Laskorainek gogoan dauka 1976an, Euskal asmoa izenarekin antolatzen zen kultur hamabostaldia. Herriko talde askok hartzen zuen parte antolaketan eta tartean zeuden Oinkarikoak: «Ekitaldi ugari antolatu ziren eta hamabostaldiaren ikurrarekin kamisetak atera genituen. Etxeondok ateratako aurrenekoak izan ziren, oker ez banago». Beste garai batzuk ziren eta diru falta medio, astero 25 pezetako kuota ordaintzen zuen taldeko partaide bakoitzak. Hori izan zen, hasiera hartan, taldearen diru iturri nagusia.

Urte gutxitan lan handia egin zuten lehen belaunaldikoek, baina 1983ko abuztuaren 24an izandako uholdeek etenaldia ekarri zien Barandiaranek gogoratzen duenez: "Udaletxeko sotoan geneuzkan dantzarako jantziak eta beharrezko materialak. Garai hartan ez geneukan ez segururik eta ez ezer eta dena galdu genuen». «Ezpatak bakarrik salbatu ziren», dio ondotik Laskorainek.

Oinkari dantza taldeak jarraitu zuen hurrengo urteetan, baina erritmo motelagoan. Dantza eskolak ematen jarraitu zuten eta garaiko ume askok eman zuten izena. Han hasi ziren, Iratxe Bidaola eta Alaitz Bergara. «Kultur etxeko ikastaroetatik dantza taldera egin genuen salto. Txikitan egiten genuenarekin alderatuta, bestelakoa zen taldean ibiltzea. Orduan hasi ginen entseguak serio hartzen. Beroketak, luzaketak... egiten genituen, gogor hartu genuen». Neskak eta mutilak animatzen ziren dantzara eta 20 bikote inguru ibili ziren urte haietan Oinkarin.


Bidaolak definitu du orduan egin zuten saltoa: «Plazatik ikuskizunetara egin zuen urratsa gure belaunaldiak. Guretzako lehen aldia zen oholtza baten gainean, fokupean, musikaren laguntzaz propio prestatutako koreografiak egiten genituela». 1992. urtea zen eta lehen aldiz antolatu zuten Villabonan lehen Iñude eta Artzainen konpartsa. Laskorainen esanetan, «Joselu Iturzaeta izan zen jai horren antolatzaile nagusia. Guretzako dena zen Joselu eta tamalez, urte hartan joan egin zitzaigun. 1993ko haren omenez antolatu genuen festa».

Beti asmo handitan murgildu izan da taldea. «Inkontziente samarrak izan gara», aitortu du Arteagak, «ur handitan sartu izan gara baina beti atera gara salbu». Bulkada hori eskertu diote taldekideek Arteagari. Hirugarren belaunaldiko Zuriñe Villa eta Oier Labordek horrela aitortu dute: «Enekok gauza baterako edo besterako hots egin eta beti egon izan gara prest. Askotan jakin gabe oso ondo zertara gindoazen, baina epe luzera ikusi dugu ezer ez zela kasualitatea eta momentu horretan hor egon behar genuela».

Taldekideen arteko harreman ona nabarmendu dute hirugarren belaunaldiko kideek: «Guretzako ostiral iluntzeak ez ziren existitzen, bagenekien entsegua geneukala eta besterik ez genuen izaten buruan. Haserrealdiak ere izaten genituen, baina egia da lagun handiak egin ditugula taldean». Diziplina gogorreko garaia izan zen 2003. urtetik aurrerakoa. Edu Muruamendiaraz etorri zitzaien irakasle eta taldeak inoizko mailarik onena lortu zuen.

Oinkarin ez dute inoiz eztabaida handirik izan dantza tradizionaletik modernorako trantsizioarekin. Arteagak azaldu duenez, «garai batean saiatzen ginen portzentajeak zehazten, ikuskizun bakoitzero zenbat tradizional eta zenbat moderno, baina gaur egun bereizketa horrek ez du zentzurik». Gogo onez hartu zituen jendeak koreografia berriak eta polemikarik ez dute sumatu bazterretan, garaiak aldatuz baitoaz.

Hain justu, izen hori zeraman Oinkarik 2003an estreinatu zuen ikuskizunak, Garaiak aldatuz doaz. Hirugarren belaunaldia hasi berria zela prestatu zuten emanaldia eta han ikusitakoarekin liluratuta gerturatu ziren dantzari berriak, Laborde kasu: «Nik emanaldi horretan ikusi nituen lagunak eta argi izan nuen nik ere berdina egin nahi nuela». Izena eman eta buru-belarri sartu zen taldean.

Zuriñe Villak ere gogoan du garai hura: «Dantza eskolan ibili ondoren helduen taldea deitzen genion horretan ez zebilen jende asko. Gu sartu ginen eta Oinkarik abiada handia hartu zuen. Orduan hasi ginen bidaiatzen». Hungaria, Frantzia, Holanda, Danimarkan izan dira taldekideak: «Bidaia horiek estutu egiten dute taldekideen arteko harremana eta konturatzen zara gogor lan egin beharra dagoela. Parranda bai, baina gero goizero jaiki behar izaten genuen entseguetarako».

Aldi hartakoak dira Oroituz (2005) eta Aspaldikotik (2007) ikuskizunak. Alazne Gurrutxaga taldeko kideak azaldu du emanaldi horien bilakaera: «Dantzen bilduma bat eskaintzetik, bere horretan zerbait kontatzen duten emanaldiak prestatzera pasa ginen. Osotasun hori emateko, herriko musikariak gonbidatu genituen taula gainera eta kolaborazioak eskatu genizkien idazleei edota aktoreei off ahotsak egiteko».


Eneko Arteagak laburbildu duen bezala, «aurreko emanaldi horietako energia jaso, esperientziak bildu eta beste salto bat eman genuen segidan. Dagoeneko dantza emanaldiak baino gehiago, sorkuntza maila izango zuten ikuskizunak prestatzen hasi ginen. Gaur egun dantza dago erdigunean baina beste elementu askorekin jokatzen dugu». Bide horretan topo egin zuten Hika Teatro taldeko Agurtzane Intxaurragarekin eta Pello Ramirez musikariarekin. Haien arteko elkarlanaren emaitza da, 2013an estreinatu zuten Itsasoaren emazteak.

Bide beretik hasi zuten Korrontzi taldearekin duten kolaborazioa. «Bi- hiru dantzetan lagunduko genien eskatu ziguten aurrena eta hari horretatik tiraka sendotu egin da gure arteko harremana. Gaur egun Tradition 2.0 emanaldia eskaintzen dugu elkarrekin», dio Arteagak.

Munduan zehar, folklore jaialdietan parte hartzeko aukera eman die Korrontzirekin batera aritzeak. «Gu herrikoak gara eta ondo pasatzearren hasi ginen dantzan eta bat batean, horrelakoetan artista bezala sentiarazi gaituzte. Guretzako kamerinoak izan ditugu, promozio birak egiten ditugu eta elkarrizketak egin dizkigute medio diferenteetan». Sona bat lortu dute dantza konpainien artean eta horretaz jabetuta, Igor Yebra dantzari handiarekin aritzeko aukera ere izan dute.

Eta tonto-tonto, Franco hil zen egunean lehenengo aldiz Villabonako Zentroan bildu zen dantza talde horrek puntako emaitzak eman ditu. «Horrek ematen dit poztasunik handiena», dio Arteagak, «gurekin taldean hasitako gazte batzuk, orain, profesionalki dantzatik bizi daitezkeela. Aukera hori badutela ikusteak, egindako bideak merezi duela erakusten du».

Gaur egun 200 ume baino gehiago dabil dantza eskolan eta liluratuta begiratzen diete garai bateko emanaldietako bideoei. Bertan agertzen diren dantzariak bezalakoak izan nahi dute handitan. Oinkarik hazteko eta bidea egiteko aukera emango die, beste 40 urtez, gutxienez.

IKASITAKOA ERAKUTSI ETA IKASTEN JARRAITZEKO EKITALDIAK

«Ekitaldiak antolatzerako orduan, aurreko urteurrenetako egitura aldatu dugu eta ikastaro eta tailerrei eman nahi izan diegu garrantzia», aipatu du Eneko Arteagak. Dantza taldea eta aldi berean, ikasteko espazio bat ere bada Oinkari, taldeko kideek nabarmendu dutenez.

Eneko Gil irakasleak, hurrengo asteartean emango du Dantza familian tailerra. Jolas eta parte hartze ariketen bitartez, familia dantzara gerturatzea helburu duen egitasmoa da. Hiru eta zazpi urteko bitarteko haurrei zuzendua da eta ezinbestekoa da, gutxienez, egitasmoan parte hartuko duen heldu batekin lagunduta joatea. «Lehen saioa beteko balitz, bigarren bat ere antolatuko dugu, 18:30ean».

Dantza garaikideko entsegu ireki bat egingo dute asteazkenean. Ikastolako ganbaran izango da 17:30ean eta ordubete iraungo du. Eneko Gilek emango du baita ere eta «izen emateak martxa onean doaz, hortaz, bigarren saio bat antolatuko dugu ziurrena».

Agurtzane Intxaurragarekin lanean jardun du azken urteetan Oinkari dantza taldeak. Dantzaren dramatizazio ikastaroa eskainiko du, ostegunean, 13 eta 15 urte arteko haurrei zuzenduta. «Etorkizunean prestatu beharko dituzten emanaldiak nondik nora doazen jakiteko balioko die saio horrek», aipatu du Arteagak.

Urteurrenaren egunean, ostiralean, azaroaren 20ean, Olaederra kiroldegian egingo dute ekitaldi nagusia: 40 urte dantzan. 22:30ean hasiko da emanaldia eta Oinkariko dantzari eta dantzari ohiek elkarrekin prestaturiko ikuskizuna izango da. Arteagak azaldu du: «Bost belaunaldietako dantzariak bilduko dira, ehunetik gora. Taldea sortu zuten haiek, erdiko trantsizio bidea egin zutenak, 2003tik aurrerako gazteek osatutakoa belaunaldia, gaur egungoak eta etorkizunekoak bilduko dira».

800 laguneko aforoa du Olaederrak eta aurreikusten dutenez lepo beteko da kiroldegia. Sarrerak bost euroan daude salgai Amasa kafetegian eta baita www.kutxasarrerak.com helbidean ere. ETBrekin akordioa ere egin dute eta Eguberrietan telebistaz botako dute emanaldia.

Egunotan ari dira belaunaldi ezberdinetako dantzariak entseguak egiten. Ikastolako Txermingo egoitzako ganbaran txanda hartu ezinik, bata bestearen segidan ari dira dantzak prestatzen. «Guretzat esanguratsuenak diren dantzak aukeratu ditugu, esanahai berezia dutenak. Gainera, dantza horietan bakoitzak zuen posizioa errespetatu nahi izan dugu. Garai batean egiten genuen bezalaxe egingo dugu», dio Oier Labordek. Hirugarren belaunaldiak, Euskara Plazara, Errenkan, Amaya ezpata dantza eta Bok Espok eskainiko ditu.

Belaunaldi zaharrenekoek, muxikoak eta Lapurdiko polkak aukeratu dituzte. «Polita da berriz elkartzea eta entseguak egitea. Guk ahal duguna egingo dugu, borondaterik handiena jarriko dugu». Barrez aitortzen dute, ez dutela zangoa gaztetan bezain altu altxatuko.

Tarteko belaunalditakoek Boga boga, Kaxarranka, Gipuzkoako brokel dantza, Iribasko ingurutxoa eta Eltziegoko dantzak eskainiko dituzte. «Neska eta mutilak animatu gara dantzarako eta ilusio handia egin digu berriz ere elkartzeak. Ostiraleko emanaldi horri begira, urduritasun puntu bat ere badugu». Gaur egungo belaunaldikoek, aktibo daudenek, Eihera, Berastegiko dantzak, Maltzeta, Sagar dantza, Portusalda eta Zuberoako dantzak prestatu dituzte, besteak beste. Denek elkarrekin dantzatuko dituzte, fandango eta arin-arina.

Ostiraleko emanaldiko tentsioak pasa ondoren, azaroaren 21a festarako baliatuko dute Oinkarikoek. Dantzari txikien emanaldia izango da goizean eta hamaiketakoa, gero, Malkar plazan. Tio Teronen semeak ikuskizuna izango da 13:00etan eta eguerdian, bazkari herrikoia antolatu dute Aburuza sagardotegian. «250-280 lagun inguru biltzeko asmoa dugu bazkarian. Oinkariko kideak, kide izandakoak, senitartekoak, lagunak, ingurukoak... guztiak daude gonbidatuta», dio Arteagak. Festa borobiltzeko, Lizartzako Isk&Bila txarangak kalejira egingo du Villabonako kaleetan zehar.

Herriko eragileei, eskerrak

Amasa-Villabonako Udala izan da ekitaldi hauen laguntzaile nagusia. Iban Agirre alkateak aitortu dio herriko dantza taldeari egiten duen lana: «Eskertuta gaude, ez bakarrik dantza garaikidea eta euskal dantza tradizionala uztartuz azken urteotan lortu dituen arrakastengatik, baizik eta Oinkari dantza eskolak haur eta gazteekin egiten duen lan handiagatik. Oinkari, eskola izan da herritar askorentzat 40 urte hauetan: euskal dantzan trebatu ez ezik, pertsona hobeak izaten lagundu die Oinkari dantza taldeak. Horregatik, Villabonako udal ordezkariak Oinkariren ondoan egongo gara datozen egunetan izango diren ekitaldi garrantzitsuetan».

Amasa-Villabonako Udalak eta Kultura sailak bereziki baliabide ekonomikoak eta materialak jarriko ditu Oinkariren eskura, 40. urteurrena ospatzeko prestatu dituzten ekintzak aurrera eramateko. Era berean, aurrerantzean ere Oinkari laguntzen jarraitu nahi du; alkateak aipatu duenez, «dantza taldearekin harremanetan ari gara, 2016 urterako lankidetza hitzarmena izenpetzeko».


Urteurreneko ekitaldiak aurrera eramateko aurreikusitakoa baino laguntza gutxiago izan du, ordea, Oinkari dantza taldeak eta herritarrengana jo dute horretarako: «Dantza taldeak duen urte bakoitza salgai jarri dugu eta azkenean, 40 beharrean 80 urte saldu ditugu. 2061. urtera arteko babesa jaso dugu, eta beraz, ordura arte jarraitzeko konpromisoa hartu beharko dugu. Etorkizuna seguru dugu», azaldu du Arteagak. Herriko komertzio, elkarte, enpresa eta ikastetxeek jarri dute beren hondar alea urteurreneko ekitaldiak aurrera ateratzeko.

Alazne Gurrutxaga eta Zuriñe Villa dantza taldeko kideek nabarmendu dutenez, «herrian errotuta dagoen taldea da gurea, ikusi besterik ez dago zer nolako babesa jaso dugun. Urteetan taldeak herriari emandakoa bueltan etorri zaigu».

EGITARAUA

AZAROAK 17 ASTEARTEA (17:30-18:30) IKASTOLAKO GANBARA

Dantza familian tailerra: jolas eta parte hartze ariketen bitartez, familia dantzara gerturatzea helburu duen egitasmoa. 3 eta 7 urte bitarteko haurrei zuzendua. Ezinbestekoa da egitasmoan parte hartuko duen heldu batekin gutxienez lagunduta joatea.

· Irakaslea: Eneko Gil.

· Kostua: Doan.

· Izen ematea: harremanak@oinkari.eus edo 660139380.

Oharrak: Lehen saioa beteko balitz, bigarren bat antolatuko da 18:30ean. Oinkarikoak ez diren dantzariek ere parte har dezakete.

AZAROAK 18 ASTEAZKENA (17:30-18:30) IKASTOLAKO GANBARA

Dantza garaikideko entsegu irekia: Dantza garaikidea ezagutzeko entsegua. 8-12 urte bitarteko haurrei zuzendua.

· Irakaslea: Eneko Gil.

· Kostua: Doan.

· Izenematea: harremanak@oinkari.eus edo 660139380.

Oharrak: Lehen saioa beteko balitz, bigarren bat antolatuko da 18:30ean. Oinkarikoak ez diren dantzariek ere parte har dezakete.

AZAROAK 19 OSTEGUNA (17:30-19:00) IKASTOLAKO GANBARA

Dantza eta antzerkiaren uztarketa: Dantzaren dramatizazio ikastaroa. 13-15 urte bitarteko haurrei zuzendua.

· Irakaslea: Agurtzane Intxaurraga (Hika Teatroa)

· Kostua: Doan.

· Izenematea: harremanak@oinkari.eus edo 660139380

Oharrak: Lehen saioa beteko balitz, bigarren bat antolatuko da 19:00etan. Oinkarikoak ez diren dantzariek ere parte har dezakete.

AZAROAK 20 OSTIRALA (22:30) OLAEDERRA KIROLDEGIA

Dantza emanaldia: 40 urte dantzan ikuskizuna. Oinkariko dantzari eta dantzari ohiek elkarrekin prestaturiko ikuskizuna. Sarrerak salgai (5 €), Amasa Kafetegian eta www.kutxasarrerak.com helbidean.

AZAROAK 21 LARUNBATA

11:00. Oinkariko dantzari txikien emanaldia herriko kaleetan zehar.

12:30. Oinkariko dantzari txikien hamaiketakoa Malkar plazan.

13:00. Dantza emanaldia Malkar Plazan: Tio Teronen semeak ikuskizuna. Doan.

14:30. 40 urte dantzan, bazkari herrikoia Aburuza Sagardotegian.

20:30. Isk&bila txarangarekin kalejira Iru Aldeta tabernatik abiatuta.

Oharra bazkaria: Dantzari, dantzari ohi eta gurekin ospatu nahi duten herritar guztiei zuzendua dago. Tiketak salgai Amasa Kafetegian (bazkaria + autobusa, 25 €).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!