Garaikurrak badu etxea

Mikel Iraola 2015ko aza. 5a, 19:26

Lierni Kamio billabonatarrak eta Iker Sanz lezotarrak urrian irabazi zuten 39. Euskal Herriko Dantza Txapelketa. Garaikurra Amasa-Villabonako udaletxean izango da aurten, eta alkateak harrera egin die.

Iban Agirre Amasa-Villabonako alkateak udaletxeko pleno aretoan hartu ditu bi txapeldunak, eta herritar guztien izenean esker ona eta zorionak helarazi dizkie Kamio eta Sanzi: "Eskerrik asko bihotz bihotzez Euskal Herri guztian zehar Villabona ezagutzera emateagatik. Jarraitu orain arte bezala, ziur nago ez dela lortuko duzuen sarri bakarra izango eta". Esker ona adierazte aldera, udalak lore sorta bana oparitu die dantzariei.

Nestor Basterretxeak sortutako eskultura, berriz, udaletxean izango da urtebetez. Pentsatu dute jada kokalekua: pleno aretoan izango da. "Udaletxeko espazio nagusia edo garrantzitsuena da pleno aretoa, eta apal batean jarriko dugu" azaldu du Agirrek.

Pozik jarraitzen dute oraindik Kamiok eta Sanzek: "Amets bat errealitate bihurtzeko aukera izan genuen, eta oso pozik gaude lortutakoagatik. Oraindik zoriontzen gaituzte" azaldu du azken honek.

Aurrera jarraitzeko ere indarrak dituzte. Basterretxearen eskultura bereganatzeko aukerak ere badituztela diote: "Orain arte egindako lanari jarraipena emanez gero, hiru aldiz irabazteko aukera izango daukagula uste dut" azaldu du Kamiok.

Bi dantzarien amak eta Sanzen amona ere pleno aretoan izan dira, harrera ekitaldia gertutik jarraitzen eta argazkia ateratzeko aukera ere ez dute galdu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!