Eresargi abesbatzak hasi du ikasturtea

Jon Miranda Labaien 2015ko urr. 28a, 11:54

Astelehen eta asteazkenetan, 20:00etatik 21:30ra izaten dira entseguak

Ohiko obrekin batera, bi berri estreinatuko ditu Eresargi abesbatzak Eguberrietan eskainiko duen emanaldian: Entzun Meltxor eta Hiru errege ziran. Bi obrak Jose Ignazio Ansorenak moldatuak dira eta bigarrena, 2008an Tomas Arrastoari jasoa da. Eresargiko zuzendari Juan Mari Iparragirreren hitzetan, «bere garaian Villabonako bandako zuzendari izandakoak, Luis Oharritxenak sortua da Hiru errege ziran».

Urtean zehar emanaldi ugari eskaintzen ditu Eresargik, baina Sofia Quilez abesbatzako kideak dionez, «hiru dira nagusiak: aste santuan eskaintzen duguna, Santiotakoa eta oraingoa, Gabonetakoa». Eguberri egunaren aurreko larunbatean eskaini ohi dute Villabonako elizan eta dagoeneko hasi dituzte emanaldia prestatzeko entseguak.

Astelehen eta asteartetan Villabonako Musika Eskolan bildu ohi dira abesbatzako kideak iluntzeko 20:00etatik aurrera. Lehen asteotan, gizonezko eta emakumezko ahotsek bananduta ikasiko dituzte obra berriak eta data gerturatu ahala elkarrekin egingo dituzte entsegu bateratuak. «Aurrena obra ikasi eta ahotsak elkarrekin ondo josi behar dira. Emakumeok dugu lanik errazena, guk eramaten baitugu melodia», dio Quilezek.

23 lagun biltzen dira, gaur egun, Eresargi abesbatzan, baina jende gehiago ere jasoko lukete Iparragirrek esan duenez: «Gizonezko ahotsen artean gehienak baxuak dira, eta tenor gutxi dauzkagu, eskertuko genuke jendea animatuko balitz parte hartzera» .

«Jendeak uste izaten du ahots ona eduki edo musika jakin beharra dagoela abesbatzan aritzeko, baina ez da egia», esan du Quilezek. Eresargin urteak daramatzaten kideek nabarmendu dutenez, «urteen poderioz partiturak irakurtzen ikasten da, garrantzizkoena belarri ona edukitzea da».

Eresargik 1985ean eskaini zituen lehen emanaldiak. Orduko hiruzpalau lagunek baino ez dute jarraitzen eta kide berriak batu dira 30 urteko ibilian. Gerturatu zaien azkenak, aurreko astelehenean izan zuen lehenengo entsegua.

«Zaila izaten da jende berria gerturatzea, pixkanaka galtzen ari baita euskaldunok hain gurea dugun kanturako ohitura», dio Iparragirrek. «Ahalegin handiagoa egin beharko litzateke umeei kantuan erakusteko. Ongi dago instrumentuak ikastea, baina gure berezko instrumentua ahotsa da eta erakutsi beharko litzateke erabiltzen».

Asmo horrekin, Gaboneratako musika tailerra antolatu dute Villabonan. Klara Mendizabal eta Xabi Urtasunek eramango dute 9 eta 13 urte arteko umeentzat. Abenduaren 21etik 31ra izango da, goizez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!