Laidoek paretetan irauten dutenean

Jon Miranda 2015ko urr. 28a, 10:00

Oroimen historikoa lantzen duen Aritza kultur elkarteak oraindik ere herrian dagoen sinbologia frankista katalogatu eta identifikatu du. 2007ko memoria historikoaren legea egikaritu eta sinbologia hori guztia ezabatzeko eskatu dio Amasa-Villabonako udal gobernuari

Bost urtetik hona Aritza kultur elkartea, Amasa-Villabonan lekututa, 36ko gerra eta ondoren 40 urte iraun zituen diktadura ikertzen aritu da. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Amasa-Villabonako Udalaren laguntzarekin bi liburu, webgune bat (www.amasavillabonaoroitzen.net) eta hainbat jardunaldi antolatu ditu. Gipuzkoan aitzindaria izan da Aritza, neurri horretako elkartea izanik, era horretako lanak egiten.

Frankismoak eta diktadurak utzitako arrastoak Amasa-Villabonako kaleetan jarraitzen dute. Elkarteko kideen esanetan, «erregimen faxistak izan zuen iruditeria eta sinbologia bizirik mantentzen da gure herrian».

Herrian identifikatu dituzten sinboloak, osotara 15 dira eta etxe atarietan kokatuta daude. Falangearen sinbologia agertzen da plaka horietan: «Gure ustez, 29 pertsonen heriotza eta beste hainbat sarraski eragin zituen diktaduraren arrastoak gaur egun mantentzea lekuz kanpo dago». Horregatik sinbolo horiek ezabatzeko eskaera egin dio elkarteak Amasa-Villabonako udal gobernuari. Dagoeneko Aritza kultur elkarteak erregistroan sarrera eman dio eskaerari.

36ko gerrak iraun zuen bitartean, 50 pertsona hil ziren Amasa-Villabonan. Horietatik 29, errepublikazaleak eta abertzaleak ziren eta 21, aldiz, Francoren alde borrokatu zirenak. Herriko elkartearen ustetan, «gerraren ondorioz ahaztuak eta baztertuak izan ziren herritarrei aitortza egin behar zaie, omendu eta gogoratu, baina horrekin batera egindako mina erreparatu behar da».

Frankismoarekin zerikusia duen sinbologia katalogatu eta identifikatu du Aritza kultur elkarteak eta 2007an Espainiako Kongresuak onartu zuen memoria historikoaren legea egikaritzeko eskatu dio udalari. Lege ebazpenaren 15. artikuluan zehatz-mehatz adierazten da, frankismoarekin zerikusia duen sinbologia, irudi eta monumentu oro ezabatzeko konpromisoa: gerra zibilaren eta diktaduraren errepresioaren ezkutuak, intsigniak, plaka eta gorespen pertsonal edo kolektiboko bestelako objektuak edo oroitzapenezko aipamenak kentzea eskatzen die Administrazio Publikoei, hori egiteko eskumena badute.

Aritza kultur elkarteak etxe atarietan topatu ditu sinbolo frankistak. Falangearen sinboloak dira gehienak: Ministerio de la vivienda. Instituto Nacional de la Vivienda. Edificio construido al amparo del régimen de viviendas de Protección Oficial leloa eta Falangearen geziak agertzen dira plaketan.

Erregimen frankista sendotzeko arkitekturak garrantzi handia izan zuen. Etxebizitzek funtsezko tokia hartu zituen estatu berriaren eraketan eta horretarako gobernuak Espainiako Etxebizitza Erakundea sortu zuen. Horrez gain, Etxebizitzaren Obra Sindikala eratu zuen, FET eta JONSen menpekoa. Erakunde hauek hirien hazkunde fisikoa kontrolatu eta etxebizitza politikarekin gizarte eredu jakin bat bultzatu nahi izan zuten.

50eko hamarkadatik aurrera Euskal Herrian asko bizkortu zen etxebizitzen eraikuntza. «Espainiako Etxebizitzaren Erakundeak ez zuen eraginkortasun handirik izan hirigintza hazkundearen gainean eduki nahi zuen kontrolean, baina hala ere, nahiz eta etxebizitzak ekimen pribatuz egin, erakundearen ikurdun plakak jartzera behartzen zituzten. Propaganda ofiziala zabaltzen laguntzen zuen horrek, frankismoaren konpromiso soziala goretsiz».

96 etxebizitza 7 bloketan

Francok bere agintaldian sindikatu bakarra baimendu zuen, Organización Sindical Española edo Sindicato Vertical izenez ezagunagoa zena. Langile zein enpresari guztiak behartuak zeuden, legez, aipatutako sindikatuan izen ematera. Besteak beste, etxebizitza ekimenak sustatzen zituzten sindikatuaren bitartez. 1955ean Gipuzkoako Antolakunde -Sindikalak etxeak sustatu zituen Villabonan eta elizaren ondoko lursailak aukeratu zituzten horretarako. 96 etxebizitza, 7 bloketan antolatuta. 7 milioiko aurrekontua izan zuen egitasmoak eta Jesus Alustiza arkitektoak garatu zuen.

Amasa-Villabonako Udalak jarraipen zehatza egin zion proiektuari. Godofredo Barbe zen alkate, eta FET eta JONSeko idazkari. Herritar askok eman zuten izena etxebizitza jabetzan eskuratzeko eta kontrol zorrotza egin zitzaien: «Herritar askori, zer esanik ez abertzaleak edota errepublikazaleak zirenei, asko kosta zitzaien aukera hori izatea. Batzuk lortu zuten, baino beste askok ez. Falangearen eta sindikatuaren Villabonako arduradunek zerrendak osatu zituzten etxeak nork eskuratu zitzakeen eta nork ez esanez».

Mausoleo egitasmoa

Francoren alde borrokatu ziren billabonatarren omenez mausolea eraiki nahi izan zuten herrian. Kokalekua ere zehaztuta zegoen: junto a la magnífica iglesia de Amasa y dominando el valle de Oria... La idea de perpetuar la memoria de los voluntarios de Villabona que murieron por Dios y por España en la cruzada de 1936 - 1939... Bi egitasmo egin zituzten 1941ean eta 1943an. Aritzakoek ez dakite zergatik ez zen azkenean mausoleoa egin: «Handiagoa egitea ere aztertu zuten. Arrazoi ekonomikoak tartean zirela ziur gaude, eta horren epe laburrean Villabonak hainbat alkate izanak ere izango du zerikusia ez egitean».

Tercio Oriamendi izenetik Oriamendira

Tercio Oriamendi 1936an sortu zen Donostian. Gerrarako Junta Karlistaren ekimenez antolatu zen eta Gipuzkoa osoko pertsonez osatua zen. Erreketeen unitate berezienetakoa izan zen, beste unitateak herri bereko pertsonez osatzen baitziren Francoren alde gerran aritzeko batailoilak. Erreketeen ereserkiak ere izen bera zuen.

1955. urtean Gipuzkoako Antolakunde Sindikalak 96 etxebizitza sustatu zituen Villabonan eta auzuneak Tercio Oriamendi izena hartu zuen.

1987. urtean Herri Batasuna alderdiak auzunearentzat izen berria proposatu zuen: Gernika, bakearen sinbolo gisa eta 36ko gerrako biktimak gogoan hartzeko. Euskadiko Ezkerrak zuen alkatetza eta alderdi horretako lau zinegotziek, Eusko Alkartasunako hiruk eta EAJko bakarrak izen aldaketaren kontra bozkatu zuen. Euskadiko Ezkerrak, ordea, Oriamendi izendatzea proposatu zuen , Tercio hitza kenduta. Oriamendiko auzuneko bizilagunen artean inkesta egin zuten bizilagunei galdetzeko.

50 pertsonek eman zuten bere iritzia eta gehiengoa Oriamendi deitzearen alde agertu zen; 22 Gernika izendapena hobetsi zuten eta bederatzik Tercio Oriamendi izena mantentzearekin konforme agertu ziren. Galdeketa horretatik ateratako emaitzak hobetsi ziren eta Oriamendi izenez ezagutzen da auzunea ordutik. Herri Batasuna inkesta herri osora zabaltzearen alde agertu zen eta zalantzak agertu zituen galdeketa egiteko moduaz.

Aztarnak

Plakak. Arroa auzoko 20 eta 23 zenbakietan; Kale Berriko 21 A eta 21 B ateetan; Larrea Auzoko 2 A, 2 B, 3 A, 17 A eta 17 C ateetan.

· Babes ofizialeko etxeen plaka. Ministerio de la vivienda leloarekin, Falangeko geziak ditu.

Zementuzko plakak. Oriamendi auzoko 3, 4, 5,. 6, 9 eta 10 zenbakietan.

· Sindicato Verticalen harmarria dago zementuan zizelkatuta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!