«Edukia ikasi, zentzua topatu eta aplikatzen jakin behar du ikasleak»

Jon Miranda 2015ko urr. 28a, 09:18

Zubimusu Ikastolak abian du EKI izeneko proiektua. Ezagupen akademikoa eskuratzetik harago doan sistema da eta bizitzarako konpetentzien garapena lortzea du helburu. Guraso eta herritarrentzat, gaur, hitzaldia eskainiko dute Ikastolen Elkarteko kideek, Subijana etxean, 18:00etan hasita. Manu Aurrekoetxea izango da hizlarietako bat.

Zertarako antolatu duzue gaurko hitzaldia?

Hezkuntzan berrikuntza nondik nora doan erakusteko. Munduan, Europan zein erreferente dauzkagun eta hezkuntza munduan berrikuntzak nondik nora doazen azalduko dugu.Uste dugu, gaur egun, hezkuntza gai garrantzitsua dela, etorkizuneko belaunaldiak nola hezi baitago jokoan.

Zer da Eki proiektua?

Badaramatzagu lau urte metodologia hau lantzen. Konpetentzietan oinarritutako hezkuntzari buelta asko eman dizkiogu; edukiak nola landu eta konpetentzia digitalak ikastetxeetan zein leku izan behar duen hausnartu dugu. Ondorio garbia atera dugu: gure gazteek edukia ikasi behar dute, baina bereziki zentzua topatu behar diote ikasten duten horri eta gaitasuna izan behar dute ikasten duten hori euren eguneroko errealitatean erabiltzeko.

Hori nola islatzen da ikasgelan?

Ikasleari adina eta testuinguruaren araberako egoera ezberdinak planteatzen dizkiogu. Arloz arlo ikasleak aurre egin behar die egoera horiei. Adibidez, matematikako ikasgaian ikasten dituzten oinarriak euren eguneroko erosketetan erabiltzen jakin behar dute. Frogatu behar dute planteatzen zaizkien egoera horiek gainditzeko gai direla.

Gaur egun, gehiegi begiratzen zaie emaitza akademikoei?

Emaitza akademikoak ere garrantzitsuak dira. Ez dugu hori saihestu nahi. Beharrezkoak dira emaitzak eta emaitza akademikoa da, adibidez, ikasi dudana hemen eta orain erabiltzen jakitea. Ikasten egiten dugun ahaleginak balio dezala gauza konkretuetarako.

Zein mailatan erabiltzen dute metodologia hau?

DBH1en hasi ginen eta lehen promozioa DBHko hirugarren mailan ari da, dagoeneko. DBHko lehen eta bigarren mailan sei ikasgaietan erabiltzen da, nagusiki, eta zazpitan hirugarren mailan. Edizio mundura bideratuta doazen ikasgaiak dira baina beste arloetara ere ari gara eredu hori zabaltzen.

Berrikuntza metodologian eta baita ere ikasmaterialean...

Ez da ohiko paperezko liburua erabiltzen. Ikasleek ordenagailu bidez sarbidea dute material horretara eta han egiten dute lanketa. Euren bizimoduan ohiko tresna bihurtzen da ordenagailua. Zubimusun, esaterako, DBHko hirugarren mailako ikasleek Chromebook edo ordenagailu eramangarriak erabiltzen dituzte.

Zein jarrera dute gurasoek horrelako berrikuntzen aurrean?

Edozein berrikuntzaren aurrean, beharrezkoa da egokitzapen fase bat. Bakoitzak buruan duen eredua, berak ezagutzen duena, bere garaikoa hobesten du. Gizartean hainbat arlotan ematen dira aldaketa izugarriak. Hezkuntzan ere berdina gertatzen da: aldaketa horietako batzuk halabeharrez datoz baina guk badugu berritzeko eta hobetzeko gogo bat. Borondate horren emaitza da Eki proiektua. Gurasoek jakin behar dute ondo pentsatutako, landutako eta esperimentatutako metodologia dela. Ongi egindako lanean konfiantza izatea eskatzen diegu.

Non aplikatu duzue Eki proiektua?

Ikastolen Elkarteko bazkide diren ikastoletan, EAEn eta Nafarroan; guztietan ari dira proiektu gauzatzen. Eta ez bakarrik ikastoletan, zenbait zentro publiko eta pribatuetan ere ari dira metodologi honekin lanean. Perspektiba irekia da gurea. Guk euskal kurrikuluma definitu genuenean gizartearekiko konpromiso bat hartu genuen. Hau da gure ekarpena belaunaldi berriak euskaldun oso izan daitezen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!