Amasak 400 urte: "Inork ezin uka herri nortasuna"

Mikel Iraola 2015ko urr. 24a, 19:24

Amasa Tolosatik banandu zela 400 urte bete dira aurten. Urteurren horren harira ospakizun eguna izan da gaur.

"Batzen gaituen bizimodu bat". Hori da Amasa, bertako bizilagunentzat. Gaur, ordea, Tolosatik banandu zeneko 400. urteurrenak batu ditu amasar gehienak, garaiko sinadura hura "berritu" eta ospatzeko.

Horretarako, emanaldi berezia prestatu dute, eta ia 100 pertsona batu dira elizan. Banaketa hori nola egin zen kontatu dute lehenik eta behin, eta ondoren, sinadura ekitaldiko antzerkia egin dute herritarrek. Tartean, Ioritz Galarragak sinadura hori egin zen pergaminoari dantzatu dio.

Eresargi abesbatzak ere ez du zitara hutsik egin, eta beren hainbat kantuz gozatzeko aukera izan da. Euskal Herriko Dantza Txapelketako garaile izan diren Lierni Kamio eta Iker Sanzek fandango eta arin-arinak dantzatu dituzte gero, eta amaitzeko, guztiek batera, bertso batzuk abestu dituzte. Honelaxe zioten bertsoek:

Doinua: Mendian gora haritza

Nahiz eta urteak pasa
herri bizi baten traza
hartu du eta gure artean
bada esperantza.
Iturri bueltako plaza,
herri zahar baten arnasa,
batzen gaituen bizimodu bat,
hori da Amasa

Inork izan balu duda
historia eredu da
aspaldi bizi izan ginela
gu herri modura
aspaldiko sinadura
bihurtu dadin ohitura
aurten berritu nahiko genuke
sinadura hura

Nahiz pasatu 400 urte
billabonatarren truke
“auzo” moduko deiturak sarri
aipatzen dituzte
nahiz ta faltan izan uste
bi-hiru lege ilustre
oraindik herri gera, ta hala
ikusten gaituzte

Tolosako erresuma
alboratuta zer suma
askatasunez eraikia da
gure erantzuna
oilasko gorrien luma
festen berezitasuna
inork ezin du ukatu gure
herri nortasuna

Emanaldi bereziaren ondoren festak kanpoaldean jarraitu du. Kanpai errepika izan da elizatik irten bezain laster. Herri argazkia atera, eta hamaiketako eder batez gozatu ahal izan dute. Bertan egin dute topa 400 urte hauengatik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!