Alain Moleda: «Askotan nabigatzea baino garrantzitsuagoa da elkarren arteko bizikidetza itsasontzian»

Andoni Uzkudun 2015eko urriaren 22a

Txiki-txikitatik gustatu izan zaion afizioa ofizio bihurtu nahi duen billabonatarra da Alain Moleda. Udarako zati handi bat itsasoan pasa ondoren, lurrean da berriro ere.

Ez dago itsasorik Amasa-Villabonan, baina txiki-txikitatik erakarri du Alain Moleda (Amasa-Villabona, 1993). Hamazazpi urterekin hasi zituen ikasketak billabonatarrak, eta azken urtea falta zaio itsasontziko gidari izateko gradua amaitzeko.

Nolatan hasi zinen itsasoaren eta itsasontzien munduan?
Egia esan txikitatik gustatu izan zait mundu hau. Hamazazpi urterekin itsasontziko ziurtagiria atera nuen eta Ibizara joan nintzen udaran lan egitera. Bertan barku pribatu batean egon nintzen lanean eta mundu hori gustatu zitzaidanez, gehiago informatzen saiatu nintzen. Itsasontzi handiagoak nahi nituen erabili eta unibertsitateko gradu bat ikasten hasi nintzen. Datorren urtean amaituko dut, eta itsasontzi handiagoetan lan egiteko aukera izatea espero dut hori izango litzatekeelako nik nahiko nukeena. Azken bi urte hauetan hala ere, Saltillo izeneko unibertsitateko belaontzian egon naiz praktikak egiten.

Zer da Saltillo?
1932ko belaontzia da Saltillo. 1932an, ingeles baten eskaeraz, Amsterdamgo ontziola batean eraiki zuten hasiera batean Leander izeneko itsasontzia. 1934. urtean, ingeles hau dirurik gabe geratu zen, eta itsasontzia uretara bota gabe eduki zuen belardi batean. Orduan, Pedro Galindez izeneko bilbotar enpresari batek itsasontzia ikusi eta erostea erabaki zuen. Itsasontziari Saltillo izena jartzea erabaki zuen bere Portugaleteko etxeak ere horrela izena zuelako. 1946tik 1963ra berriz, errege etxeari utzi zion barkua bizkaitar enpresari honek, Portugalen exiliatuak zeuden bitartean. Hainbat bidaia egin ostean, 1968. urtean, Pedro Galindezek, Nautikako graduari eman zion itsasontzia beraiek erabili zezaten. 1968tik 1987ra nabigatzen ibili ostean, bere egoera txarra ikusi eta ontziola batera eraman zuten konpontzera. Hasiera batean diru finantzaketa arazoak izan bazituzten ere, 1998. urtetik, unibertsitateko itsasontzia da. Bertan nautikako ikasleek praktikak egiten dituzte. Urtean zehar arratsaldeetan nabigatzera ateratzen dira eta udaran berriz, bidaia ezberdinak egiten dira. Aurtengoan, hiru bidaia ezberdin egon dira, Galizia, Euskal kostaldea eta Frantziara.

Zer egiten duzue bidaia horietan?
Urtean zeharreko arratsaldeetan nabigatzen ikasten dugu. Udarako bidaietan berriz nabigatzeaz gain, barkua erakutsi eta barkuak duen historia kontatzen diegu gerturatzen direnei. Udara hasieran Galiziako kostara joan ginen, eta portutik portura ibili ginen. Bidaia horietan, 15 bat pertsona joaten gara, eta barkua erakutsi eta barkuak duen historia kontatzen dugu. Abuztuan berriz, euskal kostalde guztitik ibili ginen, eta Irailean, berriz, Frantzian.

Zein lan egin ditzakezu zuk barku batean?
Hiru zaintza ezberdinetan banatuak joaten gara itsasontzian. Kapitain bat dago, eta beste guztia ikasleen arten egiten dugu. Nabigatzeaz gain, garbiketa, janaria...dena antolatu behar dugu ikasleon artean.

Itsasontzi bat gidatzeko ziurtagiri ezberdinak atera behar dira?
Itsasontzi mota ezberdinak daude eta horietako bakoitzerako ziurtagiri ezberdinak atera behar dira. Itsasontzi merkantzietan lan egin nahi baduzu, berriz, unibertsitateko gradu bat egin behar da. Hala ere, aipatu beharra dago, gradua bukatu eta ez zarela barku merkantil bateko kapitain bezala ateratzen. Denborarekin eta nabigatzearekin batera, itsasontzi merkantil bateko kapitain izatera iritsi zaitezke.

Zein bidaia egin dituzu eta nora joatea gustatuko litzaizuke?
Egia esan asko bidaiatu dut hemen inguruan eta itsasontzi ezberdinetan, baina oraindik ez naiz oso urrutira joan. Lehen aipatu bezala, Ibizan ibili naiz, Galizian, Frantzian, euskal kostaldean, mediterraneoan,... Nire ametsen artean, lagun talde batekin bidaiatzea dago, eta leku ezberdinak ezagutzea gustatuko litzaidake. Barkuan bidaiatu eta munduari buelta ematea ere nire ametsen artean dagoela esango nuke.

Zer moduz dago lan mundua?
Beno, egia esan orain nahiko ondo dago. Jende askok ez du ikasten gradu hau eta ez dago arazo handirik lanerako. Beti ere begiratu beharra dago non lan egin nahi duzun eta kontaktuak dituztenek beti errazago dute. Oso garrantzitsua dena, ingeles maila altua edukitzea da. Lanerako gogoa eta ingeles maila altua izanez gero, ondo dagoela esango nuke.

Non lan egitea gustatuko litzaizuke?
Egia esan denetarik probatu nahi dut. Merkantzien munduak asko erakartzen nau, baina arrantza mundua ere probatzea gustuko litzaidake. Atunero batean esperientzia bizitzea asko gustatuko litzaidake, eta gradua amaitu eta gero hori da lehenengo probatu nahi dudan gauza. Hilabete asko izaten dira etxetik kanpo, baina asko erakartzen nauen kontua. Mundu pribatua ere hor dago, eta ikusi dut nola mugitzen den. Besteak ikusi eta probatu ostean, erabakiko dut etorkizunean norantz begiratu.

Barku batean, nabigatzeaz gain, bizikidetza ere oso garrantzitsua izango da ez?
Askotan nabigatzea baino garrantzitsuagoa da elkarren artean dagoen bizikidetza, itsasontziko partaideen artean. Saltillon batez ere, 15 pertsona goaz eta ez da izugarrizko barkua, beraz bizikidetza oso garrantzitsua da. Egia da oso giro ona edukitzen dugula. Azken finean denok giro berdinekoak gara. Txukuntasuna denen artean eramatea oso garrantzitsua da, bestela puntu horretatik hasten dira liskarrak eta giro txarra egonez gero, nabigazioa ere txarra izaten da. Gainera ez da lurrean egotea bezala, nahi edo ez bestearekin egon behar duzu itsasontzi berean.

Jendeari gomendatuko zenioke itsasoaren mundua?
Bai mundu polita da. Nik uste dut hala ere, gustatu behar zaizun mundu bat izan behar duela bertan lan egiteko. Ez da zerbait erraza. Etxetik kanpora denbora asko pasatzeko prest egon behar duzu askotan, eta gogorra izaten da.

Tolosaldea mailan jende asko ibiltzen da?
Egia esan ez dut jende asko topatu. Ezagutzen dut bat edo beste baina ez da normalena. Gehien aurkitzen den jendea, kostaldeko jendea izaten da. Guraso edo familian tradizioa duten, edo lehenagotik ibiliak diren familia artekoen semeak dira baita ere, baina normalean itsasoarekin lotura izan duten pertsonak dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!