Behin barruan zaudela, nola ikusten duzu udaletxean egiten den lana?
Egia esan gai asko jorratzea tokatzen zaigu. Kanpotik ez da ikusten hainbesteko lana dagoenik. Aurreneko hilabeteetan informazio asko jaso dugu baina martxa hartuta dugu, dagoeneko, eta proiektuak aurrera ateratzeko prest gaude.
Nola antolatzen zarete udal gobernuan?
Ni liberatuta nago eta nirekin batera nire idazkaria. Beste zinegotzi bat, lanaldi erdiz liberatzea pentsatzen ari gara. Aurreko legealdian horrela antolatzen ziren eta guk ere segur aski bide berari helduko diogu.
Zer moduzko harremana duzue oposizioko alderdiekin?
Hori da gehien harritu nauen gauzetako bat. Udal barruan hartu eman ona dugu. Uste nuen zailagoa izango zela akordioetara iristea, baina ez da horrela gertatu. Gustura nago oposizioko alderdiek agertzen duten konpromiso eta lanerako gogoarekin.
Tentsio uneak bizi izan ziren festetan, Remi Ayestaranen omenaldia egitarautik kendu zenutenean...
Pasatako gai bat da eta kontu honen inguruan esandakoak esanda daude. Iruditzen zaigu omenaldia gai politikoa dela eta herriko festetako egitarauan sartzea lekuz kanpo dagoela. Argi utzi nahi dut, hala ere, gu ez gaudela omenaldi hori egitearen aurka eta laguntza eskaintzeko prest gaudela.
Duela gutxi jaso duzue Bake eta Bizikidetza idazkaritzak Amasa-Villabonarako prestatu duen udal erretratua. Hutsunerik sumatzen al duzue?
Lan handia dago egiteko arlo horretan. Jendearekin hitz egiten egon naiz, baina uste dut beste alderdiekin ere jorratu beharreko gaia dela. Ekimenak egiten hasi aurretik, denen artean zehaztu nahi genituzke irizpideak.
Hiri hondakinen bilketa sistema aldatuko duzue?
Iruditzen zaigu, bosgarren edukiontzia garbiagoa eta ekonomikoagoa dela. Sistema aldatzeko asmotan gaude eta alderdi sozialistako zinegotzia ere gurekin bat dator. Hala ere, ez genuke gehiengo hori baliatu nahi sistema inposatzeko. EH Bildurekin ere kontsultatu nahi genuke eta adostasunetara iritsi.
Zeinek beharko luke izan adostasunerako oinarria?
Bosgarren edukiontzia izango da adostasunerako oinarria. Gero edukiontzi horri txipa jarri edo zein sistema ezarri adostu nahi genuke. Zai gaude, EH Bilduk bere militantziarekin kontsultatu behar duela esan baitigu. Momentuz guk aldaketak ekarriko lukeen gastuaren inguruan galdetu diogu mankomunitateari. Eskaera irailean egin genuen eta zain gaude. Data zehatzik ezin dizut esan, oraindik.
Herrian gai honen inguruko galdeketa egiteko asmoa duzue?
Nik zalantza daukat hor. Akordio batera iritsiz gero galdeketarik ez litzateke egin beharko. Baina, bestalde, hartutako erabakia berresteko modua izan daiteke. Ea beste alderdiek zer esaten duten...
Zein da udalaren egoera ekonomikoa?
Udalak zorra badu. Bi milioi eurokoa da baina, esan daiteke, kontrolatuta dagoela. Nire intentzioa zor hori urtetik urtera jaisten joatea da. Orain ari gara hurrengo urteko aurrekontua zehazten udaleko teknikariekin eta kontu hartzailarekin.
Jarduera ekonomikoa bultzatzeko baduzue ekimenik pentsatuta?
Gai garrantzitsua da eta gu ere arduratuta gaude gai horrekin. Udalak ez du arlo horretan eskumenik. Mugatuta dago gure eragiteko gaitasuna, baina hala ere herriko enpresariekin harremana badugu.
Noizko bukatuko dira uholdeak ekiditeko lanak?
Lan horiek ondo doaz. Hamar hilabeteko epea jarri zuten obrak bukatzeko, beraz, ekainerako amaituta egotea espero dugu. Guri dagokigunez, ibaia ateratzen zen gunea babestua geratuko litzateke. Hala ere, uholdeak erabat ekiditeko hirugarren fase bat dago zintzilik.
Dirudienez, Larrea parkea estaltzeko egitasmoan ez zaudete ados, EAJ eta EH Bildu...
Gu Larrea parkea estaltzearen aldekoak gara. Estalkiaren beraren gastua bakarrik zegoen aurreikusia, 50 mila euro inguru. Proiektu guztia gauzatzeak, ordea, 200 mila euro baino gehiago gastua ekarriko luke. Orain, ez dugu hainbeste diru eta hurrengo urteko aurrekontuetan bideratu nahi genuke gaia. Ikusiko dugu ea egitasmoaren gastua beheratzea badagoen.
Zein beste egitasmo dauzkazue aurreikusita?
Arroako biztanleekin hitzarmena egin nahi dugu eta plazako lurzorua konpondu nahi genuke Itoteak dauzkate garajeetan eta hori konpontzeko gastuaren zati bat bizilagunek eta beste bat guk estaliko dugu. Larrea inguruan ere, okindegiaren atzean, auto pilaketak gertatzen dira eta bizilagunekin hitzarmena sinatzekotan gaude, arazo horri irtenbidea emateko.
Arratzaingo futbol zelaiko lanekin jarraituko duzue?
Proiektua eginda dago eta bigarren faseari ekin nahi genioke. Gustatuko litzaiguke lehen bait lehen egitea, baina ikusiko dugu lan burokratikoak zenbat irauten duten. Arratzainen ere badugu beste asmoren bat. Eskola zabaltzeko lanak baliatu nahi ditugu beste egitasmo bat martxan jartzeko. Biomasa galdara bat jartzeko asmoa dugu, erregai fosiletatik berriztagarrietara pasa ahal izateko.
Zer moduzko harremana duzue Amasarekin?
Ona. 400. urteurrenaren harira antolatu diren ekimenetan laguntzailea da udala. Guretzako Amasa herriko auzo bat da eta guk horrela kudeatzen dugu, beste auzo bat balitz bezala. Han, adibidez, BTT zentroa jarri nahi dugu martxan eta urtea bukatu baino lehen gauzatuta egotea espero dugu.
Bolatokia ere egingo duzue.
Dagoeneko makinak sartuta daude Olaederra ondoko zelaian. Gauza berri bat da eta eremu egokia iruditzen zaigu. Ikusiko dugu zenbaterainoko harrera duen jendartean.
Kultura arloan zein lan egiteko asmoa duzue?
Kultura kalera atera nahi genuke. Kalean egiten diren ekitaldiak gustukoak ditu jendeak eta ahalegin hori egingo dugu.
Azpiegituraren bat botatzen al duzue faltan?
Liburutegia txikitxo geratu zaigu eta buelta batzuk eman behar dizkiogu gaiari. Berritu edo beste eremu batera joan aztertuko dugu orain. Hutsune bat da, gaur egun.
Ari zarete jendearen iritziak eta kexak jasotzen?
Jendearekiko gertutasuna eduki behar dugu. Edozein momentutan etorrita ere kasu egingo diegu, baina hitzordu batzuk jarri ditugu propio gurekin lasai egon eta edozein zalantza edo kexa planteatzeko. 943 69 21 00 telefonora deitzea besterik ez dute herritarrek.