Amaia Galarraga: «Nire belaunaldiak ate asko ireki dizkie oraingoei»

Eneritz Maiz 2015ko urr. 15a, 07:30

Amaia Galarraga billabonatarra da jaiotzez, baina 24 urterekin Portugalera joateko erabakia hartu zuen, eta bertan bizi da orduz geroztik. Txikitatik izan duen zaletasunari eutsi dio, areto futbolari. Denboraldi hau, ordea, harmailetatik jarraituko du.

Ibilbide oso bat futbolari eskainia, eta uztea erabaki duzu.

Bai, urte asko jolasten. 12 urtetatik hasi eta 35 arte jolasten. Guztira 23 urte beti futbolean jokatzen, eta azkenean adinak ere kontatzen du.

Non hasi zinen jokatzen?

Groseko Zuhaizti ikastolako taldean hasi nintzen areto futbolean. Kalean jolasten ikusi ninduten, eta aukera aprobetxatu nuen. Villabonan ez zegoen ezer urte haietan, eta ni askotan Donostiara joaten nintzen eta horrela hasi nintzen mundu honetan. Gero Altzako taldera joan nintzen zeren nire ekipoa urte erdian desagertu egin zen. Sei urte egin nituen bertan. Gero Intxaurdi taldera, eta gero Añorgara joan nintzen. Han hiru urte egon nintzen eta Donosti Cup Txapelketan, lagun portugesak egin nituen eta Portugalera joateko aukera eskaini zidaten.

Portugalen egin duzu zure kirol ibilbidea. Noiz hartu zenuen Portugalera joateko erabakia?

24 urte nituela etorri nintzen. Ezer eduki gabe arriskatzea aukeratu nuen. Lagun portugesei esker izan zen. Bi urtetan oporretara etorri nintzen Portugalera, eta hemengo lagunen ekipoarekin entrenatzen nuen forma ez galtzeko. Eta horrela animatu nintzen abentura honetara.

Nola hartu zuten ingurukoek?

Familian harrituta gelditu ziren. Nire bizitza hor egina neukan: lana, lagunak, ekipoa eta... Nire amak batik bat ez zuen oso ondo hartu, urruti zelako. Ez zuten ezagutzen Portugal eta ez zekiten zehazki nolakoa izango zen nire bizitza eta ez zuten ulertzen, baino beti lagundu didate. Nire erabakietan beti babestu naute.

Nolakoa izan zen hasiera Portugalen?

Hasieran federatu gabe jolastu nuen hiru urtez areto futbolean, Macieiran eta beste hiru Argivai taldean. Hor, areto futbola amateurra zen eta nire pasea 1400 euro ordaindu behar izan zen, zeren transferentzia internazionala izan zen. Udaran beti nire lagunekin torneoetan jolasten nuen federatu eta talde amateurren aurka. Udako txapelketa gehienak irabazi genituen.

Hortik goragoko mailetarako jauzia etorriko zen, ezta?

Orain bizi naizen tokiko Povoa Futsal Clube taldeak lehenengo mailako emakume taldea sortu zuen, eta nire pasea ordaindu zuten. Bigarren mailan hasi ginen, zeren talde berria sortzean behetik hasi behar da. Irabazi egin genuen eta lehen mailara igo ginen. Hor bi denboraldi gehiago egin nituen, eta gero Mindelo izeneko taldera joan nintzen, maila berekoa baina titulazioa borrokatzen zuen. Bertan hiru denboraldiz egon nintzen, eta berriro irabazi nuen bigarren mailan, zeren bi talde zeuzkan eta bietan jokatzen nuen. Eta handik nire azken ekipora joan nintzen, Canidelo, maila berdinekoa. Bi denboraldi egin ditut, eta uztea erabaki dut. Futbolak bizitzako denbora asko behar du, eta beste gauza batzuk egin nahi ditudan momentura iritsi naiz.

Zein da egiten duzun balantzea zure kirol ibilbideaz?

Bada urte askotan ez da izan profesionala, eta emakumeek ezin dute lortu futboletik bakarrik bizitzea. Baina nik esan dezaket futbolak nire bizitzan garrantzi handia eduki duela, zeren eduki dudan ikastaroa oso handia izan da. Bizitza ikusteko era edota beste kultura bat ezagutzeko oso ona izan da. Oraindik Portugalen bizi naiz, eta hemen egiten dut lana.

Gaur egun, oraindik ere, ez du behar besteko jarraipenik emakumeen futbolak. Nolatan erabaki zenuen futbolean hastea?

Beti nire anaiarekin eta lagunekin jolasten nuen futbolean kalean. Esan dezaket, agian, nire belaunaldiak oraingoari ate asko irekita utzi dizkiola, eta hori ederra da. Nik oraingo umeak jolasten ikusten ditut, eta orain normalizatuagoa dago, eta nahi badute taldeak dauzkate. Lehenengo urteak ez ziren errazak izan, zeren ni nintzen beti urrutiena bizi zena. Nire gurasoek horretan beti lagundu didate. Hara eman eta ekarri. Edo trenez edo autobusez ibili behar izaten nuen. Babesleak lortzea ere tokatzen zitzaigun udara batzuetan, baino beno hori taldeak ere egiten zuen. Dena ematea, eta baita gure artean ere oso ondo ematea.

Nola gogoratzen dituzu Villabonan emandako lehen ostikadak?

Bada irribarre batekin! Nire anaiarekin eta lagunekin jolasten nuen nire etxe ondoko ikastolan edo Donostian ere hango plazan. Hasieran nola ez ninduten ezagutzen azkena aukeratzen ninduten, baina behin ezagutuz gero hori beti aldatu egiten zen. Urte horietan ez zen normala neska bat mutilen artean futbolen jolasten ikustea.

Zein da emakumeen futbolaren egoera gaur egun?

Gaur egun gauzak asko aldatu dira eta hori oso ona da. Nik Euskal Herrian nola den ezin dut hitz egin, baina Portugalen duela hiru urte maila nazionala sortu zen eta talde onenekin parte hartzen da areto futbolean. Portugaleko areto futboleko selekzioak oso emaitza onak izan ditu Munduko Txapelketan. Bigarren tokia behin baino gehiagotan lortu du.

Telebistan ere joko batzuk ematen hasi dira, eta blogak edo taldeen interneteko zabalkundea handia izan da azkenengo sei urtetan. Hemen asko ari da hazten areto futbola batez ere. Futbolak beti eduki du oihartzun gehiago, nahiz eta areto futbolak emaitza hobeagoak lortu. Agian horregatik hasi da gehiago profesionalizatzen.

Zaila da emakumeentzat bereziki kiroletik bizitzea. Nola uztartu dituzu lana eta kirolari profesionala izatea?

Bai oso zaila da egia esateko, zeren ez du inork lortzen futboletik bakarrik bizitzea. Nik futbolarengatik lan asko galdu dituen jende asko ezagutzen dut. Nik ez dut lanik utzi futbolarengatik, baina askotan oporrak edo mesedeak eskatu behar izan ditut partida batzuk ez galtzeko. Hori da niretzako gauzarik txarrena, zeren hor ikusten da ezberdintasunik handiena, guk lana eta futbola batera egin behar ditugu, eta gizonek ez. Baina egunen batean iritsiko gara maila berera, bai diru eta baita lan kontuetan ere.

Eta orain futbola hemendik aurrera zer?

Partidak ikustera joango naiz gogoa edukitzean. Bizitza ez da futbola bakarrik. Beti eduki dut hau nire buruan, eta beti egin dut lana. Lagun asko egin ditut mundu honetan, baina bizitzak jarraitu egiten du. Ez neukan motibazio berdina eta utzi egin dut. Nahiz eta proposamenak eduki, ez naiz ikusten berriro mundu honetan. Oso ondo bizi naiz asteburuan nahi dudana egin dezakedala pentsatzen. [barreak]

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!