“Bikote bat banatzean familia proiektu bat ere bukatzen da”

Arkaitz Apalategi 2015ko ira. 25a, 10:00
Argazkia: Arkaitz Apalategi

Bikote harreman baten bukaerak ondorio asko izan ditzake, batez ere tartean seme-alabak daudenean. Garmendiaren arabera, komeni da haurrei gertatzen dena azaltzea, bikoteko arazoetan sartu gabe.

Banaketak ondo kudeatzeko eta umeei ahalik eta kalterik gutxiena egiteko lanean dihardu Alaitz Garmendiak (Villabona, 1986), bai Tolosan duten Augere psikoterapia zentroan eta baita ematen dituzten ikastaroetan ere. Urrian, guraso eta umeentzako tailerra emango du Beasainen.

Bikote baten banaketa porrot bat bezala ikusita dago gizartean. Hala al da?

Ulertu behar dena da bizitza proiektu baten galera dela. Hau da, bikotekidearekin ez duzu bikote proiektu bat bakarrik egiten, familia proiektu bat ere egiten duzu, etxea, lana... bizitza proiektu bat, azkenean. Eta harremana bukatzearekin proiektu hori ere bukatu egiten da. Harreman familiarrak aldatzeaz gain, harreman sozialak ere aldatzen dira, bikote askok lagun asko konpartituak dituztelako.

Horrek berriz hastea eskatzen du, bizimodu berri bati ekitea.

Dena berriz definitzea eskatzen du. Eta gehienbat bikotekidearekin izan duzun harremana; batez ere, tartean seme-alabak daudenean. Bikote harreman bat izateari utzi diote, baina ez guraso izateari. Horregatik, seme-alaben onerako jarraitu egin behar da hartu-eman horrekin. Gauza askotan akordioak lortu behar dira: zein ikastetxetara eraman, asteburuak eta oporrak nola antolatu...

Haustura edo haserre egoera batetik etorrita, zaila izango da adostasun horiek bilatzea, ezta?

Bai. Dolua pasatzerakoan, fase ezberdinak daude, eta horietako bat haserrearena da. Haserre hori bota egin behar da; egin ezin dena da haserre hori guztia barruan gorde, aguantatu eta pentsatu dena ondo joango dela. Ezinezkoa da. Etapa horiek pasatu egin behar dira, gero harreman hobe batera iristeko.

Hor bakoitzaren izaerak ere zeresan handia izango du.

Faktore asko daude. Egia da bietako bat haserre fase horretan badago eta besteak ere berdin erreakzionatzen badu norgehiagoka moduko batean sartzen direla, eta hor akordiorik ez dago. Beste batzuetan ikusten da batek gehiago amore ematen duela besteak baino. Bestalde, ez da berdin familiaren babesa izatea ala ez. Lehenagoko belaunaldietako jendeak balio tradizionalagoak ditu, eta porrot sentimenduak areagotu ditzakete. Izan ere, jasotzen diren mezu horiek zeresan handia dute. Gero, lana norberak egin behar du, baina babes hori sentitzea garrantzitsua da.

Hori guztia ikusita, nola aurre egin egunerokoari?

Lehengo batean, esaterako, lankide batekin hizketan ari nintzela, esaten genuen gurasoei eskatu ere asko egiten diegula. Beraien haserre hori barnean daukate, beraien pena eta dolu bat pasatu behar dute, eta guk esaten diegu aurpegi ona jarri behar dutela, seme-alabei ondo egiteko. Azkenean, beraientzako ere oso lan gogorra da.

Banaketa kasuetan, biktima nagusiak seme-alabak izan ohi dira.

Bai. Askotan, banaketa ulertu edo onartzeaz gain, gurasoek beren arteko borroka horretan sartzen dituzte, umea bitartekari edo mezulari bihurtuz. Edo bata bestearen kontrako mezuak emanez. Umeek hori guztia xurgatzen dute, eta hainbat kasutan hortik etortzen dira gurasoetako bat ikusi ere egin nahi ez izatea eta antzeko kasuak.

Umeekin zuzenean ere lan egiten al duzue?

Bai. Askotan entzuten da "umea txikia da, ez dago azaldu beharrik". Hori ere ez da. Egia da txikia denean ez duela ulertzen zer den banaketa bat, baina konturatzen da aita edo ama etxetik joan dela, edo gauetan ez diola ipuinik irakurtzen. Zer edo zer gertatzen ari dela konturatzen da.

Eta nola ematen zaio banaketa baten berri umeari?

Gutxieneko bat behintzat azaldu behar zaio. Ez dago modu konkretu bat. Batzuek elkarrekin esango diote, besteek banaka; batzuek etxean, eta besteek kanpora joan eta etxetik pixka bat aldentzea aukeratzen dute. Zer esan baino gehiago, zer ez den esan behar nabarmenduko nuke; adibidez, ezin diozu esan "zure aita beste batekin joan da". Bikoteko arazoak direnak ezin dizkiozu umeari esan; banandu egingo zaretela bai, baina gatazka pertsonal horietan sartu gabe. Ze, hortik bat edo bestea errudun dela pentsatzera eraman dezakezu umea. Horrez gain, komeni da haurrak jakitea zein geldituko den etxean, bestea zenbatero ikusiko duen... segurtasuna ematen die.

Eta seme-alabek nola erreakzionatzen dute?

Haur txikienek, adibidez, ez dute erabat ulertzen gurasoak banatzea, eta berriz elkartuko diren fantasia hori izaten dute. Nerabeek, aldiz, kontrakoa egiten dute; oso garbi ikusten dute banaketa, eta ez direla elkarrekin bueltatuko, baina badute joera bat gurasoetako bati edo besteari errua egozteko.

Sentimendu horiek ateratzea ere kosta egingo da. Nola lan egiten duzue beraiekin?

Haurrekin banantzeak gizartean duen karga negatibo hori kentzen saiatzen gara, eta komunikaziorako tresnak lantzen ditugu. Semea edo alaba bikotearen erdian sartzen dutenean, umeak ere bere lana egin dezake, eta "ama, hori ez dut entzun nahi" esaten jakin.

Gipuzkoako Hitza-rako egindako elkarrizketa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!