Azoka berezi arrakastatsua Villabonan

Mikel Iraola 2015ko ira. 12a, 14:28

Behar Zanak irabazi du Isats Gisatu Lehiaketa; posturik ederrenaren lehen saria, berriz, Berrobira joan da.

Villabonako Irrintzi elkarteak 20. aldiz antolatu du Azoka Gastronomikoa, eta antolatzaileak oso "gustura" geratu dira, "bai parte-hartzearekin, baita giroarekin ere".

Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa, Iparraldea eta Errioxatik etorritako 50 postu izan dira Txerminen. Orotariko produktuak izan dira ikusgai, salgai eta baita dastagai ere: gozoak, ogi mota ezberdinak, barazkiak, perretxikoak, txerrikiak, gaztak, kontserbak, eztia, ardoak... Artisau lanen postuak ere izan dira. Elkarteko kideek, berriz, pintxoak eta edaria banatu dituzte.

Posturik ederrenaren saria, Berrobiko Iñigo Erauskin erlezainak irabazi du. Bigarren Tolosako Zarberri diseinu postua izan da; eta hirugarren saritua Josu Oiaralte zamudiotarra izan da. 

Behar Zana elkartekoak, txapeldun isats gisatu lehiaketan

Zazpi elkartek hartu dute parte Isats Lehiaketan, Villabonako Irrintzi, Behar Zana, Zunbeltz eta Ubanek; Amasako Uso Tokik; Zizurkilgo Urkamendik eta Asteasuko Aitzondok.

Behar Zana elkarteko Eneko Amondarain eta Enrike Merino izan dira aurtengo sukaldaririk onenak. Hala erabaki dute epaimahaia osatu duten Ongi Etorri jatetxeko Arantxa eta Elena Lazkanok, Sutondoko Jose Mari Yarzak eta O´babako Jose Civitek.

90 puntu jaso ditu beraien platerak; bigarren, berriz, Irrintzi elkartea izan da 87 punturekin. Hirugarren sailkatua Ubane izan da, 69 punturekin. Zunbeltz, Usotoki, Aitzondo eta Urkamendi izan dira ondorengo sailkatuak, hurrenez hurren.

Zaporea, haragiaren testura eta plateren aurkezpena baloratu ditu epaimahaiak. Orokorrean, platerak "gatz gutxirekin" egindakoak izan direla aitortu dute epaimahaiko kideek. Aurkezpenei dagokienean, "txukun" entregatu dituztela ondorioztatu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!