Eusko Jaurlaritzaren URA agentziak eta Amasa-Villabona eta Zizurkilgo udalek hitzarmena sinatu zuten aurreko martxoan aspaldiko arazoari irtenbidea emateko. Oria ibaiaren emaria hazita datorrenean herritarrek beti agertzen dute kezka eta 2011ko azaroan, uholde larriak izan ziren bi herrien artean.
URA agentziak Oria ibaiaren hainbat puntutan presazko neurriak hartu zituen 2011ko uholde horien harira. Orain abiatu diren lanekin erabateko soluzioa eman nahi diote arazoari, behintzat Villabonan. Oriako arroan orain arte egindako lanak osatuko dira modu horretara.
Hitzarmenaren lehen fase honetan aurreikusitakoaren arabera, Zubimuxu zubia zabalduko da oinezko eta kotxeen pasaera errazagoa izan dadin eta Oria ibaiko eskuineko aldean, Villabonako aldean, uholdeen aurkako harri-lubeta bat jarriko da. Orain arte, herriko ur zikinen parte handi bat zuzenean botatzen zen errekara eta aktuazio honekin sistema hori hobetuko dute.
Bestalde, ibaiaren bazterreko pasealekua, udaletxetik Zubimuxu pareraino datorrena luzatu egingo da, bi puntuak erabat lotuz.
Uholdeen aurkako lan hauek jarraipena izatea espero du Joxe Mari Luengok, Zizurkilgo alkateak. «Proiektu bakarra zen hasiera batean, baina bi fasetan banatu dute. Bigarren faserako ez dugu konpromiso zehatzik baina udala saiatuko da URA agentziarekin hitz egin eta lehen bait lehen konpromiso bat lortzen».
Izan ere, Asteasuko errekak Orian urak isuri bitartean, Zizurkilen egiten duen zatiak sortzen ditu herri horretan arazorik handienak. Lan horiek dute gasturik handiena: «10-12 miloi euro erabili beharko dira errekaren bidea zabaltzeko Zizurkilen».
Aurreko astean abiatutako lehen fasea burutzeko 2,9 miloi erabiliko dituzte. Dena ondo dela, 2016rako dena prest egotea espero dute. Tarte horretan eragozpenak izango dira trafikoan eta oinezkoentzat ere.