Abuztuan egindako bileraren bi ikuspuntu ezberdin

Andoni Uzkudun 2015ko ira. 2a, 11:09

Abuztuaren 5ean bilera burutu zuten EAJ eta EH Bilduko zinegotziek Villabonan

Amasa-Villabonako EAJ eta EH Bilduko zinegotziek, bilera burutu zuten abuztuaren 5ean hainbat puntu berrikusteko. Bi alderdiek balorazio eta irakurketa bat egin dute bilera horren inguruan eta beraien ikuspuntua argitara atera dute. Bi alderdiek adierazi dutenez, bilera «atsegina» eta «giro abegikorrean» egin zela adierazi zuten. Hala ere, bileratik ateratako ondorioak ezberdinak izan dira bi alderdietan.

Lehen puntua eta garrantzi handia hartu duena azken urtean, zaborren bilketaren kontua izan da. EAJ-k adierazi du: «Gu bosgarren edukiontziaren alde gaudela jakina da eta uste dugu duela bi hilabete herriaren gehiengo batek ere horrela adierazi duela. Beste herrietan lortu den bezala EH Bildu eta PSE-EErekin batera akordio batera iritsi nahiko genuke bosgarren edukiontziaren inguruan. Oposizioak ez badu posible ikusten ez dugu erabakia guk bakarrik hartuko. Udaletik galdeketa bat egitea proposatuko dugu eta erabakia loteslea izatea espero dugu. Guk behintzat emaitza onartuko dugu. Oraintxe bertan aldaketa egitearen kostuari buruzko informazioa eskatu dugu eta erantzunaren zain gaude». Era berean, galdeketara «ez iristea» nahi du EAJk, dirua eta denbora asko eskatzen duelako.

EH Bilduk berriz, honako hau adierazi du: «EAJko ordezkariek bosgarren edukinontziaren sistema defendatzen dute eta EH Bilduko hautetsiok pasa den legegintzaldian ezarri eta %80tik gorako birziklapen-tasa lortzea ahalbidetu digun atez ateko bilketa sistema egokiena dela pentsatzen dugu. Iban Agirre alkateak adostasun berriak lortzeko asmoa duela adierazi zigun eta EH Bildutik eztabaidarako eta balizko adostasunak lortzeko prestutasun osoa dugula adierazi nahi dugu. Hala ere, prentsan irakurri ahal izan dugu adostasun horrek bosgarren edukinontziaren sistemaren baitan izan behar duela, baina nola lortu adostasun berririk hasieratik eztabaida bosgarren edukinontzira soilik mugatzen bada? Gai honetan ez genuen sakondu eta prentsan irakurri dugun herri galdeketaren inguruan ez zitzaigun inolako argibiderik eman».

Beste puntu bat, parke estaliaren gaia izan zen. EAJ-k adierazi zuenez, Larreako parkearen inguruan, «galdeketa egin zen proiektu askoren artean baina uste dugu irabazi zuena ez dela egingarria». Izan ere, 50.000 euroko aurrekontua bazuen ere, herritarrek parte hartze prozesu baten bidez aukeratutako Rayuela proiektua egiteko 201.000 euro beharko direla kalkulatu du EAJk. Estalkiak bakarrik 49.500 euro balio dituela esan du, baina teknikoek emandako datuen arabera estalkia jartzeko lurrean egin behar diren egokitzapenek eta abarrek kostua 201.000 eurora igotzen dutela esan dute. «Oraintxe bertan beste arlo askotan egin beharko lirateke murrizketak hau egiteko. Beste estalketa mota bat egitea aztertu behar dugu denak ados gaudelako parke bat estaltzea ideia ona dela». EH Bilduk berriz, «EAJko udal gobernuak, herritarren parte hartze zuzenarekin erabaki zen (gogoan izan parke bat estaltzeko aurkeztu ziren proiektu ezberdinekin parte hartze egitasmo zabal bat garatu zela, herri galdeketa eta guzti) Rayuela proiektua berrikusteko asmoa duela jakinarazi zitzaigun. Harriduraz jaso genuen albistea, honako hau guztiz onartua eta bideratutako proiektua da eta aipatu bezala, herritarrek zuzenean aukeratua. Erabaki horren arrazoia, proiektuaren gain-kostea dela azaldu ziguten, guk ulertzen dugu espero gabeko gain-kostu horiek proiektuaren atzerapena ekar dezaketela, baina proiektua bera zalantzan jarri eta guztiz berrikustea ez dugu onartzen. Herriko gune edo espazio baten estaltzea herritarrek behin eta berriz adierazitako aspaldiko beharra da eta parte hartze prozesu aberats baten ondorioz hautatutako proiektu hau, goizago edo beranduago, baina egin beharrekoa dela deritzogu».

Adostasunak

Bileran izan ziren adostasunetara iristeko puntuak ere, Behar zanako bolatokia adibidez. Kiroldegi atzean egiteko proiektuak aurrera jarraitzen duela adierazi dute bi alderdiek. Horretaz gain, hirigintza alorrean, Arroa auzoko plazako lurzoruaren konponketa, Oria ibaiko ubidearen bideratze lanak, Arratzain futbol zelaiko obren 2. fasea. Azkenik, BTT zentroa (mendi bizikletako ibilbidea eta zerbitzua Amasamendin) eta N-1 errepidea eta Amasara doan errepideen arteko zonaldean herri-baratzeak eraikitzeko ideiak ere aurrera jarraituko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!