Villabonako EAJk parke estaliaren proiektua berrikusi behar dela dio

Tolosaldeko Ataria 2015ko abu. 7a, 12:47
'Rayuela' proiektua ez dela egingarria esan du EAJk.

Villabonako EAJko alkate eta alkateordea EH Bilduko hainbat zinegotzirekin bildu dira eta horren berri eman nahi izan du udal gobernuak. EAJ eta EH Bilduren arteko bileran zabor bilketaren, bolatokiaren, Arroako plazako lurzoruaren edo Larreako parke estaliaren inguruan hitz egin dute, besteak beste.

Villabonako EAJk oposizioarekin egindako bilera "atsegina" izan dela esan du eta bertan oposizioak eskatutako gaiez gain beste batzuk ere jorratu zituztela esan dute, "garrantzitsua iruditzen zaigulako denok guztion onerako ahalik eta informazio gehien izatea", gaineratu du alderdi jeltzaleak.

Bilera horretan landutako gaiak zerrendatu eta herritarrei "zabaltzea" nahi izan dute. Zerrendatu dituzten gaiak "garrantzitsuenak edo bizilagun gehienei eragiten dietenak" direla ere esan dute.

Horiek horrela zabor bilketa aipatu dute lehenik eta behin. Gai honek "behin betiko erantzun bat" behar duela esan dute: "Gu bosgarren edukiontziaren alde gaudela jakina da eta uste dugu duela bi hilabete herriaren gehiengo batek ere horrela adierazi duela. Beste herrietan lortu den bezala EH Bildu eta PSE-EErekin batera akordio batera iritsi nahiko genuke bosgarren edukiontziaren inguruan. Oposizioak ez badu posible ikusten ez dugu erabakia guk bakarrik hartuko. Udaletik galdeketa bat egitea proposatuko dugu eta erabakia loteslea izatea espero dugu. Guk behintzat emaitza onartuko dugu. Oraintxe bertan aldaketa egitearen kostuari buruzko informazioa eskatu dugu eta erantzunaren zain gaude". Era berean, galdeketaraino "ez iristea" dela egokiena esan du EAJk, horrek dirua eta denbora asko eskatzen duelako.

Bolatokia ere izan dute hizpide. Behar Zana elkarteak egin zuen bolatokia egitearen eskaera eta udalak esan duenez aurrera egingo dute ideiarekin. Bolatokia egin ahal izateko diru laguntza lortzeko lehenik kokalekua aukeratu behar zela esan du Villlabonako EAJk, eta kiroldegiaren ondoan egitea erabaki dute "teknikoen iritzia jarraituz".

Arroako plazako lurzoruari buruz, "egoera txarrean" dagoela esan dute, bertan itoginak baitaude. "Garajeen jabeek itoginen konponketa ordaindu beharko dute eta udalak 100.000 euro jarriko ditu zoru berria jartzeko, aurrekontuan zehazten den bezala".

Era berean, Arroako bizilagunekin bildu direla dio alderdi jeltzaleak eta jabeen artean dena adostean jarraituko dutela prozesuarekin esan dute. "Legalki guztia ondo dagoenean obrak bi hilabete inguruz luzatuko dira", gaineratu dute.

Larreako parke estaliaren proiektua berrikusi behar dutela ere esan dute. "Galdeketa egin zen proiektu askoren artean baina uste dugu irabazi zuena ez dela egingarria". Izan ere, 50.000 euroko aurrekontua bazuen ere, herritarrek parte hartze prozesu baten bidez aukeratutako Rayuela proiektua egiteko 201.000 euro beharko direla kalkulatu du EAJk. Estalkiak bakarrik 49.500 euro balio dituela esan du, baina teknikoek emandako datuen arabera estalkia jartzeko lurrean egin behar diren egokitzapenek eta abarrek kostua 201.000 eurora igotzen dutela esan dute. "Oraintxe bertan beste arlo askotan egin beharko lirateke murrizketak hau egiteko. Beste estalketa mota bat egitea aztertu behar dugu denak ados gaudelako parke bat estaltzea ideia ona dela".

Futbol zelaiko bigarren fasean aldagelak eta taberna egingo dituztela esan dute, era berean. "Martxan jarri dugu proiektua", esan dute. Ez dute zehaztu lanak noiz hasiko diren, beharren arabera hasiko baitira, eta 150.000 euroko aurrekontua dutela esan dute. 3.000 euroko diru laguntza bat eskatu dute.

Subijana etxean teilatuarekin eta berogailuarekin arazoak dituztela ere esan dute, baina arazo hauek "ez dute konponketa erraza". Aurrekontuak eskatzen aritu dira eta hauen zain daudela diote. "26.000 euroko aurrekontua dugu arazoak konpontzeko, baina uste dugu ez dela nahikoa izango", aurreratu dute.

Flemingo behatokian itoginak daude, baina udaran ez dute arazoa konpontzeko denborarik izan. Arazoa irailean konpontzea espero dute.

Oria ibaian uholdeak ekiditeko lanak hil honetan hasiko dituztela ere esan dute. 8 hilabete edo gehiagoko lanak izango dira errekaren bidea zabaldu behar delako.

Haurtzaindegian hezetasunarekin dituzten arazoak konpontzeko lanak amaitzear daudela ere esan dute. 

Arratzainen Iberdrolako tentsio altuko linea lurperatuko dutela ere adierazi dute. "Obra hau ez zegoen aurreikusita, baina Flemingo eraikuntza zabaltzean tentsio altuko linea batetik gertuegi geratu da eta lurperatu egin behar dugula adierazi digute. 100.000 euro baino gehiago jarri behar genituen, baina negoziatu ondoren azkenean Eusko Jaurlaritzak 90.000 euro jartzea lortu dugu".

Kale hezitzaileen lokalaren lanak amaitzear daudela ere nabarmendu dute. Margotzea falta da eta irailerako prest egongo da.

Arratzaingo biomasako galdararen proiektua esleitua dagoela adierazi dute. 11.000 euroko aurrekontua du proiektuak.

Amasara joateko bidean lanak egingo dituzte ere. "Amasako elizatik gora doan bidearen alde bat apurtu da eta bide osoa apurtzearen arriskua dago. Horrela gertatuz gero ez litzateke bertara pasatzeko modua egongo. Gaia larria da eta konponbidea lehenbailehen jarri behar diogu. Zein lan egin behar diren jakiteko lanak hasiko ditugu. Ez dakigu zenbat kostatu daitekeen, baino aurrekontuan zegoen beste lanen bat utzi beharko da honek duen larritasunagatik", esan dute.

EH Bilduk hasitako Amasako BTT zentroko proiektuarekin jarraituko dutela ere esan du EAJk.

Herri baratzeen proiektua aurrera jarraitzen duela ere esan dute, eta baita elkarteen diru laguntzen inguruan alkatearen dekretuz onartu aurretik irailean alderdi guztien artean adosteko asmoa dutela ere.

Xake taldea mailaz igo da eta Villabonan txapelketa bat antolatu nahi dutenez, udalak horren alde egingo duela esan du EAJk.

Fleming ikastetxeak igeriketa ikastaroa egin ahal izateko diru laguntza eskatu dio udalari eta EAJk esan du "guztiz beharrezkoa" iruditzen zaiola eta mailegu aldaketa bat egingo dutela horretarako. 

Yoga ikastarokoek ere laguntza eskatu diote udalari, izan ere, euren gelan isiltasun gehiago behar dute eta horretarako lanak egin behar dira, "eskaera teknikoki aztertuko da erabaki bat hartu aurretik", esan du alderdiak.

Txerminetik Arratzainera doan bidetik haur asko pasatzen da eta ondorioz, Flemingo zuzendaritzak N-1 errepidean panelak jartzeko eskatu du. Udal arduradunek Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu diote panelak jartzeko.

Bukatzeko haurrentzat jardueren inguruan ere hitz egin du EAJk. "Haurrentzako ekintzak dituzten elkarte eta talde guztiei informazio eskatu diegu (ordutegiak, prezioak, kontaktua…). Informazio guztia bateratu ondoren ikastola eta eskolei ikasle guztien artean banatzea eskatzeko asmoa dugu. Honela taldeei ikasle guztietara iristea errazten diegu, hezkuntza komunitateak orri bakarra banatu behar du eta guraso guztiek informazioa bateraturik izango dute etxeko ordutegiak antolatu ahal izateko. Oraintxe informazioa guztia jaso zain gaude".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!