"Azaleko minbizia oharkabean pasatzen den gaitz bat da"

Rebeka Calvo Gonzalez 2015ko abu. 4a, 10:00

Bosgarren urtez, azaleko minbiziaren aurkako kanpaina egin du Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak. Prebentzio arloko arduraduna izaki, kanpaina horren eta gainontzekoen ardura du Maider Sierra Arana psikologoak (Villabona, 1978).

Azalekoa da gizartean gehien izaten den minbizia, eta hala ere eguzkiari errespetu gutxi zaiola dio. "Nik beti esaten dut eguzkia ez dela hartzen, eman egiten duela. Beti babestu behar dugu hortaz, batez ere eskuak eta aurpegia, horiek beti baititugu eguzkipean".

Hamasei herri pasatu dituzue azken hilabetean azaleko minbiziaren kontrako kanpainaren barruan. Jende asko joan al zaizue?

Arrakasta handiko kanpaina izaten da Gipuzkoan. Iaz 2.500 pertsona inguru etorri ziren, eta aurten jende dezente gehiago etorri zaigu. Eguraldiak ere lagundu digu. Informazioa badugu, baina ez dugu barneratzen, antza. Jendeak zalantza asko ditu, eta horiek argitzen saiatzen gara.

Zertan datza kanpaina?

Azala kanpoaldean dugun organoa izanda, aldaketaren bat badago norberak ikus dezake; beraz, jendeari azala begiratzen erakustea eta bere osasunaren arduradun egitera animatzea da gure nahia. Hori lortzeko, azaleko orinen inguruko informazioa ematen dugu; ABCDE arautegia dago, eta horren berri ematen dugu. Bestalde, badago irudipena eguzki izpiak bakarrik lainoak ez daudenean iristen zaizkigula, baina hori ez da horrela. Gure helburua ere bada ikusaraztea eguzkia egunero dagoela hor, eta gure azala eguzkiarekin bizitzen ohituta badago ere baduela muga bat. Muga horretaz hitz egiterakoan aipatzen dugu melanina. Gure azalak eguzki izpien aurrean duen babesgarri naturala da, eta guk neurtu egiten dugu. Kanpainan guregana etortzen diren pertsonei lehenik eta behin bizi ohituren inguruko inkesta bat egiten diegu, eta, ondoren, melanina neurtzen diegu. Hau da, beraien azalak eguzkiaren irrada zenbat denboraz jasan dezakeen esaten diegu. Gure melaninari laguntzeko aukeren inguruan hitz egiten dugu gero.

Krema eta horrelakoez, alegia.

Bai, baina hori ez da aukerarik onena. Hoberena da eguzki izpien eta gure artean zerbait jartzea, zerbait fisikoa; arropa, itzalkinak... edo zuzenean itzaletan egotea. Horiek ez dira desegiten, kremak bai.

Kremak erabiliz gero, babes maila altukoak erabili beharko dira, noski.

Orain, udaran bai. Neguan jaitsi dezakegu, baina orain ez. Askotan norbaiti krema ematen ote duen galdetu, eta aurpegian bakarrik ematen duela esaten digu. Kremak eman dugun lekuan bakarrik du eragina, hori ere argi uzten dugu. Informazio asko dugu, baina hori nola erabiltzen dugun da gakoa. Gure helburua ez da informazio berria ematea, daukagun informazio hori zehaztea baizik. Kremen inguruan ere asko galdetzen digute; mito asko dago, eta horiek desegiten ditugu.

Belztea bera babes bat dela ere esaten da...

Melanina eraso baten aurrean sortzen da. Norberak baloratu behar du zenbat eraso nahi dion azalari. Azala eraso baten aurrean belzten da, erreakzio bat da. Gure melanina sukaldearekin konparatzen dut askotan. Tipula zartagin batean jarri eta pixkana-pixkana su txikian jar dezakegu, edo denbora gutxian egin nahi izanez gero, su bizian jarri. Tipula egingo da bi kasuetan, baina ez da gauza bera izango. Arazoa heldu eta nerabeekin dugu. Hamabost opor egun dituzte, eta egun horietan belztu nahi dute. Erasoa izugarria da. Melanina eraso handiarekin edo gutxiagorekin aktiba daiteke, denbora gutxiago edo gehiagorekin. Aukera kontua da.

Beti babestu behar dugula, alegia.

Jendeak ez du onartzen, baina bai. Oraindik ere badago jendea uste duena batere babesik gabe ibili ahal dela; batez ere beltzaranagoak direnek uste dute hori. Esaten digute ez direla erretzen, eta horregatik ez dira ia babesten. Azaleko minbiziak duen berezitasun bat da oharkabean pasatzen den gaitz bat dela. Ez erretzeak ez du esan nahi gure azalak irradarik jasotzen ez duenik. "Nik azala zailduta daukat", esaten digute askok, baina hori ez da nahikoa, eta horrekin nahiko liskar izaten dugu.

Nerabeekin ere egiten duzue lan, ezta?

Saiatzen gara, baina zaila da. Tailerrak egiten ditugu haur eta gazteekin. Normalean, udalekuetako begiraleekin hitz egin, eta minik hartu gabe eguzkiaz gozatzen erakusten diegu. Teorian, 3 urtera arte haurrek ez dute eguzkipean egon behar zuzenean. Estalki baten azpian egon beharko lukete. Eta gazteek babes neurri gehiago hartu behar dituzte.

Azalekoa al da gehien zabalduta dagoen minbizia?

Proportzioan heriotza gutxien sortzen duena da, baina gehien izaten den minbizia da. Kontua da kasu asko dermatologoaren kontsultan geratzen direla.

Kanpaina honetaz gain, elkartean zerbitzu asko ematen dituzue.

Informazio asko ematen dugu, eta prebentzioa lantzen dugu. Esku hartze mailan gizarte arloa dugu, eta material ortopedikoa kudeatzen dugu, baliabideak behar dituztenei laguntzen diegu. Gizarte zerbitzuetako kudeaketan-eta laguntzen dugu. Arlo psikologikoan taldeko zein banakako terapiak ditugu, bai gaixotasuna dutenentzat baita senitartekoentzat ere. Doluan ere laguntzen diegu. Gure indarguneetako bat boluntariotza da, hala ere. Boluntario asko ditugu, eta haiek gabe ezingo genuke gure lana egin. Eskaintzen ditugun zerbitzu guztiak doakoak dira, eta boluntariorik gabe ez litzateke posible izango.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!