Villabonako Santioak 2015

Gutuna: Ekintza eta erantzuna

Ataria 2015ko uzt. 30a, 16:44

Kaixo Remi,
Zure heriotzaren seigarren urteurrenean idazten dizut oztopo guztien gainetik billabonatar askoren gogoan zaudela esateko. EAJ-PNVk eta Iban Agirre alkateak zehazki, zure omenezko eta zuk beti sutsuki defendatu zenituen presoen eskubideen aldeko ekitaldiak jaietako egitarautik kentzea erabaki duela jakingo duzu. EAJren "ekintzak" herri honen kontrako "erantzuna" ekarri du, hainbat sentsibilitate batzea eta eskuineko jokamolde hauen kontra egitea ekarri du.

Herri  honetan batasuna behar zela esaten zenuen, ba berriz ere lortu duzu. Sei urte eta gero burugogor jarraitzen duzu, plaza betez, zure oroimenarekin herriko sentsibilitate desberdinak batuz, helduak, gazteak…; zure omenaldia uztailaren 31ko ekitaldiaz harago eramatea lortzen duzu eta festetako egun guztietan egiten da.

Handia zara Remi! Laguntza behar genuen eta berriz ere, eman diguzu. Noski, zenbat aldiz esan zenigun militante bat zinela eta behar zen tokian egongo zinela… Horregatik zeuden uztailaren 31a hartan.

Badakigu ez zaudela bakarrik, Martuteneko espetxean bihotzekoak jota hil zen Miguel Zalakain eta bere seme Mikel, Korsikan errefuxiatu zegoela hil zena, zurekin daude. Herri honen historiaren parte zarete eta horrela adieraziko dugu. Ez larritu, ez dute egingo garaile moduan doazen horiek, alproja horiek, kapela luzekoek, eskuineko euskal abertzaleek… Ez diegu utziko. Guk, jende xumeak, ezker abertzaleak eta ezagutu zintuztegun herriak, idatzi eta igorriko dugu zeintzuk izan zineten eta utzi zenuten ondarea.

Hilzorian zeundela "utzi pakean!" besterik ez zenuen esaten. Horiek izan ziren zure azken hitzak eta orain zure familiarenak eta familia politikoarenak dira, Utzi pakean! Gora Remi!

Jose Joaquin Ayestaran Uranga, Remiren aita

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!