Etxeko maskoten oporlekua

Maier Ugartemendia 2015ko uzt. 30a, 11:31

Oscar Medinak txakur eta katuentzako Erreka Hotela ireki du Amasan, izen bereko baserriaren alboan; horrez gain, txakur hezitzailea da eta zerbitzu hori eskaintzen du, beste batzuen artean

Ingurune lasai batean, Amasako landagune zabalean eta izenak dioen bezala errekaren alboan dago kokatuta txakur eta katuen Erreka Hotela. Oscar Medina donostiarrak aspalditik buruan zerabilkien proiektua da honakoa. Bere aitona-amonen baserrira itzuli zen hain gustuko dituen animalien ongizatea eta heziketa eman nahi dituen txoko hau zabaltzera. Hain zuzen ere, orain bizileku duen Amasako Erreka baserriaren alboan, lehen ardientzako borda zegoen lekuan, kokatu du, izen bereko maskotentzako hotela.

Animaliak betidanik izan ditu gustuko eta txikitan Erreka baserrian bertan aitona-amonek zituzten ganadu eta animalia ezberdinekin jolasten ibiltzen zen; nahiz eta behin ere ez zitzaion burutik pasa horretan lan egitea. Afizio izatetik ofizio izaterako bidea duela bost urte inguru abiatu zuen Medinak: «Nire aitak txakur bat erosi zuen, eta gure txakurra hezteko ikastaro bat egin nuen. Orduan arra piztu zitzaidan eta liburuak irakurtzen eta ikastaroak egiten hasi nintzen». Azkenean, proiektu hau sortu duen arte.

Zerbitzu pertsonalizatua

Erreka Hotelak txakur eta katuentzako ostatu zerbitzua eskaintzeaz gain, beste hainbat zerbitzu ere eskaintzen ditu: txakur heziketa, paseoak, etxez etxe jaso eta uztea, bainuak, egunean zehar zaintzea...

Medinak ez zuen proiektu handi bat abiatu nahi hasieratik. Horregatik, bere hotelaren ezaugarri nagusietako bat animaliek jasotzen dute «tratu pertsonalizatua» da: «Pilaketarik eta masifikaziorik gabe». Guztira, hogeita lau txakurrentzat eta hamabi katurentzako lekua du. Horrek bertan dauden katuak eta txakurrak hobeto ezagutzen eta jarraipen hobea egiten laguntzen duela uste du, eta ez da inolako «arazorik» sortzen.

Hain zuzen ere, Medinak eskaintzen duen tratu pertsonalizatua azpimarratuko luke bere hotelaren ezaugarri nagusi bezala. Izan ere, berak bere hotela ireki aurretik «Gipuzkoako eta Bizkaiko hainbat hotel» bisitatu zituen, eta leku askotan ez bezala bakarkako tratu hori bilatzen dute Errekan: «Beren jabeekin etxean egongo balira bezala egotea nahi dugu hemen».

Gainera, Medinak dioen bezala askotan jabeek animaliak «euren seme-alabak balira bezala zaintzen dituzte», eta Erreka bezalako hoteletara eramaten dituztenean ere, horrela zaintzea nahi izaten dute.

Ostatua eta heziketa

Hotela animalia bakoitzari egokitutako hiru leku ezberdinetan banatuta dago. Batetik, txakur handientzako egokitutako boxak ditu, banakakoak edo partekatuak izan daitezke jabearen nahiaren arabera. Alboan, berdegune zabal bat du txakurrak kanpora atera eta korrika egiteko edo jolasteko aukera izan dezaten.

Beste gune batean txakur ertain eta txikientzako hamabi txabola dituzte, txakur bakoitzarentzako berea, eta hemen ere beste berdegune zabal bat dute aske ibiltzeko. Errekan aske uzten dituzten «guztietan» pertsonaren bat egoten da aurrean, ez dituzte bakarrik uzten. Hirugarren gunea, katuena da. Katuentzako bakarkako zortzi kaiola dituzte, bi pisutakoak eta jolasez osatuak, eta ezaugarri berdinetako beste bi etxola «bi edo hiru katu sartzen direnak», nagusiak bere katuak elkarrekin egotea nahi badu, horrela egon daitezen. Gainera, beraien txokoak hainbat leiho ditu «eguzkia eta haizea sar dadin, katuei asko gustatzen baitzaie». Halaber, Medinak dioenez Amasara gerturatzen diren katuen jabeek bereziki azpimarratzen diote, «katuentzako horrela egokitutako beste lekurik ez dagoela» Gipuzkoan, eta horren erakusle da abuztuan jada katu askorentzako lekua hartuta izatea hainbat jabek.

Horretaz gain, Medina duela bi urtetik txakur-hezitzaile ere bada, eta horregatik Errekan zerbitzu hori ere eskaintzen du. Orain arte «etxeetara» joan da txakurrak heztera, baina aurrera begira Errekan ikastaroak ematea du helburu. Kasu honetan ere badu bereizgarri bat. Eskaintzen duen zerbitzua orduka kobratu beharrean, txakurrak izan dezakeen arazoa konpontzeak prezio jakin bat izaten du, eta hori zuzendu arte egiten du lan txakur horrekin: «Izan hilabeteko lana edo sei hilabetekoa».

Pixkanaka eraikitako proiektua

Aipatu bezala, Erreka Medinaren aitona-amonen baserria zen eta duela urte batzuk «salgai» ere egon zen. Baserria hutsik zegoen, eta «ez zitzaion etekinik ateratzen». Horregatik, txakurrekin lanean hasi zenetik buruan izan duen proiektua izan da.

Hotelak aste eta erdi inguru darama martxan. Medinaren asmoa ekainaren hasierarako martxan egotea zen, baina ohiko kontuak direla eta irekiera atzeratu zaie. Bestalde, bidean aurkitutako arazoek ere ez diote bidea erraztu: «Zaila izan da. Ez dute batere laguntzarik ematen, eta inbertsio garrantzitsu bat egin behar izan dut».

Behin oztopoak gaindituta, eta jada lehen txakurrak ostatuan izan ondorengo esperientzia «oso ona» izaten ari dela dio Medinak. Bertaratzen den jendeari lekua «gustatzen» ari zaiola uste du. Horregatik, hemendik aurrera bere helburua bere lana eta ostatua «ezagutzera ematea» da.

Oraindik hotela zabaldu berria badu ere, bere zerbitzuak gehienbat «egun guztian lan egiten duten eta hortaz, euren txakurrak ateratzeko denborarik ez duten pertsonek» eta «oporretara edo norabait joan behar duten pertsonek» eskatzen dituzte.

Elikadura berezia

Oscar Medinak dioen bezala txakur bakoitzak bere ezaugarriak ditu, eta askotan kontuan izaten ez diren arren, txakurrek eta katuek elikadura arazoak ere izaten dituzte. Horregatik, Errekan Naku izeneko janari berezi bat ere eskaintzen dute, «elikadura arazoak dituztenentzat edo baita edozeinentzat ere». Deshidratatutako janaria da, naturala eta ur beroarekin nahastuta hartzen da: «Pertsonek ere jan dezakete janari hau».

Esaterako, datozen asteetan hotelean izango duen txakur batek «barazkiak eta arkumea besterik ezin ditu jan, gainerako guztiari alergia baitio»; bada horrelako txakurrentzako egokia izan daiteke janari hau, bai baitute barazkiekin bakarrik egindakoa den janaria esaterako. Hori ere hotelean dute salgai.

Etengabeko zaintza

Animalien behar guztiak asetzen saiatzen dira Errekan, eta aipatu bezala horretarako arlo ezberdinetan jartzen dute arreta: garraioa, egokitzapena, paseoak, heziketa, elikadura, garbiketa... Eta horiez gain, badute animaliak eduki ditzakeen arazo ezberdinengatik bakartzeko eta sendaketak egiteko gela bat ere.

Edonola ere, momentu oro animaliak etxean bezala sentiaraztea da Medinaren helburua, eta jabeak ere bere maskotak bertan lasai uztea. Horregatik, animaliekiko duen maitasuna bere egunerokotasunean islatzen du, eta azken hilabeteetan ordu gehien eskaintzen dizkion zeregina du Medinak. Gainera, bidelagun ditu alde batetik bestera jarraitzen duten Laika eta Mia txakurrak ere, eta guztiak Errekan daude nahi duenari ongietorria emateko prest.

Erreka Hotela

Telefonoak. edo .
Emaila. erreka.amasa@gmail.com
Web orria. www.errekahotelcaninofelino.com
Zerbitzuak. Ostatua, etxez etxe jaso eta uzteko zerbitzua, garbiketa, txakurren heziketa, paseoak...
Txakurrentzako: Bi gunetan banatuta daude: txakur handientzako sei box dituzte eta txakur ertain eta txikientzako banakako hamabi txabola eta bi txabola bikoitz. Gune berdea ondoan kanpoan ibiltzeko.
Katuentzako: Bakarkako zortzi kaiola eta bi kaiola bikoitz. Egunero ordubete kaiolatik kanpo egiten dute prestatutako gunean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!