Villabonako Santioak 2015

Udalbatzaren elizarainoko desfilean EAJ eta PSE-EE bakarrik

Rebeka Calvo Gonzalez 2015eko uztailaren 25a

Udal gobernu berriak udalbatzak elizarainoko desfilea berreskuratzea erabaki du. Hala gaur goizean egin dute. Udaletxetik atera eta elizaraino joan dira EAJko eta PSE-EEko hautetsiak. EH Bildukoek, aldiz, ez dute parte hartu udalaren laikotasuna defendatzen dutela argudiatuz.

Udaletxetik atera eta Errebote plaza pasata Santio Lasterketan parte hartzen ari zirenekin egin dute topo EAJko eta PSE-EEKo hautetsiek. Musikariak aurretik zituztela hautetsiek Jesusen Bihotza elizara joan dira Berdura plaza pasa eta Kale Nagusitik barrena. Errepideko bide batetik desfilea eta bestetik krosean parte hartzen zeudenak, hori zen panorama, eta bazterretan krosa ikustera gerturatutako herritarrak, harrituta.

Elizara iritsi eta mezetara sartu dira hautetsiak. Ordu bete inguru iraun du elizkizunak, eta handik aterata Santiago Egoitzara joan dira, berriz ere musikariak aurretik zituztela. Han zeuden jada EH Bilduko hautetsiak. Egoiliarrekin hitz egiten aritu dira guztiak, eta dantza ere egin dute denen aurrean, bertakoen gozamenerako.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!