Gutuna: Azken asteetan Santio Jaien egitarauan egin diren aldaketen inguruan

Ataria 2015ko uzt. 22a, 13:19

Amasa-Villabonako EH Bilduko hautetsiek bidalitako gutuna:

Amasa Villabonako EH Bilduko udal taldea osatzen dugun hautetsioi, EAJko udal gobernuak aldebakartasunez, aurtengo Santio jaietako egitarautik presoen eskubideen aldeko ekitaldiak (elkartasun eguna) eta gure Udaleko alkateorde zen Remi Ayestaranen herri-omenaldia ezabatzea erabat onartezina iruditzen zaigu.

Gainera, erabaki horiek haserrea eta samina eragin dute herritar askoren artean eta egoera hori pasa den astearteko udalbatzan entzun eta sentitu ahal izan genuen, Remi Ayestaranen familiak eta preso eta iheslarien aldeko mugimenduko kideak udalean aurkeztutako idatziak irakurri zituztenean. Hautatuak izan diren EAJko ordezkariek gure herriko errealitatea eta billabonatar askoren sentsibilitatea oso gutxi ezagutzen dutelakoan gaude. Ez da harritzekoa, sei zinegotzitik hiru ez baitira billabonatarrak.

Alde batetik erabaki horiek hartzeko modua bera salagarria iruditzen zaigu, jai egitarauan aldaketak egin dira, egitarau hori osatzeko biltzen den Jai Batzordeko partaideei inolako azalpenik eman gabe. Gure ustez, jokabide honek Jai batzordean beren ekarpena egiten duten herriko elkarte, eragile eta pertsonekiko errespetu falta handia suposatzen du. Hau al da EAJko udal gobernuak defendatzen duen parte hartze politika? Herriko elkarte eta eragileen gainetik pasatuz, azken momentuan, eta alkate aginduz erabakiak hartuz?

Duela egun batzuk, Diario Vasco egunkarian, Iban Agirre alkateari egindako elkarrizketa irakurtzeko aukera izan genuen; bertan "la ciudadanía nos otorgó un mandato claro: abandonar los escenarios de imposición y apostar por generar espacios de diálogo y consenso. Nosotros vamos a funcionar de esa manera" esan zuen EAJko ordezkariak, ba ikusitakoak ikusita, elkarrizketa eta akordioa bultzatzeko modu penagarria erakutsi duela esan beharrean gara.

EH BILDUko hautetsiok erabaki horien berri izan genuenean, (aipatu bide batez, ez genuela alkate edo beste zinegotzien ahotik jaso) zuzenean bilera eskari bat egin genion alkateari. Jarraian bilera hartan alkateari aurrez aurre plazaratu genizkion argudioak errepikatuko ditugu:

Oraindik billabonatar ugarik pairatzen dute Espainiar Gobernuak martxan duen kartzela politika ankerra (asteburu honetan beste adibide mingarri bat izan dugu, Oskar Zelarain billabonatarraren lagunei bisita egiteko eskubidea ukatu zaienean), eta injustizia egoera horien aurrean presoen senideei elkartasuna adierazi, presoen giza eskubideen errespetua eskatu eta dispertsioaren kontrako aldarrikapena egiten da urtero Santio Jaietan ere. Konbentzituta gaude billabonatarren gehiengo oso handi batek, bat egiten duela aldarrikapenokin baina badirudi hori ez dela nahiko arrazoi, eta ekimen horiek ezabatu egin dituzte egitarautik. Horrek presoen eskubideen alde lan egiten dutenen lana oztopatzen duelarik. Badakigu EAJtik zer erantzuten duten behin eta berriz, betiko eta aspaldiko leloa: "jaiak eta politika banandu egin behar dira, ez dira jaiak politizatu behar..." baina aitzakia dialektiko horrekin, herritar antolatuek egiten dituzten aldarrikapen zehatz batzuk isilarazi eta ezkutatu besterik ez dutela egiten salatu nahi dugu.

Iban Agirrerekin izan genuen bilera hartan, Remiren herri omenaldia ere Santio jaietako egitarautik ezabatzeko erabakia guretzat onartezina zela esan genion aurrez aurre. Marra gorri bat. Eta lehen erantzuna, aski ezaguna dugu: "Ekitaldi politikoa da eta horregatik ezabatu dugu". Erantzun horren aurrean, argudio ugari jarri genituen mahai gainean: Ekitaldia herritar talde batek antolatzen du, herriko hainbat eragilek parte hartzen dute, ez da mitin politiko bat, ez da alderdi politiko batek antolatutakoa, herritarrek Remiri eskaintzen dioten omenaldi xumea baizik etab.

Remi Ayestaran, Udal honetako hautetsia zen, alkateordea, herritarren ordezkaria eta herritarren ordezkari gisa lanean ari zela hil zen. Ez al da honako hau nahikoa argudio Udal honek bere omenezko ekitaldia Santio Jaietako egitarauan modu ofizialean mantentzeko?

Diario Vascon argitaratutako berri hartan, "abandonar escenarios de imposicion" eta pasa den legealdian EAJ "ninguneatu" egin zela zioen Agirrek, eta Noticias de Gipuzkoan berriz, "EH Bildu ha despreciado a los demás partidos". Guk berriz beste zerbait ikusi dugu, EAJk agintea hartu duenetik, inori azalpenik eman gabe erabakiak "dekretazoz" hartzea; hau zer da? "ninguneoa"? inposaketa? desprezioa?

DVko artikulu berean, herritarren interesak lehenetsiko zituela zioen, interes alderdikoiak baztertuz. Gure ustez erabaki hauek herritarrei eta herriko sentsibilitate garrantzitsu bati, nahita, bizkarra emanda hartu dira. Esanak esan, guk oso garbi ikusten dugu Iban Agirre alkateak soilik EAJ-PNVren irizpide (edo agindu) politikoak hartu dituela kontuan.

Aipatu ditugun erabakiez gain, harriduraz ikusi dugu aurtengo Santio jaietako egitarauan jai batzordean hitz egin eta onartu gabeko, Jesusen Bihotza elizarainoko Udalbatzaren desfilea txertatu duela Udal gobernuak. Erabaki hau ere, beren estiloari jarraiki, inori jakinarazi gabe hartutakoa izan da. Duela urte batzuk, Administrazio publikoen laikotasuna defendatuz, Jai Batzordean aho batez onartu zen garai batean egiten zen desfile hori egitarau ofizialetik kentzea eta guk bat egin genuen erabaki horrekin. Udalaren laikotasuna defendatzen dugu, erlijio askatasuna defendatzen dugun moduan, pertsona orok askatasun osoa izan behar du nahi duen erlijio jarduera garatzeko. Era berean, guztiona behar lukeen udal batek ezin du bereizketarik egin eta erlijio jakin bati lehentasunik eman. Horregatik, EH Bilduko hautetsiok desfile horretan ez parte hartzea erabaki dugu. Hori bai, ondoren udalbatzak Santio egoitzara egingo duen bisitan izango gara, gustu handiz gerturatuko gara santio egoitzan dauden gizon emakumeekin egotera.

Aipatutakoak gutxi balira, Santio jaien baitan gertatu den beste gertakari itsusi bat ere aipatu nahi dugu oraingoan. Pasa den urtean, Santio egunean izaten den soka dantzan udal ordezkari guztiak parte hartzen hasi ziren. Aipatu behar da pasa den urteko hura, genero berdintasunaren ikuspegitik aurrera urrats esanguratsua izan zela, lehen aldiz soka dantzan gizon eta emakumeek berdintasunez parte hartu baitzuten.

Ekitaldi hau, Errebote plazatik Malkar plazara lekualdatzea proposatu zen, Santio jaietako ekitaldiak herrian zehar zabaltzeko asmoz (Errebote plaza da jaien erdigunea eta bertan antolatzen dira ekintza gehienak). EH Bilduk gidatutako udal gobernuak proposamena onartu eta aipatu soka dantza Markar plazan egin zen.

Aurtengoan ordea, gure harridurarako, Alkate jaunak Soka Dantza berriz ere errebote plazan egitea eskatu du. Arrazoia? Malkar plazan, euskal presoak euskal herriratzeko aldarrikapenarekin pintada bat dagoela lurrean. Oraingo kasu honetan ere, zenbait aldarrikapen isilarazi edo zentsuratzeko nahia agerian utzi du EAJk. PSE-EEko zinegotzi bakarrak proposatu omen du neurria, baina EAJko ordezkariek men egin, eta gustu handiz kasu egin diotela ikusi dugu guk. Baina nork agintzen hartzen ditu erabakiak Amasa Villabonan? PSE-EEko zinegotzi bakarrak?

EH Bilduko hautetsiok, ekitaldiaren antolatzaile den Oinkari dantza taldearekiko eta herritarrekiko errespetuz, soka dantzan parte hartuko dugula erabaki dugu, baina ez dugu zentsurarik onartuko eta dispertsioaren kontrako aldarrikapenak eramango ditugu soinean.

Egiaztatu duzuen bezala, zoritxarrez, Santio jaien bezperako aste hauetan giro txarra eta tentsioa nagusitu da Villabonako udalean. Egoera hau ordea, ez da inondik inora EH Bilduko hautetsiok eragindakoa izan, guk legegintzaldi hasieratik, oposizio serio eta eraikitzailea garatzeko borondatea agertu diogu EAJri eta elkarlanerako eskua zabalik izan dugu uneoro. Aipatutako egoera hauen aurrean ordea, ezin izan dugu beste alde batera begiratu eta egoerak eskatzen zuen erantzun politikoa ematen saiatu gara, errespetuz baina tinko.

Datorren uztailaren 24tik aurrera, liskar politikoak (ez aldarrikapenak) alde batera utzi eta billabonatar garen neurrian, gure herriko kaleetan izango gara jaiez gozatzen. Aurtengoan ere, ez dugu inolako jarrera edota eraso sexistarik onartuko, eta entzun behar duenak entzun dezala: EZ, EZETZ DA!
Eta azkenik, nola ez, EH Bildu osatzen dugun guztion partez GOZATU SANTIOAK!

Nora Urbizu, Peio Zelarain, Arantxa Lopez, Xabat Laborde, Leire Olasagasti eta Jon Garmendia.
Amasa-Villabonako Udaleko EH Bilduko hautetsiak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!