Tentsio handiko lehen ohiko osoko bilkura Villabonan

Imanol Garcia 2015ko uzt. 20a, 22:00

Mikel Ayestaranek, Remi Ayestaranen anaiak, irakurri du familiaren idatzia.

Remi Ayestarani festetan egiten zaion omenaldia berriro festetako egitarauan sartzea eskatu diote bere familiakoek zein udaletxera joan diren herritarrek Iban Agirre alkateari. Horrekin batera, preso eta iheslarien eskubideen alde antolatzen diren ekitaldiak ere berriro egitarauan sartzeko eskatu dute eskubide horien defentsan aritzen diren mugimendutik.

Agintaldi berriko lehen ohiko bilkura izan zen, astelehenean, Amasa-Villabonan, tentsio handiz. Minarena izan zen, gehien entzun zen espresioetako bat, eta Remi Ayestaranen familiakoek eta lagunek, preso eta iheslarien senide eta lagunek, eta EH Bilduko hautetsiek samina adierazi zuten.
Remi Ayestaranen senideek testu bat irakurri zuten, festetan egiten dioten omenaldia egitarau ofizialetik kendu izana salatzeko. Besteak beste, alkateak erabaki hori hartzea ez zutela espero azaldu zuten eta «oso minduta» daudela. «Gaur egun bizi dugun egoera berri honetan, ez dugu ulertzen hartutako erabakia. Biktimekiko errespetua eta memoria bezalako hitzekin betetzen zaizue ahoa, baina erakutsi duzue, argi, maila ezberdinetako biktimak daudela zuen arabera», azaldu zuten.
Zuzenketa eskatzeaz gain, udalbatzak Remi Ayestaran Olano «bortizkeria politikoaren biktima» gisa aitortzea eskatu zuten familiakoek: «Horretarako, omenaldia jaietako egitarautik kentzeko erabili duzuen argudioa bera erabiltzea eskatzen dugu: Remiren omenezko ekitaldia politikoa bada, Remi bortizkeria politikoaren biktima bezala onartzea».
Bide beretik, familiakoek alkateari eta EAJko udal taldeari ere leporatu zioten ez zirela beraiekin harremanetan jarri, erabakia hartu aurretik. «Komunikabide batean esan duzu azkar hartutako erabakia izan dela, eta ez duzula aukerarik izan jendearekin elkartzeko; lasaitasun gehiagoz hitz egiteko aukera izango dela. Zuek izan zarete lasaitasunik izan ez dutenak eta, horrelako erabaki bat Remi Gogoan herri ekimenari eta herritarrei bizkarra emanda hartu duzuenak».
Osoko bilkuran zeuden zenbait herritarrek ere hitz egin zuten eta, besteak beste, alkateari erabakia bando bidez atzera botatzea eskatu zioten.
Azken horren inguruan ez zuen iritzirik eman Iban Agirre alkatean, baina honakoa erantzun zien senideei: «Sentitzen dut hartutako erabakiak mina eragin badu, ez nuen hau gertatzerik nahi».
Ohiko bilkuran beste idatzi ere bat irakurri zuten, preso eta iheslarien eskubideen aldeko mugimendutik, horien aldeko ekitaldiak egitarau ofizialetik kendu dituztela salatuz. «Aginte makila hartu zenuenetik hilabete eta egun batzuk besterik pasa ez diren honetan, lan egiteko estilo eta eredu oso zehatza agertu duzue, zuen kabuz erabakiak hartuz, inposizioaren bidetik», adierazi zuten idatzian. Bestalde, gogora ekarri zuten, egun bost billabonatar preso daudela, «guztiak dispertsio politika ankerraren ondorioz, Villabonatik oso urrun».
Gaineratu zutenez, «mozal legeak dagoeneko Villabonan egin du bere agerpena, zentsura eta giro asaldatua eragiteko helburuz. Honen aurrean lasaitasuna eta, oztopo guztien gainetik, preso eta iheslarien aldeko lanaren indartzea aldarrikatuko dugu». Halaber, aurtengo Santio jaietan preso eta iheslarien eskubideen aldeko ekitaldiak «are gehiago indartzeko» deia egin zuten.
Horri erantzunez, «beste kolektiboekin egin dudan bezala, preso eta iheslarien eskubideen aldeko kolektiboarekin ere hitz egiteko prest» azaldu zen alkatea, «errealitate hori barneratzeko».
Bere aldetik, EH Bilduko udal taldearen ustez, «azken asteotan, jaien egitarauari dagokionez, EAJko udal gobernuak hartutako alde bakarreko erabakiak, ulertezinak eta onartezinak dira». Horrela, mahai gainean Remi Ayestaranen argazkia jarri zuten, eta elkartasuna eta babesa eskaini zieten «Remi Ayestaranen familiari eta lagunei, eta Villabonako preso politikoen senide eta lagunei».
Gainera, Remi Ayestarenen omenaldia egitarautik ezabatzeko arrazoia «ekitaldi politikoa izatea» dela esan zien alkateak, EH Bilduko zinegotziek azaldu zutenez: «Ekitaldia herritar talde batek antolatzen du, herriko hainbat eragilek parte hartzen dute, ez da mitin politiko bat, ez da alderdi politiko batek antolatutakoa, herritarrek Remiri eskaintzen dioten omenaldi xumea baizik. Remi Ayestaran udal honetako hautetsia zen, alkateordea, herritarren ordezkaria eta herritarren ordezkari gisa lanean ari zela hil zen. Ez al da hori nahikoa argudio udal honek bere omenezko ekitaldia Santio jaietako egitarauan modu ofizialean mantentzeko?».


Iratzar herriko tabernaren inguruko mozioa, onartuta

Osoko bilkuraren beste puntuetako bat Iratzar herriko tabernaren itxiera agintzen duen sententziaren ingurukoa izan zen, EH Bilduk mozioa aurkeztu baitzuen. Mozioa onartu egin zuten, EH Bilduko sei zinegotzien eta bilkuran zeuden EAJko bost zinegotzien botoekin; PSE-EEko zinegotziak aurka bozkatu zuen.
«Eskubide zibil eta politikoen defentsan, horrelako egoerak atzerapauso nabarmenak dira gure herrian», mozioaren arabera, eta «makro epaiketa politikoekin amaitzeko» eskatu zuten.
Bestalde, Iratzar elkartean biltzen diren norbanako zein eragileei elkartasuna adierazi zieten,  eta baita epai horren ondorioz lanik gabe geratuko direnei ere. «Egungo egoera politiko berrian horrelako gertaerek lekurik ez dutela» adierazi zuten, eta «salaketa irmoa» mahai gaineratu zuten.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!