Irrintzi elkartearen eskutik dator Villabonako 19. Garagardo Azoka

Jon Miranda Labaien 2015ko uzt. 16a, 13:27

Villabonako Irrintzi elkarteak gaurtik igandera arte zabalduko du azoka. Agustin Laskurain elkarteko kideak eta azokako antolatzaileak eman du horren berri.

Estatuan egiten diren garagardo azoken artean beteranoenetako bat da Villabonakoa. Irrintzi elkarteak duela 19 urte antolatu zuen aurreneko aldiz eta Agustin Laskurain elkarteko kideak aitortzen duenez «gutxik sinisten zuten orduan funtzionatuko zuenik. Hemen ez omen zegoen garagardoa edan eta Alemaniako produktuak dastatzeko ohiturik. Zorionez denborak arrazoia kendu die hori esaten zutenei».

Intxaurrondoko Arzak Ortzeok elkartea eta gastronomia taldekoak antolatu zuten lehen garagardo azoka Gipuzkoan duela 22 urte eta haien arrastoari segika abiatu ziren Irrintzikoak: «Intxaurrondokoa desagertu da eta hangoarekin batera tokian tokiko azoka txikiagoak. Ez du esan nahi moda pasata dagoenik baina bezeroak kalitatea bilatzen du eta ondo jan eta garagardo mota ezberdinak dastatu nahi ditu».

Villabonakoak iraun du eta horren gakoa antolaketan dago. Irrintzi elkarteko kideak buru belarri ibiltzen dira azoka antolatzen, maiatza erdialdean hasita. Laskurainek esaten duenez, «bi motatako kolaboratzaileak ditu, muntaia garaikoak batzuk eta garagardo azokan aritzen direnak besteak. Osteguna eta ostiralean 60 lagun eta larunbata eta igandean 100 bat ariko gara lanean». Talde txikiago bat izaten da muntaia lanaz arduratzen dena; «15 bat lagun gara, betiko jendea eta esperientzia zabala duena». Aurreko astean hasi ziren Zubimusu ikastolaren Txermingo eraikina egokitzen.

Toki ezin aproposagoa da garagardo azoka bat egiteko Txermingo eraikina. Ikastolak berak aterpe handia du eta eguraldi txarra eginez gero ere babestuta geratzen den tokia da. «Lehenengo urtean ikastolaren aterpean egin genuen eta gaur egun jolasleku guztia hartua dugu. Gehiago ezin dugu zabaldu. Aurten, 15 metro koadroko bi karpa berri jarriko ditugu eta espazio guztia okupatuta geratuko da».

Eserita afaldu ahal izateko 900 lagunentzako tokia egongo da garagardo azokan. Zaila da, hala ere, egunotan zenbat jende pasako den kalkulatzea: «Ez da sarrerarik kobratzen eta ez dakigu esaten zenbat jende etorriko den. 2.600 ukondo saldu genituen iaz. Horrek pista bat ematen digu. Gutxi gora behera, 9.000 litro saldu izan ditugu. Eguraldiak zer esan handia du horretan».

Garagardo azokek izan dute bilakaera eta hori sumatu dute Irrintzi elkartekoek. Duela 20 urte baino garagardo gehiago eta hobea edaten da gaur egun. «Jendea ez da betiko garagardoa edatera etortzen. Normalean edaten ez direnak eskatzen ditu, prezio onean garagardo ona hartzeko aukera dago hemen». 3,50 eurotan saltzen dute garagardo berezi bakoitza eta pitxarra euro batean eskuratu daiteke.

«Jakietan guk bi izar ditugu: ukondoa eta saltxitxak. Alemaniako jatorria duen Bilboko familia batek egiten dituen produktuak dira. Garai bateko errezetak mantentzen dituzte. Horrekin batera, haragi pastela, entsalada alemaniarra, gulak eta bestelako jakiak dauzkagu. Nabarmentzekoa dira navarrito erara prestatzen ditugun patatak. Zendutako bazkide baten omenez prestatzen ditugu».

Gaurtik igandera bitartean, 18:00etatik goizaldeko 1:00etara egongo da zabalik Villabonako garagardo azoka. Ostiralean eta larunbatean zuzeneko musikaz gozatzeko aukera izango da.

Hurrengo urtean 20. urteurrena

Villabonako Irrintzi Elkarteak antolatzen du garagardo azoka eta lan handia eskatzen die bazkideei: «Gutako asko adinean sartzen hasiak gaude eta erretiroa hartuta gaude. Nekea ere sumatzen dugu kideon artean. Egia da, gero, lanean hasi eta pena guztiak ahazten zaizkigula. Hala ere, datorren urtetik aurrera, garagardo azokaren antolakuntza beste taldeetara zabaldu nahi genuke».

Izan ere, 20. urteurrena beteko du datorren urtean Irrintzi elkarteak Villabonan antolatzen duen garagardo azokak. Laskurainek aitortzen duenez, «guk segiko dugu baina antolakuntzan jende berria sartzen bada, ateratzen diren etekinak ere partekatuko ditugu beste eragileekin».

2009an sutea izan zen Villabonako Irrintzi elkartean eta horrek eragindako kalteak konpontzeko baliatzen dute garagardo azokan ateratako irabazia. Eta noski, urtean zehar txirrindularitzaren inguruan antolatzen dituzten ekimen guztiak finantzatzeko ere balio du bildutakoak.

Txirrinduzale gisa aurtengo Tourraz iritzia ere eman du Laskurainek: «Ez dakit dena erabakita ote dagoen. Froommek erakustaldia eskaini zuen herenegun, baina lasterketa luzea da eta oraindik ikusteko dago zer gertatuko den. Guk zale bezala, ziztadaren bat nola ematen dioten gustura ikusiko genuke; bestela oso aspergarria izango litzateke».

Lanerako prest dira Irrintzi elkarteko kideak, igandera arte jendeak garagardoaz goza dezan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!