Remiren omenaldia egitarautik kentzeagatik haserrea adierazi dute herritarrek

Jon Miranda 2015ko uzt. 15a, 19:21

Remi Ayestarani urtero uztailaren 31n egiten zaion omenaldia jai egitarautik kentzeko erabakia "aldebakarrez, inori ezer esan gabe, jai batzordean onartutakoaren kontra eta alkate dekretuz" hartu dela salatu du Remi Gogoan herri ekimenak.

Ezin sinetsita eta arduratua geratu direla eta harridudarekin batera albisteak haserrea eragin diela esan du Gari Bidaurretak, herri ekimenaren izenean. Erabakiaren aurka protesta egiteko, ehundaka lagun bildu dira agerraldira, Remiren izena daraman pasealekura.

EAJk hartu duen erabakia "zauriak itxi eta herri honek etorkizunera begiratzeko bidean traba baino ez dela" uste du Remi Gogoan herri ekimenak eta horregatik gogor salatu du udal gobernuaren jarrera. "Ez da elkarrizketa eta kontsentsu guneak sortzeko modua".

2009ko uztailaren 31n, Santio festetako azken egunean Ertzaintzaren presentziak jai gunean eragiten zuen tentsioa haratago joan ez zedin udal ordezkari gisa jardun zuen Remi Ayestaranek. Une horretan, bihotzekoak eman zion eta bertan hil zen.

Remi Gogoan herri ekimenak "ez du mendeku gosez jokatu, egia, justizia, errekonozimendua eta erreparazioa eskatu ditu, besterik ez, baina gutxiago ere ez". Horregatik, gaurko agerraldian, Remiren izena eta izana gogoratzeko ekitaldia gauzatuko dutela iragarri dute, "inorri ez diogulako Remi ahanzturara eramaten utziko".

Uztailaren 31n, iluntzeko 20:00etan Amasa-Villabonako alkateorde izandakoaren izena daraman ibilbidean egin dute hitzordua.

Remi Ayestaranen sendiak beste deialdi baterako deia egin die bertan bildutako herritarrei. Uztailaren 20an, 19:00etan Amasa-Villabonan egingo den ohiko udalbatzan familiak egoera guztia salatuz mozioa aurkeztuko du. "Gaur hona babesa ematera gerturatu zareten bezala, plenora azaltzeko gonbita luzatzen dizuegu".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!