‘Sagarrondotik’, nagusien taldera salto egin aurreko langa

Rebeka Calvo Gonzalez 2015ko uzt. 7a, 16:05
Entseguetan murgilduta daude orain, Oinkariko gazteak

Oinkari Dantza Eskolako gazteek Sagarrondotik ikuskizuna eskainiko dute Olaederra kiroldegian

Oinkari Dantza Eskolako dantzari zaharrenak, 12 eta 15 urte artekoak, taula gainera aterako dira larunbatean, hilak 11, azken bi urteetan ikasitakoa erakustera.

Datorren ikasturtean horietako asko nagusien taldera egingo dute salto, eta trantsizio horretan kokatu behar da Sagarrondotik batailatutako lana.

Ez da ohiko emanaldi bat izango, dantza garaikidea eta tradizionala uztartuko dute, eta sagarraren inguruko istorio bat kontatzeko elementu berritzaileak erabiliko dituztela esan du taldeko Eneko Arteaga arduradunak. «50 minutuko ikuskizuna da, berritzailea, dantza tradizionala eta garaikidea nahastuko dute, baina garaikideak garrantzia berezia izango du. Sagarraren inguruko istorio txiki bat ikusi ahal izango da», esan du.

Ikusleak ikuspegi irekiarekin joatera animatu nahi izan ditu ere Arteagak: «Ikusleak orain arte ikusitakoaz aparteko zerbait ikusteko mentalitatearekin joan behar du. Gazte hauek dantza tradizionala landu dute azken 10 urteetan eta hori ikusi ahal izango da taula gainean, baina horretaz gain beste pauso bat ematea erabaki dugu, eta pauso horretan sorkuntza lanak berebiziko garrantzia izan du, eta hori ere hor egongo da. Interpretazioak ere garrantzia handia izango du prestatu dugun ikuskizunean, dantza garaikidearekin batera. Bi taldeetan egin dute lan handia dantzariek; dantza tradizionalean eta dantza garaikidean».

35 dantzari ariko dira dantzan Sagarrondotik emanaldian, 7 mutil eta 28 neska; «ikasle hauek dantza garaikidea egiten bi urte eman dituzte eta orain arte ikasitakoaren erakustaldi txiki bat izango da». Urduri dauden galdetuta, hori baino gehiago ziklo hau ixteko gogoz daudela esan du Arteagak; «urduritasunez baino gehiago, ikuskizuna erakusteko gogoz daude, entsegu karga handia izaten ari dira, eta lana erakusteko gogoa dute».

Emanaldi bakarra
Estreinaldia Villabonan bertan izango da, Olaederra kiroldegian, eta printzipioz ez dute emanaldi gehiagorik eskaintzeko asmorik. «Ikuskizuna berez behin egitekoa da. Ikasle hauek talde nagusira pasako dira datorren ikasturtean eta emanaldi bakarra eskainiko dugu, printzipioz».

Ikasturtea amaitzeko gogoz daude Oinkari Dantza Eskolan. Ikasturte «gogorra» izan dela dio bertako arduradunak eta aurrera egiteko gogoz badaude ere, atsedenaldia ondo etorriko zaiela uste du. «Ikasturtea nahiko gogor joan da. Gaztetxo hauek uzten ari dira. Dantza, ikasketak eta lana uztartzea zaila da, eta hau borroka bat da, baina aurrera jarraitzeko gogoarekin gaude», azaldu du.

Datorren larunbateko Sagarrondotik lanaren estreinaldia ikasturtea bukatu eta merezitako atsedena hartzeko modurik onena izango da.

Estreinaldia

  • Ikuskizuna. Sagarrondotik.
  • Eguna. Uztailak 11, larunbata.
  • Ordua. 22:30ean.
  • Lekua. Olaederra kiroldegia.
  • Dantzariak. Oinkari Dantza Eskolako ikaslerik zaharrenak.
  • Zuzendaria. Agurtzane Intxaurraga (HIKA teatroa).
  • Koreografiak. Noemi Viana eta Eneko Gil.
  • Sarrerak. 6 euroren truke Villabonako Amasa kafetegian edo www.kutxasarrerak.com atarian. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!