Zubimusu Ikastolako ikasleek material digitala erabiliko dute datorren ikasturtean

Ataria 2015eko uztailaren 2a

Jauzi kualitatibo garrantzitsua da EKI proiektuaren testuinguruaren baitan garatzen den hau. EKI konpetentzietan oinarrituriko hezkuntza metodologia berritzailea da.

Chromebook-a, ordenagailu eramangarri arin eta fina DBH3ra irailean iritsiko da, paperean argitaraturiko ikasmateriala atzean utziz. Ikasleek liburu eta koaderno elektronikoekin egingo dute lan, geletan digitalizazioa nagusituz. Erreminta osagarri gisa, duela bi urte arbel digitalak eta ordenagailuak erabiltzeari ekin zitzaion eta EKI proiektua ezarri zen, Ikastolen Elkarteak erreferentziazko zentroetan gauzatu duen esperimentazio fasea amaitutzat emanaz. Hori horrela, Zubimusu Ikastolan urrats berriak emango dituzte orain digitalizazioaren aldeko apustuan.

“DBHko 1go eta 2.mailetan, ultrabooka erabili dute zenbait jardueratarako baina paperezko euskarriak pisu handia izaten jarraitu du. Alabaina, 3. mailan ikasmaterial guztia digitalean izango dute 2015-2016 ikasturtean”, dio Kontxi Ormazabal zuzendariak. Hala ere, argitu nahi du digitalizazioa bere horretan ez dela garrantzitsuena baizik eta horren atzean dagoen planteamendu pedagogikoa.

“EKI konpetentzietan oinarritutako lehen ikasmateriala da. Zer nahi du esan horrek? Ez dela nahikoa taulak eta datuak buruz ikastearekin, gero gure ikasleak ez badira gai ezagupen horiek integratzeko, alegia, egoera ezberdinekin erlazionatzeko. EKI egitasmoak gaitasunak lehenesten ditu eta edukiak horiek garatzeko baliagarriak izango zaizkigu. Ez da nahikoa ezagupen akademikoa eskuratzearekin. Gure ikasleek konpetenteak izatea lortu behar dute bizitzako edozein egoeraren aurrean”. Arrazoi hau tarteko, EKI proiektuarekin ikasleek ikasten eta pentsatzen jakitea, komunikatzen, elkarbizitzen, norbera izaten eta ekintzaile izaten.

DBH3ko ikasleek EKI proiektu digitala zazpi irakasgaitan jarriko dute praktikan: Euskara eta Literatura, Lengua Castellana y Literatura, Ingelesa, Matematika, Gizarte Zientziak (ingelesez), Biologia-Geologia eta Fisika-Kimika.

Teknologia berrien ezarpenarekin lotuta, jorratu beharreko beste gai bat irakasleriaren formazioa izan da. Irakasleek saio trinkoetan hartu dute parte. Era berean, irakasleak DBH 3ko ikasleen gurasoekin bildu dira hau guztia xehetasun osoz azaltzeko. Ekonomikoki familientzat kostua ez da igoko. Testu liburuen ordez, material digitala erosi beharko dute eta horrez gain, hilero kuota bat ordainduko dute ordenagailuaren erabileragatik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!