Billabonaren sasoi amaierako festa, larunbatean

Asier Imaz 2015ko eka. 18a, 13:00

Mikel Elizegi eta Imanol Rodriguezek denboraldiaren balantzea egin dute Ataria Irratian.

Billabonako Futbol eta Kirol Elkarteari 2014/15 denboraldiari agur esateko garaia iritsi zaio. Horretarako hilaren 20ean, larunbatean, festa handia egingo dute Arratzainen. Bertan izango da elkartea osatzen duten guztiak: jokalariak, gurasoak, entrenatzaileak eta zuzendaritzako kideak. Azken honetako kidea da Imanol Rodriguez:

«Denboraldiari amaiera emateko festa polita izaten da. Goizean joko batzuk egiten dira haurrekin, entrenatzaileekin eta abar. Ondoren, ikastolako patioan bazkaria egiten dugu». Billabona FKE familia elkartzen da bertan, Mikel Elizegi presidentearen esanetan, 350-400 lagun: «Bazkalostean musika pixka bat, barra bat, eta urte guztian gertatutakoaren balantze txikiak egiten ditugu, giro ederrean».

Horrez gain, maila bakoitzeko jokalariri onenari sari bat ematen zaio. Jubeniletara iritsi eta taldea utzi behar duen jokalariari ere omenalditxo bat egiten zaio, Billabona FKEren kamiseta, bere izenarekin oparituaz. «Oso une hunkigarria izaten da, emozio handikoa», dio Rodriguezek.

Denboraldiaren balantzea

Aldaketa handiena zelaiak berak eman du aurtengo denboraldian. Arratzainen belar naturala kendu eta artifiziala jarri dute. Hori izugarrizkoa izan dela dio Mikel Elizegik: «Hainbeste desio genuen obra iritsi zen. Pena pixka bat sentitu genuen, baina sekulako aurrerapausoa izan da. Lehen bi astean behin belarretan jokatzen zuten, baina gero, entrenamendu guztiak asfaltoaren gainean egiten zituzten. Horrek dakarren guztiarekin. Orain hori guztia aldatu egin da, abantaila izugarria izan da». Lanak ez daude amaituta, bigarren fasea falta baita, aldagela berriena.

Beste berrikuntza bat, aurtengo denboraldian, Manu Murielen Omenezko Txapelketa izan da. Ekainaren hasieran egin zuten, eta Billabonakoak oso gustura geratu ziren: «Dena oso ondo atera zen. Zorion agur piloa jaso genituen, eta familiarentzat, gogorra izan bazen ere, emozio handiko eguna izan zen».
Ia 200 jokalari, hamalau entrenatzaile, zazpi monitore, infantiletan eta kadeteetan bi talde, jubenilak, eta aurten lehen aldiz, erregional mailako taldea. Harrobia landuz aurrera doan itsasontzia da Billabona FKE, Elizegi presidenteak esaten duen bezala.

Kirol mailan, emaitzei begira kadeteetan hasten dira, txikiagoei futbolean jolastuz gozatzeko besterik ez baitie eskatzen. Kadeteek egindakoarekin gustura daude zuzendaritzako kideak, ohorezko mailari eustea lortu baitute, «nahiko erraz gainera». Jubenilentzat urte zaila izan dela dio Elizegik: «Lesioak tarteko jendez oso larri ibili gara. Kadeteek ere esku bat bota behar izan dute. Azkenean lehen mailara jaitsi gara, baina ez gaitu horrek asko larritzen. Maila mantendu eta ahal bada igotzen saiatzea geratzen da orain». Erregional mailako taldearen denboraldiarekin, berriz, gustura dago Elizegi. Lehen urtea izan da aurtengoa, eta lehen fasea irabazi zuten. Ondoren, kosta egin zitzaien igoera ligaxkan erritmoa hartzea, nahiz eta amaieran emaitza txukunak lortu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!