Zailtasunak dituzten ikasleak laguntzeko ekimena

Ataria 2015eko ekainaren 17a

Flemingoak guraso elkarteak, Karitasek, Fleming ikastetxeak eta herriko hainbat lagunek borondatez lagunduko diete etxeko lanekin lehenengo mailatik hirugarren mailara bitarteko ikasle batzuei. 

Datorren ikasturteari begirako ekimena prestatzen ari dira hainbat eragile elkarlanean. Ikasgelako tropelari jarraitu ezin dioten ikasleei eta etxean baliabiderik ez dutenei bultzada ematea da asmoa.

Herriko pertsona ezberdinak boluntario gisa parte hartuko dute eta astean arratsalde batez, 1., 2. eta 3. mailako ikasle batzuei etxeko lanetan lagunduko diete.

Ekimen honetan boluntario gisa parte hartu nahi dutenek, guraso elkartearekin edo ikastetxearekin jarria daiteke harremanetan. Arduradunek esan dutenez, "ilusioz betetako proiektua da eta guztientzat onuragarria izango delakoan gaude".

Material bilketa

Flemingoak guraso elkartea Karitasekin jarri da harremanetan eta urtean zehar material bilketak egitea adostu dute elkarrekin. "Iruditzen zaigu herrian familia ugarik jotzen duela Karitasen bulegora laguntza eske eta guk ere gure hondar alea jarri genezakeela uste dugu", aipatu dute guraso elkartetik.

Plastidecor margoak, arkatzak eta borragomak eta estutxeak bilduko dituzte Arroako eskolako sarreran jarriko den kaxak. Nahi duenak materiala utzi dezake bertan. Ekainaren 18a da horretarako azken eguna.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!