Ingurumenaren eguna bigarren eskuko azokarekin ospatu dute

Ataria 2015eko ekainaren 5a

Villabonako Berdura plazan bigarren eskuko produktuak saltzeko azoka jarri dute gaur arratsaldean, Tolosaldean Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren harira antolatu dituzten ekitaldien barruan.

Bihar eta etzi irteerak antolatu dira gure eskualdean. Hitzordua, bihar egin dute 8:45ean Alkizako plazan. Eguerdian, hamaiketakoa egingo dute. Edariak Alkizako eta Zizurkilgo udalek jarriko dute eta janaria norberak eraman beharko du. 13:30etarako egingo dute buelta eta arratsaldez, 16:30ean plazan elkartu eta saguzarrentzako kabiak jartzera joango dira basora. 20:30ean Alkizako plazan saguzarrek emititzen zituzten ultrasoinuak entzungo dituzte gailu baten bidez.

Igandean, Santa Lutzia eta Uzturren zehar ibilaldi gidatua egingo dute. Hiru orduko iraupena izango du eta bi hitzordu jarri dituzte abiatzeko: 10:30ean Triangulotik eta 10:45ean Samaniegoko aparkalekutik. Santa Lutziatik Miserikordia zaharreko lursailetara joango dira eta bide horretan jarri diren interpretazio panelak eta mahai panoramikoa ikusiko dituzte adituen laguntzarekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!