Kolonbiara begirada gurutzatua

Jon Miranda Labaien 2015ko eka. 4a, 09:14

Asteartean Elkartasun Astearen barruan, Diana Urrea EH Bilduko legebiltzarkidea eta Arantxi Padilla EITBko kazetaria aritu ziren

Diana Urrea Euskal Herrian bizi da 10 urte zituenetik. Jatorriz kolonbiarra da, ordea, eta bere herrialdearen inguruko ikuspegia eman zuen asteartean Villabonako Subijana etxean. Eta Arantxi Padilla, berez, billabonatarra den arren azkeneko urteak Bogotan eman ditu, EITBrentzat Hego Amerikako berriemaile gisa. Interneteko konexio bidez Kolonbiaz duen iritzia eman zuen kazetariak Elkartasun Asteko saioaren barruan.

Biolentziak gurutzatutako herrialdea da Kolonbia. Urreak hori erakusten datuak eman zituen: «6 miloi hektarea lapurtuko zaizkie bertako indigena eta nekazariei, multinazional handien mesedetan. Krisi humanitario larria bizi da eta populazio indigenaren erdia desagertzear dago». Ur baliabideetan, munduko hirugarren potentzia izan arren, krisi humanitarioa bizi du Kolonbiak.

EH Bilduko parlamentariak biolentzia politikoaren berri eman zuen astearteko hitzaldian: «Hiru mila sindikalista hil dituzte 1977tik eta 10.500 biktima eragin dituzte pertsonen aurkako minek. 9.000 preso politiko daude eta %300eko gain populazioa dago kartzeletan».

Inpunitatea erabatekoa da eta 60 urtetan Kolonbiako gizarte zibilaren giza eskubideak sistematikoki urratu dira. «Orain, argi izpi bat ikusten dugu. Gatazka armatuari amaiera emateko aukera esku eskura dugu».

Habanan Kolonbiako gobernuak eta FARCeko gerrillek abiatua duten negoziazioa gertutik jarraitu du Arantxi Padillak: «Orain momentu historikoa bizi dugu. Bake prozesua kili-kolo dago azken asteotako bonbardatze eta hilketen ondorioz. Era honetako prozesuak gorabehera handikoak izaten dira eta argi dago, hainbeste urte iraun dituen gatazkaren konponbideak luze joko duela».

Euskal Herrian eta Kolonbian aldi berean ematen ari diren bake prozesuak alderatzeko joera ohikoa izaten da gure artean. Gatazka bakoitzak bere ezaugarriak dituela nabarmendu zuten bi hizlariek. Padillak dioenez, «bi gatazketan biktimek duten papera oso ezberdina da. Hemen, Kolonbian, drama bat bizi izan dute eta bizi izan duten min hori borrokatzeko indar bilakatzen dute».

Iaz 15 mila emakume bortxatu zituzten Kolonbian. Bestalde, munduan barne desplazatu gehien dituen herrialdea da eta urtero beste 15 mila pertsonek utzi behar izaten dituzte euren etxeak. «Biolentzia hori guztia bizi izan duten herritarrak elkarrizketatu behar izaten ditut nire lanagatik eta oso gogorra da. Askotan jartzen zait korapiloa eztarrian». Subijana etxeko areto nagusian, Urreak eta Padillak esandakoa adi jarraitu zuten jatorriz kolonbiarrak diren hainbat herritarrek: «Arantxiri eskerrak eman nahi dizkiogu egiten duen lanagatik. Bakegintzan nazioarteko komunitatearen inplikatzea lortzeko gure herrialdeak bizi duen errealitate ezagutaraztea ezinbestekoa da».

Bake prozesuak aurrera egin dezan, nazioarteko aktoreen parte hartzearekin batera, komunikabideen lana eta batez ere, Kolonbiako gizarte zibilaren presioa jo ditu oinarrizkotzat Urreak: «Habanan adostuko dituzten puntuak bezain garrantzitsua da, gero, horiek betearazteko alde guztien konpromisoa». Azkeneko urteetan aurrera pausoak ikusi dituzte eta baikor dira hemen bizi diren kolonbiarrak. Bogotatik iritsi dira animo hitzak: «Kolonbiarrak ez dira negartiak, indarra badute eta etorkizunari positiboki begiratzen diote beti. Horrela, ziur aurki izango dela bakea hemen».

Elkartasun Astea

EKAINAK 4, GAUR
19:30. Subijana etxean Ikaika taldearen eskutik Mi bicicleta no me pertenece dokumentala eskainiko dute. Ertamerikako hainbat herrialdetako egoera kontatzen du: marak, ur edangarriaren eskasia, emakumea, AEBra migrazioa...

EKAINAREN 10A ARTE
Goiz eta arratsaldez. EACNUR elkarteak erakusketa zabaldu du Gurea erakusketa gelan. Ancianos refugiados du izenburua eta munduan zehar errefuxiatuta bizi diren adineko pertsonen inguruko argazkiak biltzen ditu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!