Manu Murielen oroimenezko futbol txapelketa, Arratzainen

Asier Imaz 2015ko eka. 1a, 18:15

I. Manu Murielen Oroimenezko Futbol Txapelketa jokatuko da ekainaren 7an, igandez, Villabonako Arratzain futbol zelaian.

Txikienak ariko dira lehian bertan, 2004an jaiotako haurrez osaturiko hamabi talde. Eskualdeko ordezkaritza zabalaz gain, Euskal Herriko txoko desberdinetatik etorriko dira futbol taldeak Villabonara. «Ez da kasualitatea txikienen arteko txapelketa hau, Muri-k eurekin gozatzen baitzuen gehien». Villabona KE-ko zuzendaritzakoen hitzak ziren horiek, txapelketaren aurkezpen ekitaldian.

Imanol Rodriguezek txapelketaren zergatia azaldu zuen lehenik eta behin: «Iazko maiatzaren 13an joan zitzaigun Manu Muriel, bapatean. Herriarentzat, elkartearentzat eta familia osoarentzat golpe gogorra izan zen. Argi genuen bere oroimenez zerbait egin behar genuela, baina indarrak falta zitzaizkigun. Orain, urteurrena pasata, indarrez gaude, eta txapelketa hau antolatu dugu bere omenez». Ez dute nahi edizio bakarrekoa izatea, hau da, zuzendaritzan edozein egonda ere, jarraipena edukitzea nahi dute, «horrela erakutsiko baitugu Muri ez dugula inoiz ahazten», esan zuen Rodriguezek.

Bernardo Borrego zuzendaritzako beste kideak, bere lagun mina nolakoa zen azaldu zuen zatitan: «Bizitzan bi pasio zituen, familia eta futbola. Billabona KEren eraldaketa bere eskutik etorri zen, 80 jokalari izatetik 200era pasatu ginen. Muri-k guztiak ezagutzen zituen izen abizenez, eta haurrengatik ere maitatua zen. Bera joan zitzaigunean, horietako haur batek honela idatzi zuen sare sozialetan: Manu Muriel, entrenatzaile desberdina; berezia».

I. Manu Murielen Oroimenezkoa

Talde parte hartzaileak: Billabona KE; Danena KE; Euskalduna; Vasconia; Tolosa CF; Intxurre KKE; Añorga KKE; Urnieta KE; Lazkao KE; Allerru KJKE; Kostkas KE eta CD Sesma.
Multzoak: Taldeak lau multzotan banaturik egongo dira. Lehen hiruek egingo dute aurrera.
Ordutegiak:
• Goizean ligaxkako partidak jokatuko dira, 10:00etatik aurrera.
• 13:00etan, Manu Murieli omenaldia egingo diote.
• 16:00etan, kanporaketak hasiko dira.
• 18:55ean. Finala jokatuko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!