Ezustea eman du EAJk Amasa-Villabonan. Gorakada izan du botoetan eta beraz, baita zinegotzi kopuruan ere. Bikoiztu egin ditu 2011ko datuak. 654 boto eta hiru zinegotzi zituen aurreko legealdian eta 1.287 boto eta 6 zinegotzi izango ditu hurengo lau urteetan.
Iban Agirre jeltzalea izango da Amasa-Villabonako alkate berria, ia ziurtasun osoz. «Guretzako ez da hainbesteko sorpresa izan, bagenekien emaitza onak lortuko genituela. Gure espektatibak bete egin dira».
Emaitzak interpretatzerako orduan, orain arteko udal taldeak hondakinen inguruan egin duen kudeaketa jo du giltzatzat Agirrek: «Herritarrekin egon gara kanpainan eta euren haserrea adierazi ziguten askok, inposaketa horri aurre egiteko alternatiba zen gure hautagaitza».
Nora Urbizu, EH Bildu koalizioko alkategaiak nabarmendu duenez, «guretzako ezusteko handia izan da, harridura handiaz hartu ditugu emaitzak». Lehenengo interpretazio bat egin ondoren, hondakinen kudeaketak emaitzetan eragina izan duela uste du EH Bilduko zerrendaburuak.
Foru hauteskundeetako emaitzek ere hori erakusten dute: EH Bilduk hartu baitio aurre EAJri. Badirudi herritarrek udalaren kudeaketa zigortu dutela, emaitzei lehen begiraldia botata.
Nora Urbizuren, orain arteko alkate ordearen esanetan, «badakigu EAJk PSE-EEren babesa izango duela alkatetza eskuratzeko. Guk ez ditugu gobernuan lau urte alferrik eman eta oposizio gogorra egingo dugu datozen lau urteetan. Kudeaketa eredu hori gogor borrokatuko dugu».