Hiru orduz pilotakada hotsak entzun ziren pasa den larunbatean Villabonako Bear Zana pilotalekuan, XVIII. Aiztondo Pilota Topaketetako finalak jokatu baitziren 6 maila ezberdinetan. lehen lau partidak, eskuz binaka eta pilota goxoaz jokatu ziren eta azken bietan, neskak palaz jokatu zuten.
Arratsaldeko 16:00etan hasi zen jaialdian, Aurrebenjaminak jokatu zuten lehenik eta 16 eta 5eko emaitzaz Asteasuko Bejarano eta Usabiagak Larraulgo Irazu eta Urkaregiri irabazi zieten.
Bigarren norgehiagokan, arratsaldeko politenean, Larraulgo Belauntzaran eta Urkaregi 16 eta 13ko emaitzaz gailendu ziren Adunako Zabala eta Ormaetxearen aurka.
Jarraian alebinen partida etorri zen. Alde izugarria izan zen bi bikoteen artean eta Larraul-Alkizako Irazu eta Ugartemendiak, erraz, 16-2 irabazi zuten Zizurkilgo Rebollo eta Perurenaren aurka.
Infantil mailan, Asteasu-Zizurkilgo Iruretagoienak eta Lasak 18 eta 7 irabazi zuten Alkizako Sorarrain eta Gorostidiren aurka.
Azken bi partidak nesken pala partidak izan ziren. Alebinetan, partida eder eta estu baten ostean, Arene eta Iraia Larrauldarrek 16-15 irabazi zieten Judit eta Iratiri. Jaialdiko azkenekoa, palaz hau ere, infantil neskek jokatu zuten, eta Uxue eta Maddik asteasuarrek 16-9 irabazi zieten Emily eta Elena herritarrei.
Pilotalekua jendez gainezka izan zen eta giro polita bizitu zen. Pilotak bere une goxoena bizitzen ez den arren, Villabonan ikusi zen Aiztondon pilota zaletasuna badagoela eta maila oso politeko pilotariak azpirik badatozela.