"Taldea asko indartu da disko honekin, denok denon aurrean biluztu gara"

Jone Amonarriz 2015ko mai. 8a, 12:06

Tximeletak diskoarekin indarberrituta dator Lain taldea. Larba izateari utzi eta tximeleta heldu baten moduan, bihar Bonberenean eskainiko dute birako lehen kontzertua iluntzeko 23:00etan.

Lain (2009) eta Leihoak (2011) diskoen ondoren, azken lana kaleratu berri du taldeak. Apirilaren 29an Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean egin zuten aurkezpen ofiziala. Disko honetan benetan sinesten dutela nabarmendu dute Leire Berasaluzek (ahotsa), Kristina Aranzabek (ahotsa), Jon Altunak (bateria), Javi Riverok (baxua), Mikel Benitok (gitarra) eta Joseba De Arribak (gitarra). TOLOSALDEKO ATARIA taldeko hiru kiderekin izan da.

Udaberrian askatu dituzue tximeletak. Zein sentsazio transmititzeko asmotan?

Leire Berasaluze: Benetan garena erakusteko asmoarekin. Oso disko pertsonala da. Lehen bost ginen, eta geroztik Imanolek taldea utzi zuen eta Mikel eta Joseba batu zaizkigu. Taldea berriro birsortzea bezala izan da. Tximeletak diskoan denon artean sortutako abestiak bildu ditugu.

Jon Altuna: Zerbait desberdina egin nahi izan dugu. Abesti guztiak oso ondo pentsatuta sortu ditugu. Lain-en aurreko abestiak eta oraingoak entzuten badituzu, nabari da biak Lain direla ahotsek horretara eramaten zaituztelako baina musikalki salto bat dago.

Disko berria zuen ibilbidean jauzi garrantzitsua izango da. Zer eskatzen diozue etapa berri honi?

L.B.: Batetik pop-rockera eman dugun salto hori nabaritzea. Eta bestetik, publiko helduagoari ere gustatzea, eta publiko berria erakartzea.

Kristina Aranzabe: Baita ere jendeak bizi izan dugun prozesu guztia ulertzea. Hiru urte hauetan ez gara geldirik egon, lokalean egon gara entseatzen eta konposatzen, astebururo. Ni Bartzelonan egon nintzen denboran niri kantak hara bidaltzen zizkidaten, eta nik handik ahal nuena egiten nuen. Prozesu zaila izan da, gorabehera askokoa. Azkenean, geldirik egotea eta lokaletik ez ateratzea oso frustragarria da. Horregatik, jendeak prozesu hori ulertzea oso garrantzitsua da guretzat.

J.A.: Gu musikan hasi ginenean, bat-batean sartu ginen eta dena eginda iritsi zitzaigun. Kontzertuak ere etorri egiten zitzaizkigun, guk ez genituen bilatzen. Orain musika aldatu egin da. Dena digitalagoa da eta musika saltzeko modua bera ere asko aldatu da. Merkatuaren aldaketak ezustean harrapatu gintuen eta inflexio puntu bat izan genuen: «Edo hemen bukatzen da Lain edo, gogor borrokatzen dugu Lain-engatik». Disko hau horren emaitza izan da. Eta aurrera egin nahi dugu.

Hasierako ilusioak bere horretan jarraitzen al du?

L.B.: Ilusioak gora egin du. Askoz ere ilusio handiagoarekin gaude orain. Lain-en hasierak oso gazte harrapatu gintuen, Zure doinua abestiaren bideotik hasi zen dena. Bideo hori grabatu genuenean ere inkontzienteki egin genuen. Belardi batera joan ginen eguzkia hartzera eta nik gitarra eraman nuen. Han bertan kantu bat grabatzea erabaki genuen, eta lagun batek sarera igo zuen ezer esan gabe. Bat-batean 20.000 bisita zituen bideoak. Ez genuen erantzun hori inondik inora espero. Maketa lehiaketarekin ere berdin gertatu zen. Dena sorpresaz izan zen, pentsatu gabe egin genuen bidea. Tximeletak diskoa, aldiz, kontzienteki sortutako eta ondo pentsatutako lana da.

J.A.: Maketa lehiaketa irabazi genuela esan zigutenean, ez genekien parte hartu genuenik ere.

L.B.: Ni tematu nintzen maketa lehiaketarekin. Kantua bidali nahi nuen baina taldekideek esaten zidaten oso grabazio txarra zela. Eta burugogorra naizenez, besteei ezer esan gabe bidali nuen. Gainera, Kristinaren telefono zenbakia utzi nuen. Eta irabazi genuela jakinarazteko deia Kristinak berak jaso zuen. Berak ez zekien grabazioa bidali nuenik ere. Sorpresa bat bestearen atzetik izan zen taldearen hasieran. Trenean muntatu ginen eta aurrera egin genuen. Orain ilusioz beterik gaude.

Izan dituzue kontzertu gutxiko boladak ibilbidean zehar. Krisiari nola ematen zaio buelta musika talde bezala?

K.A.: Batez ere, taldea batuta. Guztiok eduki dugu noizbait krisialdi pertsonala. Denok pasa gara puntu horretatik. Disko honekin lortu dugu ez bakarrik CD-a ateratzea, baita taldea indartzea ere. Taldea asko indartu da disko honi esker, denok denon aurrean biluztu gara. Eta horrek aurrera egiteko indarra eman digu. Oso zaila da elkarri babesik eman gabe jarraitzea.

J.A.: Benetan sinesten dugu disko honetan.

L.B.: Krisi ekonomikoak ere badu bere eragina. Udaletxeek ez daukate dirudik, kontzertuak ahalik eta preziorik baxuenean lortzen saiatzen dira, geroz eta kontzertu gutxiago ematen dira herriko festetan... Goran dauden taldeak edo berbena taldeak nagusitzen dira. Egiten duzun musika erakusteko aukera kentzen du krisiak.

J.A.: Dena dela, krisiaren aitzakia ere erabiltzen da kontzertuak merkeago lortzeko. Ez da kontutan hartzen entseatzen pasatzen den denbora guztia, zuzenekoak nola lantzen diren eta hori guztia. Nahi dena da kontzertua merkea eta luzea izatea. Guk horri buelta emateko sarea erabiltzen dugu; jendeari erakusteko hor gaudela eta saiatzen ari garela.

K.A.: Diskoa CD formatuan oso gutxi saltzen da eta beraz, guretzat oso garrantzitsuak dira sare sozialak, taldeari indarra emateko eta pixkanaka jendearengana iristeko.

L.B.: Gure helburua ez da diskoak saltzea, baizik eta jendeak diskoa entzutea eta engantxatzea. Disko berria ere sarean dago oso osorik edonork entzun ahal izateko.

2008ko apirilaren 11n eskaini zenuten lehen kontzertua Aretxabaletako Haizea tabernan. Geroztik BBK Live-n, Donostiako Aste Nagusian eta beste hainbat agertokitan eskaini dituzue kontzertuak. Zer ematen du oholtza handi batek eta zer leku txiki batek?

J.A.: Oholtza handietan galdu egiten da bat.

L.B.: Leku handiak beti inpertsonalagoak dira. Guk ez dugu aukera handiegirik eduki kontzertu handietan jotzeko. BBK Live-n bai, baina maketa lehiaketa irabazi genuelako. Donostiako Aste Nagusian jende asko zegoen eta asko disfrutatu genuen, baina gertutasuna galdu egiten da. Kontzertu txiki batek, adibidez, Bonberenean eskainiko dugunak, familiarragoa eta pertsonalagoa izateko aukera ematen dizu. Bi aukerek egiten dute bere ekarpena, baina aukeran kontzertu txikiak nahiago.

J.A.: Biharko kontzertuan, nahiz eta leku txikia izan, bertara joaten dena Lain ikustera joango da. Guri berdin zaigu jende gutxi egotea, datozenak gu ikustera baldin badatoz. Nahiago hogei pertsona kontzertuaz gozatzen, besterik gabe agertzen diren bi mila baino.

Hasierako musika estilotik egungo kantuetara izan den aldaketa nola deskribatuko zenukete?

K.A.: Tximeletak diskoak askoz ere indar gehiago dauka.

L.B.: Musika sortzeko dinamikan ere badago aldaketa. Lehenengo diskoan norberak kantu bat proposatzen zuen bere letrarekin eta instrumentazioa sartzen genion. Ez zegoen kohesiorik edo koherentziarik abestien artean. Azken disko honetan denon artean aritu gara lanean, eta estilo guztiak nahastu ditugu. Gutako bakoitzetik pixka bat dauka abesti bakoitzak.

J.A.: Adinak ere zerikusia izan du honetan eta nabarmena da aldaketa. Orain bilatzen joan gara, eta ikusten musika nola sortzen den. Abesti bat entzuten dugunean analizatu egiten dugu nahi gabe, eta hori erabiltzen dugu musika egiteko.

L.B.: Oraindik ere gazteak gara baina gure ibilbideak eman digun esperientziarekin sortutako diskoa da. Lain-en irudi nerabea eta klixeak atzean utzi nahi ditugu. Baga-bigarekin kaleratu duzuen lehen diskoa da azken hau.

K.A.: Hasieratik izan zuten interesa gugan. Guk lan berri bat prestatzen ari ginela komentatu genien eta ordura arte eginda genituen lau kantak bidali genizkien. Apustu egin zuten gure alde. Eta oso gustura gaude beraiekin.

L.B.: Diskoa Gaztain Estudioetan grabatu dugu Eñaut Gaztañagarekin eta oso gustura geratu gara jaso dugun tratuarekin. Diseinua Josu Torrealdayrena da. Aspalditik oso argi geneukan diskoa kaleratzen genuen momentuan diseinuak berari eskatuko genizkiola.

Musika sortzen duzuenean, eta bereziki disko berri honetan, norengan pentsatzen duzue?

K.A.: Lehenik eta behin, gugan. Norberak ez badu berak egiten duen horretan sinesten besteei nekez gustatuko zaie emaitza. Ez da erraza sei pertsona ados jartzea eta seiok abesti guztiak izatea kuttunenak. Baina oraingo honetan lortu dugu hamaika abesti hauek denontzako zerbait berezia edukitzea eta sinestea abesti bakoitzarengan. Ez zaigu abesti bat bera ere zintzilik geratu. Publikoarengan ere beti pentsatu behar da, musikari bat publikorik gabe ez baita ezer.

Hamaika abesti horietako bakoitzak bere istorioa dauka, bere mezua. Oro har, hausnarketa eragin nahi duzue disko honetako abestiekin?

K.A.: Bai. Denetik dago. Abestiena mundu bat da. Norberak bere interpretazioa egiten du letra batetik. Dena dela, disko honetako abestiek ematen dute hausnarketarako aukera. Izan gaitezen sorgin abestia adibidez, emakumeari buruz ari da, printzesa izateari utzi eta goazen sorginak izatera; hori da kantuaren mezua. Irudiak abestiak norberak bere buruarekin daukan barne borroken inguruan hausnartzen du.

Zazpi urte pasa ondoren, taldeak aldaketak izan baditu ere, zerk mantentzen du Lain?

L.B.: Lain-ekiko maitasunak, musikarekiko maitasunak eta gure artean daukagun harremanak.

Bihar egingo duzue aurkezpen kontzertua Bonberenean iluntzeko 23:00etan. Aurrerapen labur-labur bat?

J.A.: Diskoan hainbat musikarik parte hartu dute: Natalia Garmendia (ahotsa), Jon Arruabarrena (saxofoia), Felipe Murillo (biolina), Nerea Lasaga (biolontxeloa) eta Xabier B. Leturia (perkusioa). Kontzertu bakarra emango dugu beraiekin eta hori bihar Bonberenean eskainiko duguna izango da.

L.B.: Berezia izango da. Gainera, sarrera 5 eurokoa izango da baina 10 euroren truke diskoa oparituko dugu.

K.A.: Gure lehen kontzertua, urduritasunak, akatsak... Guztiaz bere gordintasunean eta gertu gertutik gozatzeko aukera izango da, bai bertaratzen denarentzat eta baita guretzat ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!