Villabonako EAJ: "Atez atekoarekin trabatutako legealdia izan da"

Ataria 2015ko mai. 7a, 16:10

Villabonako EAJ-PNVren udal taldeak azkeneko legealdiaren balantzea egin du: “atez atekoarekin trabatuta geratu den eta Villabonaren modernizazio eta aurrerapenerako galdutako legegintzaldia izan da”.

Villabonako EAJ-PNVren iritzian, “udal gobernuaren proiektu nagusia izan da eta zaie inporta izan 300.000 eurotik gora xahutzea herriko bazter guztiak txintxilikarioz eta ontziz betearaziz, interesa izan dezaketen beste proiektuetara bideratu ordez”. Eta gehitu dute : “sistema inposatzeak gatazka sortu du herritarren artean eta ez du zaborren gaia konpondu”.

Alde horretatik, talde jeltzaleak azpimarratu du atez atekoaren aurka eta edukiontzien alde jasotako  sinadurek adierazten zuten herriaren zatiketaren aurrean eskua luzatu zuela adostasuna lortzeko baina “Bildukoek bere jarrera alderdikoiarekin jarraitu zuten”.

Villabonako EAJ-PNVk "herrian ikusi den manifestaldirik handiena" antolatzen lagundu zuela eta kontsultan ere parte hartu zuela gogorarazi du, "nahiz eta purrustadak eta mehatxuak jaso genituen”. “Ez du balio parte hartzearen alde zeudela esan eta gero galdeketa ez onartzea”.

Halaber, talde jeltzaleak esan du, hilabetero hainbat espediente administratibo jartzen direla, besteak beste, "zaborrak alkatetzaren gustura ez dituztelako biltzen”. EAJk egin duen balantzean, bizilagunek birziklapenaren alde agertu duten gizalegea eta konpromisoa azpimarratu dute. Amaitzeko atez atekoa kentzeko eta edukiontziak ezartzeko konpromisoa berretsi du Villabonako EAJ-PNVk. “Herritarren parte hartzean sinesten dugu eta galdeketa loteslea egitea bultzatuko dugu, gaiari amaiera emateko asmoz”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!