'Tximeletak' diskoa aurkeztu du Lainek

Mikel Iraola 2015eko apirilaren 29a

Gaur aurkeztu du bere lan berria Amasa-Villabonako taldeak. "Metamorfosia" gertatu dela diote taldekideek, beren izaera aldatu baita.

Lain taldea 2008an eratu zuten Amasa-Villabonan. Orain arte, pop eta rock oinarriez osaturiko doinu melodikoak ziren taldearen ezaugarri nagusiena. Bada, aurkeztu berri duten diskoa honekin hori puskatzera datoz: rock-etik gehiago du 'Tximeletak' disko berriak, doinu biziago, gogorrago eta abesti kementsuago batzuekin.

Hamaika kantuk osatzen dute diskoa, eta "metamorfosia" gertatu bada ere, oinarrizko ezaugarri batzuk mantendu dituzte. Adibidez, Leire Berasaluzek eta Kristina Aranzabek abestuz jarraituko dute. "Badira trantsiziozko kantuak. Dena ez da berria" adierazi dute.

Martxoa eta apirila bitartean grabatu dute 'Tximeletak', Zestoako Gaztain estudioan, Eñaut Gaztañagarekin. Diskoan, gainera, aparteko lagunen parte hartzea izan dute, hala nola, Natalia Garmendia, Jon Arruebarrena, Felipe Murillo, Nerea Lasaga eta Xabier B. Leturiarena.

Aurkezpen publikoa, berriz, maiatzaren 9an egingo dute Tolosako Bonberenean, 22:30ean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!