«Aurrena bi muxu, eta gero, hobeto egin nezakeela esan zidan»

Asier Imaz 2015ko api. 23a, 09:40

Madrilen errendimendu handiko zentroan astebete pasa ondoren, Villabonan egindako lan guztia bizkarrean zuela, Munduko Halterofilia Txapelketara joan zen Susana Davila gaztea apirilaren hasieran.

Munduko Halterofilia Txapelketak jokatu dira hilaren hasieran Liman, Perun. Susana Davila (Amasa-Villabona, 1998) bertan izan da, 17 urte azpiko mailan. 13. postua lortu zuen Danok Danena taldeko pultsulariak. Bertatik etorri, eta markak puskatzen jarraitu du Davilak, Euskadiko errekorra eta marka pertsonala eginaz. Sasoiko dago billabonatarra, eta lanean jarraitzeko gogotsu.

Zer moduzko esperientzia izan da Limakoa?
Oso ona, benetan positiboa. Munduko txoko desberdinetako jendea ezagutzen duzu, eta gainera, lagunak eta guzti egin ditugu. Adibidez txinatarrak. Ahal genuen bezala komunikatzen ginen, ingelesez, itzultzailearen laguntzaz... halterofilia kontua, beste hainbat gauza. Esperientzia oso ona izan da.

Txinatarrak punta-puntako kirolariak dira; diziplinatuak.
Talde oso handia zen, eta gehienak podium-era igo ziren. Teknika oso ona erakutsi zuten, eta euren entrenamenduak oso indartsuak ziren.

Zein pisutan neurtu zinen Munduko Txapelketan, eta zeintzuk izan ziren zure emaitzak?
17 urte azpikoen mailan, 78 kilotan. Hogei partaide ginen guztira, bi hamarreko multzotan banaturik: A eta B multzoak. Ni B taldean nengoen, eta arrankada modalitatean hirugarren gelditu nintzen nire multzoan: bi denbora modalitatean, bigarren. Guztira, hirugarren. Ondoren, ordea, A taldekoak aritu ziren, eta hauek emaitzak kontuan hartuta, guztira 13. gelditu nintzen.

Perura joan aurretik Madrilen egon zinen astebetez.
Errendimendu handiko zentroan. Bertako entrenatzailearekin hizketan, nire teknika nolakoa zen erakusten... elkar ezagutzen.

Eta hemengo entrenatzaileak, Batis Kortajarenak, zer esan zizun etorritakoan?
Aurrena bi muxu eman zizkidan, eta gero, hobeto egin nezakeela esan zidan; nire markak eginaz.

Zeintzuk dira zure markak, eta zeintzuk Limako emaitzak?
Arrankadan 73 kilo jaso ditut, eta Munduko Txapelketan 72 kilotan gelditu nintzen. Bi denboratan, 98 kilo jaso nituen iragan astean, eta Liman, 94 kilo. Gutxigatik, baina ez nintzen nire marketara iritsi.

Zergatik aztertu al duzu?
Hiru saiakera izaten dira, eta entrenatzaileak 67 kilorekin hasteko esan zidan, arrankadan. Ondoren 72 jaso eta 75ean huts egin nuen. Bi denboratan, 87 kilorekin hasi nintzen. 93koarekin huts egin nuen, eta gero, 94 jartzeko esan nion, nire markatik gertuago gelditzeko, eta hori jaso egin nuen.

Irabazlea zein pisutan ibili zen?
Tailandiar batek irabazi zuen, jatorra gainera, oparitxo bat eta guzti eman zidan. Arrankadan 90etik gora jaso zituen, eta bi denboratan 115 kilo. Espainiar bat hirugarren geratu zen, eta honek 86 kilo eta 106 jaso zituen. Koxka bat badago beraz, baina horien atzetik nabil eta ea entrenamenduetan jarraituz aldea murrizterik dudan. Saiatu behintzat saiatuko gara.

Eta hor, Villabonan egiten duzun lana sartzen da.
Lehengo urteko abenduan hasi ginen entrenamenduekin denboraldi berria prestatzen. Munduko Txapelketa genuen aurretik, eta entrenatzaileak ea saiatu nahi nuen galdetu zidan, aukerak banituela-eta. Markak martxoaren 7an egiteko aukera genuen, eta gutxienekoak lortu nituen, Munduko Txapelketarako sailkapenarekin batera.

Eta denboraldia amaitzeko, zer geratzen zaizu?
Espainiako junior eta absolutu txapelketak. Ondoren oporrak eta irailean, Europako Txapelketa jokatuko da Suitzan. Helburua hara sasoiko iristea da. 17 urte azpikoetan egingo dudan azken proba izango da. Iaz 10. geratu nintzen, eta ea aurten postu hori hobetzea lortzen dudan.

Susana Davilak Euskadiko errekorra lortu du

Hamahiru domina, horietatik bederatzi urrezkoak. Hori da Amasa-Villabonako Danok Danenako pultsulariek Gipuzkoako Absolutu Txapelketan lortutako emaitza. Horrez gain, Susana Davilak 17 urte azpikoen Euskadiko errekorra lortu zuen 98 kilo jasotzean, bi denbora modalitatean. Txapelketa, iragan larunbatean jokatu zen Martuteneko Indar Crossfit gimnasioan. Banakako sailkapen orokorrean Susana Davila eta Mikel Alvarez jaun eta jabe izan ziren.

Emaitzak

48 kilotan. Naiara Madrid lehen postuan, eta Aynabel Davila bigarren.
63 kilotan. Susana Davila lehen postuan.
75 kilotan. Goretti Amonarriz lehen postuan.

56 kilotan. Ionut Dandu lehen postuan sailkatu zen, eta Xabier Amonarriz berriz, bigarren gelditu zen.
62 kilotan. Ekaitz Kortajarena lehen postuan.
69 kilotan. Jon Sasiain txapeldun.
77 kilotan. Peter Cubillo lehen postuan.
85 kilotan. Mikel Alvarez lehen postuan; Teddy Martinez bigarren eta Jon Ander Iriarte hirugarren. Hau da, podium osoa Danok Danekako pultsulariek osatu zuten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!