Villabona.dok zikloan 11 dokumental ikusgai maiatzetik aurrera

Jon Miranda 2015ko api. 22a, 13:04

Maiatzaren 6an hasi eta ekainaren 8ra bitartean hamar emanalditan 11 dokumental eskainiko dituzte Gurea antzokian.

Villabona.dok zikloaren hirugarren edizioa da aurtengoa. "Amasa-Villabonako Udaleko Kultura sailak 2013an Gurea zinema aretoaren biziraupena ziurtatu, erakargarritasuna bermatu eta edukiz betetako programazioa aurrera eramateko konpromisoa hartu zuen", adierazi du Nora Urbizu kultura zinegotziak. Horretarako proiektore digitala eta pantaila berria erosi zituzten antzokirako, legealdiko inbertsio nagusienetakoa izan dena.

Proiektore eta pantaila berriak, berekin batera beste hainbat ekimen berri ekarri ditu, tartean dokumental zikloa. Bi edizio egin dituzte orain arte eta udal ordezkariek aitortzen dute herritarrek gustora hartzen dutela ekimena, ilusioz. "Badakigu nahiko minoritarioa dela genero hau, baina ikusten dugu eboluzioa eta geroz eta jende gehiago gerturatzen da. Mimo guztia jartzen dugu dokumentalak aukeratzeko garaian eta gai ezberdinak islatzen saiatzen gara".

Erakutsiko diren dokumental gehienak 2014an egindakoak dira. Aurtengo berrikuntza Five days to dance dokumentala izango da: 12 eta 18 urte arteko gazteek doan ikusi ahal izango dute. Urbizuren esanetan, "oso hunkigarria da dokumentala eta gure ustez gazteentzako onuragarriak diren baloreak islatzen ditu".

Astelehen eta asteazken eskainiko dira emanaldiak, iluntzeko 20:30etan eta sarrerak hiru euro balioko ditu. Saio guzietarako bonoa 20 eurotan jarriko dute salgai. Maiatzaren 6tik ekainaren 8ra eskainiko dira dokumentalak.

Guztira 11 dokumental eskainiko dira 10 emanalditan. Egitarau osoa duzue hemen:

Maiatzak 6, asteazkena: Euskara, ospela eta egutera eta Badira bagara

Maiatzak 11, astelehena: Citizenfour

Maiatzak 13, asteazkena: Art and craft

Maiatzak 18, astelehena: Los malos sueños de René Petit

Maiatzak 20, asteazkena: Prohibido recordar

Maiatzak 25, astelehena: Izan pirata

Maiatzak 27, astelehena: Five days to dance

Ekainak 1, astelehena: Coria y el mar

Ekainak 3, asteazkena: A 20 pasos de la fama

Ekainak 8, astelehena: Remine, el último movimiento obrero

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!