Urtea bukatu baino lehen hartuko du bere gain Aldundiak Santiago egoitza

Tolosaldeko Ataria 2015ko api. 20a, 13:58

Lasaitasun mezua eman nahi izan du Ander Rodriguez, Gizarte Politikako diputatuak. Santiago Egoitza Aldundiaren eskuetara pasatzen denean, "zerbitzua ez da garestituko eta kalitatea mantenduko da". Langileei ere mezua luzatu die, "lanpostu guztiak eta lan baldintzak mantenduko dira".

Villabonako Santiago Egoitzak 27 langile inguru ditu eta 36 egoilar artatzen ditu egoitza eta eguneko egonaldietan. Lasaitasun mezua emateko gerturatu dira Ander Rodriguez Gizarte Politikako diputatua eta Erakunde Publikoetarako zuzendari Pablo Garcia. Galder Azkue alkatearekin batera bilera egin dute egoitzako langileekin.

Amasa-Villabonako alkateak "egoitzak herrian duen paper aktiboa azpimarratu du, langileei ahaleginei esker herriko gune apartatu izatetik integraziora pasa baita". Pablo Garciak ere norabide berean hitz egin du: "egoitza honek ikuspegi komunitarioa du eta lan handia egin da orain arte herrian integratzen. Aurrerantzean Aldundiak egoitzaren kudeaketa bere gain hartzen duenean, urteko plana zehazteko batzorde bat osatuko da. Batzordean egoilarren senideak, langileak eta Foru Aldundiak hartuko dute parte. Udalari ere gonbita luzatuko zaio, nahi badu batzordean parte hartu eta orain arte egoitzarekin izan duen harreman galdu ez dezan".

Gipuzkoako Foru Aldundiak Kabia izeneko erakunde autonomoa sortu du Gipuzkoako 16 udal egoitzaren kudeaketa bere gain hartzeko. Hiru fasetan osatuko da eta aurten, urtea bukatu aurretik Azkoitia, Zumaia eta Elgoibarrekin batera Villabonakoaren kudeaketa hartuko du Diputazioak. "Udalek egindako aldarrikapen historiko bati kasu egingo zaio era horretan eta 2008ko Gizarte Zerbitzuen Legeak xedatutakoa beteko da", nabarmendu du Ander Rodriguez, Gizarte Politikako diputatuak.

Lasaitasun mezua eman nahi izan dute arduradun politikoek. Egoiliarrei eta euren senitartekoei adierazi diete, "zerbitzuaren kostua ez dela garestituko kudeaketa aldaketarekin. Kalitatea ere bere horretan mantenduko da". Gaur, Foru Aldundiko ordezkariak eta udalekoak Santiago Egoitzako langileekin bildu dira eta haiei ere lasaitasun mezua helarazi die Ander Rodriguezek: "lanpostu guztiak eta langileen lan baldintzak mantenduko dira".

Lehenik Amasa-Villabonako Udalak berretsi zuen hitzarmena Foru Aldundiarekin eta duela egun gutxi batzar nagusiek onarpena eman zioten. Kontratuak esleitu bitarteko epean Udalak kudeatuko du egoitza, "baina defizitaren %100 bere gain hartuko du Foru Aldundiak" esan du Rodriguezek.

Gipuzkoako 16 udal egoitzen kudeaketa, 2018. urtea baino lehen hartuko du bere gain Foru Aldundiak. Villabona, Elgoibar, Azkoitia eta Zumaiako egoitzekin hasiko da prozesua eta gero Lasarte-Oriakoa gehituko zaie.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!