Parke estaliaren proiektua erabakitzeko unea

Tolosaldeko Ataria 2015ko api. 15a, 13:53

Edo Malkar plaza, edo Arroa plaza edo Larrea parkea. Hiru gune horietako bat estaliko du Amasa-Villabonak. Zein gune zein proiekturekin estaltzea erabakitzeko, ordea, herritarrek izango dute azken hitza. 13 egitasmo dituzte aukeran eta igandera arteko epea gustukoenaren alde egiteko.

Gaur eta bihar bozketa digitala emateko aukera izango da. Horretarako http://villabona.gobernuirekia.eus/index.php/parke-estalia/4-fasea webgunera sartu beharko dute. Proiektuen xehetasunak topatu ahal izango dituzte bertan eta egokiena iruditzen zaienaren alde egin ahal izango dute herritarrek.

Webgunean bakarrik ez, parke estaliaren proiektuak aurrez aurre ikusi ahal izango dira igandera arte Gureako erakusgelan. Larunbatean, 10:00etatik 14:00etara eta igandean 10:00etatik 13:00etara egongo da zabalik eta bertan bozka emateko aukera izango dute herritarrek, horretarako asteotan banatu den eskuorrian topatuko duten bozka txartelaren bidez.

Igandean, 13:00etan erakusgela itxi eta bozka digitalei batuko zaizkie asteburuan emandakoak. 14:00ak aldera jakinaraziko dute prentsaurrean zein den proiektu irabazlea.

Haurrek saria emango dute

Parke estaliaz herritar guztiek gozatu ahal izango dute, baina pentsatzekoa da haurrek bereziki jolastoki bezala erabiliko dutela. Horregatik haien iritzia aintzakotzat hartu nahi izan du Amasa-Villabonako Udalak.
Fleming ikastetxeko eta Zubimusu ikastolako ikasleak egunotan Gureako erakusgelan izan dira euren iritzia ematen. Mikeldi Zeberio EMUNeko teknikaria izan dute laguntzaile: «Proiektu bakoitzaren azterketa egin dute umeek. Estetikoki politena zein iruditzen zaien galdetu diegu, baina erabakia hartu aurretik beste irizpide batzuk kontuan hartzeko ere esan diegu: etorkizunean izango duen mantenu kostua, erabilgarritasuna, erosotasuna...».

EMUNeko teknikari, Mikeldi Zeberiok hitz egin digu prozesuaz:

Guzti hori aintzat hartuta, proiektu bakoitzaren aldeko hautua egiten dute umeek. Bozka guztiak batu eta igandean umeen saria zein proiektuk eramango duen jakinaraziko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!