Villabonan erosketak eginez gero, Parisera joateko aukera

Ataria 2015eko apirilaren 14a

Asteburua Parisen pasatzeko aukera eta han suertatzen diren gastuak ordaindu ahal izateko 150 euro. Opari horrekin saritu nahi dituzte euren bezeroak Oria Merkatari Elkarteko saltokiek. Urtero antolatzen dute kanpaina eta aurtengoak Erosi hemen eta joan zaitez Parisera izena eramango du.

Herriko komertzioekiko fideltasuna eta konpromisoa ezinbestekoa dute merkatariek. Oria elkartean biltzen diren saltokien izenean hitz egin du Aitziber Cenzanok: «gure bizilagunak, gure bezeroak dira gure arnasa. Haiek gabe ezingo ginateke bizi eta horregatik azpimarratu nahi dugu zeinen garrantzitsua den erosketak herrian egitea».

Aurreko urteetako dinamika jarraituko dute aurten ere. Egindako erosketengatik txarteltxo bat emango diete bezeroei. Txartelean izena eta abizena eta telefono zenbakia idaztea eskatzen diete. «Oso garrantzitsua da eskatzen ditugun datu hauek ondo betetzea, gero irabazlearekin harremanetan jarri ahal izateko». Datuak bete ondoren, txarteltxoak saltoki bakoitzean prest izango diren kutxatxoetan sartu beharko dira.

Kanpaina atzotik dago martxan eta maiatzaren 30era arte iraungo du. Ordan bilduko dituzte txartel guztiak. Opariaren zozketa berriz, ekainaren 2an egin asmo dute. «Berdura plazan egingo dugu, eguerdiko 13:30etan. Han bertatik irabazleari deituko diogu eta zuzenean saituko gara berekin harremanetan jartzen».

Kanpaina honen arauak saltoki bazkidetu guztietan edukiko dituzte eskuragai bezeroek. Xehetasun guztiak irakurri ahal izango dituzte bertan.

Honenbestez, Villabonako Oria Merkatarien elkartekoek deia egin diete bezeroei: «orain zuei tokatzen zaizue erosketak gure saltokietan egitea eta Parisera joateko bidai bat irabaz dezakezue, beraz animatu».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!