Herriko hiru guneetako bat estaltzeko proiektuak, ikusgai

Tolosaldeko Ataria 2015ko api. 8a, 14:45

Malkar plaza, Larrea parkea eta Arroa plaza estaltzeko 13 proiektu aurkeztu dira. Eztabaida eta erabaki fasera pasa diren egitasmoak ikusgai izango dira Gurea erakusgelan apirilaren 17ra arte.

Herriko gune bat estaltzeko konpromisoa hartu zuen bere garaian Amasa-Villabonako udal gobernuak. Hitzemandako proiektua izateaz gain, herritarrek behin eta berriz agertu dute jolaserako gune estali baten premia.

Parke estaliaren proiektua erabakitzeko herritarren iritzia jakin nahi du Amasa-Villabonako Udalak. Hain zuzen, iazko uztailean, herritarren parte hartzea arautzeko ordenantza onartu zuten herrian. «Tokiko gai publikoen kudeaketan parte hartzeko eskubidea» aitortzen zaio ordenantzan udal erroldan inskribatuta dagoen pertsona orori. Tresna hau baliatuko dute estalkia erabakitzeko parte hartze prozesua martxan jartzeko.

Teknikoki estalgarritzat hiru gune jo dituzte: Malkar plaza, Arroa plaza eta Larrea parkea. Lehiaketa publikora 15 arkitekto edo talde aurkeztu dira eta 30 proiektuetatik 13k jaso dute onespen teknikoa. Eztabaida eta erabaki fasera pasa diren proiektuak ikusgai izango dira Gurea erakusgelan apirilaren 17ra arte.

Malkar eta Arroa plazetarako launa proiektu pasa dira azken fasera eta bost proiektu berriz Larrea parkerako. Rayuela, Hiri egongelak eta Kubik izenarekin hiru guneetarako proiektuak aurkeztu dira. No mas cajas! egitasmoa Malkar eta Arroa plazetarako aurkeztu dute eta Larrea parkerako, aipatutakoez gainera, Toylestu eta Lau ganga proposamenak luzatu dira. Erakusketa gelan ikusgai diren paneletan proiektu bakoitzaren planoak eta argazki muntaiak ageri dira behin egitasmoa gauzatuta gune hori nola geratuko litzatekeen irudikatzeko.

Aurkeztutako hamahiru proiektuetatik bakarra izango da gauzatuko dena. Modu horretara, euren botoarekin zein gune estaltzea nahiago duten erabakitzeko aukera izango dute billabonatarrek.

Herrian erroldatuta dauden 16 urtetik gorako herritar guztiek bozkatu ahalko dute gustuko proiektuaren alde. Hilaren 18an eta 19an Gureako erakusketa gelan izango da botoa emateko aukera. Horretarako egitasmoak biltzen dituen eskuorrian topatuko dute herritarrek bozka txartela. Astean zehar 18:00etatik 20:00etara izango da zabalik erakusketa gela eta larunbat goizetan 11:00etatik 13:00etara.

Udaleko webgunean bozka digitala emateko aukera ere izango dute herritarrek hilaren 15, 16 eta 17an. Horretarako www.villabona.gobernuirekia.eus gunean zintzilikatu dituzte proiektu guztiak. Herritar bakoitzak bozka bakarra izango du eta berdinketa kasuan epaimahai teknikoak erabakiko du zein proiektu gauzatuko den.

Haurren iritzia aintzakotzat

Aipatutako plazen eta parken erabiltzaileak, gehienbat, umeak izango dira eta horretaz jakitun dira udal gobernuko kideak. Horregatik haurrek Gurea erakusgela bisitatuko dute egunotan eta euren iritzia eman ahal izango dute. Iritzia ez da loteslea izango, baina proiektuetako batek haurren sari berezia jasoko du.

Egitasmo bakar bat izango da aukeratutakoa baina bildutako boto guztiak kontuan hartuta, gune bakoitzeko hiru proiektu onenek sariak jasoko dituzte. Apirilaren 19an jakinaraziko da zein proiektuk irabazi duen, bozka digitalak eta erakusgelan emandakoak batuta. Ekitaldi horretan jakinaraziko da gune bakoitzeko zein proiektuk jaso duten aipamena eta umeen gustukoena zein izan den.

Behin gune estalirako proiektu irabazlea hautatuta, arkitektoen lana eraikitzeko bidean jarriko da. Hiru egitasmoetako bat gauzatuko da orain, baina etorkizunean beste guneetako bat estaltzea erabakiko balitz, aurkeztutako proiektuak baliatuko dira horretarako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!