Firin-faran ibiliko dira Villabonako gazteak udaberrian katean lotu gabe

Jon Miranda Labaien 2015ko mar. 31a, 12:09

Udaberrirako ekintzak antolatu dituzte datozen asteetarako. Gaur izango da lehen ekintza.

Villabonako Katea Etxean dago kokatuta herriko gaztelekua. 12 eta 17 urte bitarteko gazteek bilgunea izaten dute bertan. Astearte, asteazken eta ostegunetan, 17:00etatik 19:30etara egoten da zabalik eta ostirala, larunbata eta igandeetan 16:30etatik 20:30etara irekitzen ditu ateak.

«Asteburuetan bi txanda egiten ditugu. Adinaren arabera bereizi eta beraientzako ekintzak propio prestatzen ditugu», adierazi du Aiora Etxeberria Katea Etxea gaztelekuko hezitzaileak.

Garikoitz Iturbek ere hezitzaile bezala egiten du lan Katean eta nabarmendu duenez, «astean zehar 30 bat gazte ibiltzen dira egunero. Hori bai, asteburuetan jende gehiago inguratzen da. Antolatzen ditugun ekimenen arabera izaten da askotan».

Hiru hezitzaile aritzen dira guztira Katea Etxea gaztelekuan. Garikoitz eta Aiorarekin batera, Elsa Cortes herritarrak ere egiten du lan bertan. Txandaka antolatzen dira eta uneoro gazteekin bi hezitzaile egoten dira. «Haiekin egotea da gure lana. Behaketa izaten da lehenengo pausoa eta ondoren eskuhartze prozesuak jartzen ditugu martxan. Haiekin zuzeneko eta konfiantzazko harremana edukitzea da oinarri oinarrizkoena», esan dute Etxeberria eta Iturbek.

Udaberrirako ekintzak
Datorren apirilaren 14ra arte, ez da gaztelekua berriz zabalduko baina ekimenak prestatu dituzte herriko gazteentzat. «Oporraldiko egunak aprobetxatzen ditugu, ohikoaz aparteko ekimenak antolatzeko. Aste Santuan, udan eta eguberritako tartean antolatzen dira ekintza bereziak. Normalean arrakasta handia izaten dute». Horren adibidetzat jarri dute aurreko ostiralean egin zuten pijama gaua. Norberak eramandako afaria, karaokea eta dantza antolatu zituzten. Jendez lepo egon zen Katea Etxea.

Etxeberriak aipatu bezala, «prestatzen diren ekimen guztiak gazteekin batera adosten dira. Haiei galdetzen zaie zer egitea gustatuko litzaieken eta horren arabera prestatzen dugu egitaraua. Gazte guztiei egiten zaie deia eta asanblada bat antolatzen dugu. Ondoren proposamena udalari pasa eta ematen diguten diruaren arabera antolatzen dira ekintzak. Ez dira aparteko kontuak izaten, gazteek ondo pasatzeko ez dute askorik behar izaten».

Katea Etxea gaztelekuak antolatzen ditu udaberriko ekimemak baina horietako batzuk herriko hezitzaileekin batera prestatzen dira. Esate baterako, gaur egunpasa joango dira gazteak Komizarrera eta bihar arratsaldez jolasak egingo dituzte herrian zehar. Gainerakoan, irteerak ere izango dira, Donostiara joango dira Zientzia Museora eta baita beste egun batean zinemara ere. Iturbek azaldu duenez, «irteeran izena eman dutenek, apirilaren 1ean zein film ikusi aukeratu ahal izango dute».

Zortzi ekintza prestatu dituzte udaberrirako eta hezitzaileek lana egin beharko dute horiek guztiak prestatzen. «Zuzeneko arreta gure lanaren parte bat da, baina hori guztia prestatzeko atzetik zer egin handia dago».

Datorren apirilaren 11ra bitartean, Amasako eta Villabonako gazteek eta inguruko herrietakoek egitarau zabalaz gozatzeko aukera izango dute Katea Etxea gaztelekuan. Apirilaren 14an izango da berriz ere Kate Etxea zabalik.

MARTXOAK 31, GAUR
Egunpasa. Barbakoa egingo dute Komizarren. Irteerak euro bat balioko du.

APIRILAK 1, BIHAR
16:00. Jolasa egingo dute herrian zehar.

APIRILAK 8, ASTEAZKENA
Arratsaldez. Donostiara zinemara joango dira. 5 euroko prezioa du irteerak, garraioa eta zinemarako sarrera barne.

APIRILAK 9, ASTEAZKENA
10:30. Spinning ikastaroa egingo dute kiroldegian. Bi euroko prezioa izango du ekimenak.

APIRILAK 10, OSTIRALA
19:00. Afari mexikarra egingo dute Katea gaztelekuan. Bi euro balioko du ekimenak.

APIRILAK 11, LARUNBATA
12:00. Petanka txapelketa egingo dute Katea gaztelekuan bertan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!