Apirilaren 16tik aurrera ibilbide osasungarrien ekimena martxan

Jon Miranda Labaien 2015ko api. 8a, 14:25

Herrian zehar oinez ibiltzeko lau ibilbide prestatu dituzte Amasa-Villabonan Ibilian izenpean. Santiago udal egoitzak, Salbadora jubilatuen etxeak, Olaederra kiroldegiak, Osakidetzak, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Matia fundazioak eta Uliazpi elkarteak bat egin dute Udalarekin ekimena aurrera ateratzeko.

«Ahalegin handirik egin gabe, herrian paseoan ibiliz, osasunari mesede handia egin diezaiokezu». Pablo Daza herriko osasun zentroko arduradunaren hitzak dira. Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak sustatutako Ttipi Ttapa proiektua herrira ekartzera erabaki du Amasa-Villabonako Udalak. Herrira ekarri eta partaidetza sustatu: «Aukera bat eman nahi zaie, gehienbat adinekoei, euren osasuna hobetu dezaten eta kalera irten eta beste jende batekin harremanetan jarri daitezen», nabarmendu du Galder Azkue alkateak.

Santiago udal egoitza, Salbadora jubilatuen etxea eta Olaederra kiroldegia batu dira Ibilian programara. Baina, beste hainbat eragilek ere babestu dute Amasa-Villabonan martxan jarri duten ekimena. Uliazpi, Fepas eta Matia fundazioko kideek euren hondar alea jarri dute. Uliazpi fundazioaren izenean hitz egin du Joxean Lizasok: «Guretzako aukera bat da eta iruditzen zaigu ariketa fisikoa sustatzeko eragileen arteko elkarlana funtsezkoa dela».

Lau ibilbide prestatu dira

Herrian zehar paseatzeko lau ibilbide prestatu dira. Luzeenak 1.240 metro ditu. Errebote plazan dute ibilbide guztiek hasiera eta Sacemgo zubira, tanatoriora, Burnizubira edota Adunako zubira bitarteko bidea egiten dute.

Apirilaren 16an hasi eta uztaila bitartean Ibilian programaren lehen zikloa gauzatuko dute Amasa-Villabonan. Aitziber Murua, Gazteria, Hezkuntza eta Kirol teknikariak azaldu duenez, «saio bakoitzean gerturatzen den jendearen gaitasunen arabera erabakiko da zein ibilbide egin».

Ostegunero Berdura plazatik 11:00etan abiatuko dira ibilaldiak eta aldiro Ibilian programan parte hartu duen eragileetako batek dinamizatuko du ibilaldia. Paseoa mokadu batekin amaituko dute.

Egitasmoan parte hartzen duten herritarrei txartel bana banatuko zaie apirilaren 16an eta egiten duten ibilbide bakoitzeko zigilu bat jarriko diete bertan. «Txartel osoa betetzea lortzen dutenek gero sari bat izango dute eskura. Modu horretara, pizgarri bat jarri nahi izan dugu».

Tomas Plazaola, Eusko Jaurlaritzako Osasun saileko Tolosaldeko arduradunaren ustez, «aldatzen ari da mugitzeko eredua eta horretara egokitzeko ahalegina egin behar dugu denon artean».

Etxezulo izateari utzi eta jarduera fisikoa egitera animatu ditu herritarrak Pablo Daza medikuak. «Bihotza sendoago eduki, tentsioa kontrolatu eta kolesterol eta azukre mailak jaisten laguntzen du egunero ibiltzeak». Baina batez ere, eragile guztiek nabarmendu dutenez, aktiboago sentitu eta gauza gehiago egiteko gogoa piztuko zaio herritarrari. Lehen hitzordua, hilaren 16an da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!