Arratzain futbol zelaia belar artifizial eta argiteri berriarekin

Ataria 2015ko mar. 19a, 16:12

Villabonako Arratzain futbol zelaiak, behin obrak amaituta, belar artifizialezko zelai berria dauka, eta argiteria sistema ere berritu zaio.

Billabona FKEko kideekin batera, berritutako futbol zelaian izan dira Amasa-Villabonako alkate Galder Azkue, Urko Arin kirol arloko zinegotzia, Asier Sarriegi Gipuzkoako Foru Aldundiko kirol zuzendaria, Juan Luis Larrea Gipuzkoako futbol federazioko lehendakaria eta Alex Uranga Realeko zuzendaritza batzordeko kidea. Oinkari dantza taldekoek dantzatu diete aurreskua eta udal ordezkariek egin dute zinta mozketa.

Kategoria ezberdinetan aritzen diren Billabonako FKEko taldeen aurkezpenarekin abiatu da inaugurazio ekitaldia. Segidan jaso du omenaldia Jorge Alvarezek. 33 urte eman ditu zelaia zaintzen eta egindako lana eskertu nahi izan dio klubak plaka bat eta urrezko insignia oparituta.  Aurkezpen ofizialaren ondoren, Realeko eta Eibarko beteranoen arteko futbol partida izan zen. Mokadutxo bat janez borobildu dute eguna bertaratutakoek.

Instalazio hori Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2014-2016 Kirol Ekipamenduen Planean sartuta daude. Obrei esker, zelaia orain 52,50 metro zabal da eta 100 metro luze. Belar artifiziala jarri zaio, eta zelaiko argiteria sistema hobetu da Galder Azkue alkateak iragarri duenez, «apirileko udalbatzarren onartuko ditugu bigarren faseko lanak eta esan dezaket aldagelak eta taberna berria egingo direla urtea amaitu baino lehen».

2014-2016 Kirol Ekipamenduen Planean 41 proiektu daude lurralde osoan barrena, eta Villabonakoa horietako bat da. Plan horrek zazpi miloi euro biltzen ditu, eta, horietatik, miloi bat pasatxo Tolosaldeko proiektuentzat dira. Besteak beste, Adunako frontoiaren eraberritze proiektua, Anoetan osasun parkea jartzea, Elduaingo frontoian saskibaloi kanasta ipintzea eta Tolosako Berazubi eta Zizurkilgo Elbarrenako futbol zelaietan egindako obrak daude.

Gaurko ekitaldiko audioa entzugai:

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!