Gizatasun txikiena ere desagertzen den tokian, libre

Rebeka Calvo Gonzalez 2015ko mar. 20a, 10:00

Eneko Galarraga eta Julen Zelarain preso ohiak dira jada. Billabonatarrak urtarrilean atera ziren kalera urte luzez erbesteratzea, kartzelaldia eta sakabanaketa pairatu eta gero.

Galarragak 12 urte eman ditu etxetik kanpo, erbestean lehenengo eta kartzelan gero, eta Zelarain Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren aurkako operazioan kasik 10 urteko espetxe zigorra bi txandatan bete ondoren atera da. Espetxe politika jakin baten ondorioak pairatu dituzte, baina ez dute gorrotorik sentitzen, eraikitzeko beharraz jakitun, etorkizunera begira jarri dira.

Urte asko eman dituzue herritik kanpo, sentimendu kontrajarri asko izango zenituzten bueltatzerakoan.

- Julen Zelarain:

Gaindituta sentitu nintzen, sentimendu kontrajarriak sortzen dira. Alde batetik, tristura unea da lagunak barruan utzi izanagatik. Kanpoan egonda ere egun osoan zehar askotan pentsatzen duzu 'oraintxe patioan egongo nintzen' edo ez dakit zer egiten egongo nintzen... Bestetik, poza gailentzen da, noski, etxekoekin eta lagunekin zaude. Sentimendu ikaragarria da, hitzekin azaltzea oso zaila da. Denborarekin burua kanpoan kokatuko da gehiago, nahiz eta barruan lagunak utzi eta beraiekin gogoratu. Orain etxekoekin harremana normaltzen ari naiz.

- Eneko Galarraga:

Ezin sinetsi. Horrenbeste egun eman dituzu han, egun horri buruz pentsatzen eta amesten, iristen denean ez dakizula egia den edo horrenbestetan gertatu zaizun bezala txirrinak jo eta zure ziegan esnatuko zaren. Behin kotxea hartu eta herrira iristen zarenean, kontrastea kristorena da. Urteetan bizi izan zara aurrez zure aurka egiten duen jende bat izanda, etsai moduan hartzen dituzunak beti, defentsiban zaude etengabe... eta bat batean iristen zara herrira eta maitasuna jasotzen duzu guztien partetik, iruditzen zaizu mundu guztiak estimatzen zaituela, kristoren positibotasuna jasotzen duzu... Bi mundu dira, talka egiten dutenak, eta zu bitan egon zara egun berean.

 

Egin al zenuten lo lehen gau hartan?

- Eneko:

Nik bat ere ez.

- Julen:

Nik lo egin nuen, baina oso gutxi. Joneri (bikotea) esaten nion burua irudiz beteta neukala. Irudi bizi pila bat nituen buruan, eta esnatu eta errepasoa egiten aritu nintzen; zein jenderekin egon nintzen, zein jende ikusi nuen... disko gogorra informazioz beteta nuen. Denbora pixka bat behar izan dut irudi guzti horiek prozesatzeko.

Nola aurkitu duzue herria?

- Eneko:

Politikoki hitz egiten hasten bagara, nik ez dut nahikoa denbora eduki irakurketa sakon bat egiteko. Hilabete eta erdian nahiko lan izan dut gertukoekin egoten, emazte eta semearekin bizimodu berria hasten, eta ez dut denbora gehiegi eduki gehiago ikusteko. Badakit badaudela ekitaldi eta gauza asko martxan, eta gauza berri asko ikusiko direla, baina ezin dut irakurketa bat egin. Bai ikusten dudala baretze egoerak asko lagundu duela jendearen arteko harremanetan.

- Julen:

Nik ez dut sorpresa handirik hartu. Nahiz eta Huelvan 1.000 kilometrora egon handik ere usaintzen nuen aldaketak zeintzuk ziren eta nola gertatzen ari zen guztia. Buruan nuena aurkitu dut gutxi gorabehera.

 

Euskal Herriko egoera politikoaz gain, egoera soziala ere aldatu da; finantza krisia, etxe-gabetzeak, langabezia, protesten kriminalizazioa areagotu da...  

 

- Julen:

Egoera zentzu horretan ere aldatu da eta arazo pila bat daude mahai gainean. Gauza hauek geroz eta jende gehiagori eragiten diete. Niri gehien harritzen nauena da, puntu honetara iritsita dagoen erantzun maila txikia. Harrituta nago. Normaltasunez hartzen ditugu gauza asko, hainbat egoera eta gertaera ohikotzat hartzen dira, eta hori da gehien kezkatzen nauena. Zentzu kolektiboaren gabeziak kezkatzen nau. Geroz eta gutxiago ikusten dut arazoen aurrean modu bateratuan erantzuten. Agian pentsatu behar dugu zergatik ematen ari den hori.

- Eneko:

Irakurketa sakona egiten baduzu horren inguruan, ikusten duzu nola urte askotan hitz egin dugun bezala, sistema kapitalistak gizakia txiki-txikitatik konpetitiboa izatera bideratzen duen, bakoitzak bere irtenbide pertsonala bilatzera, gizarteko eskaileretan igotzeko ondoa zapaltzera... hau dena denborarekin areagotzen ari da. Nire ustez krisi garaiarekin hau dena bizkortu egin da.

Egia da ere gizakiak komunikatzeko tresnak aldatu direla, eta kartzelan egon garen askok ez dugula neurtzen sare horiek norainoko indarra eta eragina izan dezaketen. Ni ez naiz gehiegi jarri, baina bai ikusten dudala protestak eta borroka ideologikoa egiterako garaian, jendeak badituela tresnak, internet eta sare sozialen bidez, lan egiteko.

 

 

 

Sare sozialak aipatu dituzu eta sakelakoa etorri zait burura. Harrituta egongo zarete, denak burumakur telefonoari begira...

- Eneko:

Egun batetik bestera izan da aldaketa niretzako. Atera eta bi egunetara Donostiara joan nintzen buelta bat ematera eta flipatu nuen mundu guztia zegoelako mugikorrari begira. Inork ez zuen ondokoarekin hitz egiten... Baina bizpahiru egun beranduago niri ere telefono berria iritsi, eta konturatu naiz mundu guztia dagoela jende guztiarekin harremanetan, etengabe.

- Julen:

Egia da komunikazio sistemak aldatzen ari direla, eta egia da ere sare sozialak komunikazio alternatiboak sortzeko oso baliagarriak direla. Lehen komunikabide jakin batzuek mezua kontrolatzen zuten ia erabat, eta orain hori zailagoa da. Baliabide berri hauek erabiltzen jakitea komenigarria da, baina ni pertsonalki oraindik ez naiz horretan jarri.

 

- Eneko:

Gaur egun bizi dugun egoera politikoa aldatzeko gizarte mugimenduek edo edozein pertsonak, bakarka, jakin behar du sare sozialek duten garrantzia eta indarra. Horrek ez du esan nahi kalera atera behar ez garenik eta mobilizazio tradizional horiek baztertu behar ditugunik, baina mundua aldatzen doa eta guk ere lan egiteko erak aldatu behar ditugu.

- Julen:

Honetaz hitz egiterakoan badago egin beharreko beste hausnarketa bat. Hau da, oso ondo dago komunikazio mota hau zabaltzea, eta erabiltzea, tresna baliagarria izan daiteke, baina tresna guztiak baliagarriak dira, ondo erabiltzen badira. Horregatik diot bigarren irakurketa bat ere badagoela, hau da, kontrol sozialarena. Nire irudipena da orain ez dutela bideo kamerarik behar ere. Gogoratzen dut nola orain urte batzuk bazegoen bideo kameren bidezko kontrol sozialaren inguruko eztabaida. Bazegoen kezka hori. Baina orain ez dute horren beharrik ere, orain gu geu gara gure bizitza publiko egiten duguna; dena kontatzen dugu.

 

 

 

Etxerateko hainbat kide Estrasburgon egon berri dira, eta pozik bueltatu dira.

- Julen

Egindako lanari buruzko eta lortutako erantzunen inguruko balorazioa ezin da bestelakoa izan, positiboa da. Leku guztietan egiten da harrera ona, ulertzeko zaila baita une honetan gobernu Espainolak eta Frantsesak espetxe politikan duten jarrera. Egoera politikoa goitik behera aldatu da, eta hala ere, espetxe politika jakin batekin jarraitzen dute etekin politikoa ateratzeko. Gatazkaren ondorioak bideratzen joan ordez, kontrako bidea hartu dute, ondorioak areagotu nahi dituzte.

Nik hala ere oso argi daukat; Europatik etorri daitekeena oso ondo badago ere, gakoa Euskal Herrian dago. Hemen espetxe politika bideratzen hasi behar gara, behingoz, Gobernu Espainolak jarrera aldatzeko, bestela, jai dugu. Behin betiko irtenbideak ez dira kanpotik etorriko, hemen behar dute sortu. Lagundu dezakete, bideratzen, baina ez gehiago.

- Eneko:

Osatze lana izan beharko luke. Gauza hauek ondo daude, Europatik Euskal Herrira begira jartzeko balio dute, eta jendeak kontu hauen berri izateko, baina horrek balio behar du jende guzti horrek lagundu ahal izateko herri honetan dagoen mugimenduari.

Udal hauteskundeak hortxe ditugu, eraginik izango al dute Euskal Herriko gatazkaren egoeran?

- Julen:

Nik argi daukat, Gobernu Espainolak –ezta Frantsesak ere– ez du urrats baikorrik emango espetxe politikari dagokionez hemendik urte amaierara bitarte. Espetxe politika erabiltzen jarraitzen dute, eta hauteskunde batzuen atarian ez dute urratsik emango, batez ere, beraiek eraikitako eta elikatutako hainbat elkarte, eta hainbat komunikabide ere, atal honen inguruan mugimendurik zentzuzkoenak eman arren kritika zorrotzak egiten dituztela kontutan hartuta; Parot dotrina edo Europako akordio marko berri hori martxan jartzean ikusi den bezala. Beste kontu bat da zer gertatu daitekeen Euskal Herrian. Euskal Herrian seguruenik ez da aldaketa handirik emango, baina ez litzateke gaizki egongo gizarteak ere eragile politikoei gatazkaren ondorioei aurre egiteko konpromiso zehatzagoak eskatuko balizkie. Hau da, eragile politikoek argitu beharko lukete zer egiteko prest dauden datozen urteetan egun blokeatuta dagoen egoera honi irtenbidea emateko. Niri beraien aldetik konpromiso hauek zehaztea gustatuko litzaidake, eta gauzatzen joatea.

 

 

 

Zein da alderdi politikoen eta erakundeen lanaz egiten duzuen balorazioa?

- Julen:

Ni zentzu honetan ezkor ez, oso ezkor nago. Eragile politikoak eta erakundeak ez dira mailan egon, inondik inora. Niri 2011ren aurretik horrelako urratsak emango zirela eta gaur egungo egoera hau izango zela esan balidate, ez nuke sinestuko. Urteak eman dituzte esanaz, eszena politiko jakin bat eraiki behar zela, proiektu politiko guztiak gauzatzeko ahalmena izateko agertoki politiko berria eraiki behar zela. Indarkeriazko adierazpen guztiak desagertu behar zirela, eta horrela eszenatoki hori eraikitzeko konpromisoa hartuko zutela eta akordioetara iristeko asmoa zutela... baina eszenatoki politiko hori eraikitzeko hainbat baldintza eman direnean, ez dute ezer egin. Nik daukadan irudipena da konpromiso hori ez dagoela, eta aitzakiak besterik ez direla izan. Pausoak emateko garaia iritsi denean, aitzakia gehiago besterik ez dituzte jarri. Askotan hau eragile batzuren edo besteren aurka egiteko erabiltzen dela esaten da, horregatik ez dut inongo eragilerik aipatzen, bakoitzak atera ditzala bere ondorioak eta ikusi dezala azken lauzpabost urteetan nork eman dituen urratsak eta nork ez. Bost urteko balantzea eginez gero, ondorioak oso argiak dira.

Zentzu honetan argi daukat: Euskal Herrian gurditik tiratzen hasten ez bagara egoerak ez du aurrera egingo. Eragile horiek mugiarazi behar ditugu. Eragile horiek mugitu zain geratzen bagara, egoera ustelduko zaigu, aukera desagertu daiteke. Horrelako egoera eta baldintzak ez dira sortzen bi egunetan, auskalo zenbat urte pasako diren berriz ere egoera hau emateko, eta ea berriz ere ematen den. Egoera honi eutsi behar zaio.

- Eneko:

Nik uste, guztion akatsa izan dela. Horrelako urratsak ematean, aldaketa estrategiko bat, nik uste zabaldu zela sentsazioa gauzak konpontzeko oso gertu geundela, edo dena erdi lotuta zegoela, nolabaiteko erlaxazioa eman zen. Jendeak konfiantza gehiegi izan du, pentsatuz gauzak bideratzen joango zirela. Baina denbora aurrera joan da eta argi eta garbi ikusi da, Julenek esan bezala, zein sektore izan diren lan eta esfortzu gehien egin dutenak. Era batera edo bestera ezker abertzalearen barruan kristoren lurrikara eman da. Izan ere, hartu diren erabakiak oso-oso sakonak izan dira, eta eztabaidak egon dira. Eztabaidak onak dira, noski, baina gogorrak izan dira zenbait tokitan. Eta ikusten duzu nola beste sektore batzuetan ez duten eztabaidarik egin behar izan, nola ez duten inongo ahultzerik izan, ez dutelako ezer egin, eta hori ikustea gogorra da. Horrek frustrazioak sortzen ditu, baina irakurketa bakarra da. Nik esan nahi dudana da aukerak hor daudela oraindik, eta gauza asko egin daitezkeela, gauza askotan aurrera pausoak eman ditugula eta horretan jarraitu behar dugula gauzak epe erdi batean aldatu ahal izateko.

 

 

Espetxean egotea gogorra bada ere, are gogorragoa dirudi senitarteko eta lagunek sakabanaketa politikaren ondorioak pairatu behar izatea. Nola bizi izan duzue egoera hau?

- Eneko:

Hori kontraesan handienetako bat da. Asteburua iristen denean pozik zaude badatozelako eta besarkatuko dituzulako, hitz egingo duzulako senitarteko eta lagunekin, eta aldi berean, arduratzen hasten zara, errepideak nola egongo ote diren... Aldi berean, badakizu beraien bizitzak ere erabat baldintzatzen direla. Badakizu emazteak etortzeko bere egunerokotasuneko gauzak utzi behar dituela, asteburuak normalean aisiarako eta atseden hartzeko dira, eta beraiek atseden hartu beharrean bidaiatu egin behar dute, beraien bizitza arriskuan jarri, eta gainera aurpegi ona izan espetxera iristerakoan gu alaitzeko. Horrek beraiekiko sekulako mirespena sentitzea dakar.

- Julen:

Espetxe politika hau presio eta xantaia iraunkorra dira. Presoaren aurkako xantaia da espetxean bertan bizi den egoera hori, baldintza horiek, baina bada ere kanpoan bizi dena. Guretzako oso gogorra da senide eta lagunek 1.000 edo 2.000 kilometro egin behar izatea guri bisita soil bat egiteko. Hau askotan aurpegiratzen digute gainera: zure familiakoek hau bizi dute zuk nahi duzulako, hartu ezazu beste jarrera eta norabide hau eta bukatuko da. Honek zein helburu dituen esaten digute argi eta garbi, xantaia dela argi uzten digute. Ez dena normala da zuzenbideko estatu batek espetxe politika sufrimendua eragiteko eta etekin politikoa lortzeko erabiltzea. Eta ez zaie inporta sufrimendua eragitea.

 

 

 

Presoen sakabanaketaren aurkako oihua geroz eta ozenagoa da, baina politika horrekin jarraitzeko apustua argia dela dirudi. Sare mugimendua sortu berri da, salaketa egiten jarraitzeko.

- Eneko:

Normalean beti bilatu izan da presoen aldeko mugimenduetan ahalik eta zabalena diren sektoreen parte hartzea sustatzea eta arazo hau herriarena dela helaraztea, ez presoena edo ezker abertzalearena bakarrik. Presoak daude espetxean herriaren alde borroka egiteagatik, eta beraiek, eta bereziki beraien senideak, daude ordaintzen politika zehatz baten ondorioak. Egoera konpontzeko gizarte osoak egin behar du indarra. Gizarte batek ikusten badu bere biztanleriaren zati bat espetxean egoteagatik bere eskubide guztiak zapalduak dituela, horrek gauza asko esaten ditu, eta ezin da onartu. Sare bezalako mugimendua, sektore asko biltzen dituena, egotea oso ona da.

- Julen:

Espetxe politikari dagokionez, nire ustez, hausnarketa sakona egitea lortu beharko litzateke; zeini egiten dio mesede espetxe politika honek eta zeini kalte? Galdera horrekin argi ikusten da espetxe politikak gaur egunean helburu zehatza duela: Euskal Herrian bizi den egoera eta prozesua bera trabatzea eta lokaztea. Espainia eta Frantziako estatuak herri mugimendu indartsu baten beldur dira, Katalunian ikusi den bezala, eta horregatik hori oztopatzeko ahal den guztia egingo dute. Beraiek espetxe politika erabiliko dute prozesua trabatzeko. Espetxe politika hau ez da onargarria, eta honekin bukatzeko sektore askotako jendearen arteko indar metaketa eman behar da. Gizarteak jarri beharko du gurdia eramaten. Zorionez eta zoritxarrez hemen horrela izaten da normalean.

 

Zertan aldatu zaituzte espetxealdiak?

- Eneko:

Niri kartzelaz gain, urte batzuk kanpoan bizitzea ere tokatu zait, eta beraz, ez nuke jakingo esaten espetxeak bakarrik zertan eragin didan. Prozesu guzti honetan familia sortu dugu, semea izan dut. Era batera edo bestera seme baten heziketan parte hartzea tokatu zait eta gauza asko aldatu dira nire izaeran, asko kartzelaldiaren eta erbestaldiaren ondorio izango dira, eta beste asko gaur egun 34 urte dauzkalako eta hau hastean 22. Zaila da esatea. Bai egia da kanpoan egoteak burua irekitzen lagundu didala, beti esaten da bidaiatzea horretarako ona dela, eta nire kasuan baldintza berezietan izan bada ere, irekitzen lagundu dit, beste jende bat ezagutzen. Harreman pertsonalean oinarritutako harremanak izan ditut, politika erdian egon gabe.

Espetxeak gauza txar asko ditu, eta momentu txar asko pasarazten ditu, baina esperientzia bat da, gogorrra, eta inori ez diot desio, baina posible da bertatik gauza positibo batzuk ateratzea. Pertsonak jakin behar du egoera txarrena izanda ere ezer ez dela betiko, eta beti egin daitekeela zerbait aldatzeko. Etsipen sentsazioa ez gaitu inora eramaten, eta positiboa izaten lagundu dit. Negarrez egotea eta beti bakoitzaren etxeari harriak botatzen aritzea, ez du ezertarako balio.

- Julen:

Niri espetxealdiak balio izan dit bizitzan zer duen garrantzia eta zer ez ikusteko. Parentesi txiki bat da; kalean askotan gauzak abiadura bizian doaz, eta gutxitan pentsatzen dugu 'ni zertarako nago hemen', 'zertan ari naiz'... Eta espetxeak ematen dizu hori egiteko aukera, zergatik? espetxeak oinarrizkoena ere kentzen dizulako eta hori kentzen dizutenean konturartzen zara gauzetaz. Askotan esaten da osasunaren garrantziaz galtzen duzunean konturatzen zarela, bestela egunerokotasunean ez duzu baloratzen. Jende askorentzako egunero jaiki eta seme-alabak ondoan edukitzea ez da beste munduko zerbait, egunerokotasunean balorea galtzen joaten da, errutina bilakatzen da. Baina galtzen duzunean, baloratzen duzu. Gauza txiki asko daude oso garrantzitsuak direnak bizitzan, eta kanpoan ez ditugunak horrenbeste baloratzen.

 

 

Gorrotoa sentitzen al duzue?

- Eneko:

Gorrotorik ez dut, atzera begira jartzerakoan momentu batzuetan bai duzula pena txiki bat; pentsatzen baduzu nolakoa izango litzateken zure bizitza kartzelan egon izan ez bazina... Militante bezala bagenekien hau gertatu ahal zela eta behin pasa dudala horrela aritzeak ere ez du ezertarako balio. Horregatik diot hoberena dela begiratzea zein gauza positibo atera diren infernu guzti honetatik. Orokorrean sentsazioa da aurrera begiratu nahia eta kontutan eduki nik pasa dudan egoera orain momentu honetan beste batzuk ari direla pasatzen, eta denok egin behar dugula zerbait egoera honekin bukatzeko eta hobetzeko. Nik pasa dut eta joan da, baina badira egoera horretan daudenak oraindik.

- Julen:

Gorrotoa ez, baina zer egin diguten, zer egiten duten eta zer egiten jarraitzen duten betirako hor geratuko da. Eta ez bakarrik funtzionarioek eta bertako langileek-eta egindakoak, hemen ere badaudelako batzuk espetxe politika erabili dutenak jakinda zein zen bere helburua, eta hori ez dut ahaztuko. Baina gorrotoak ez digu inora eramango, eta ez dut hori izan nahi. Nahiz eta barruan momentu puntualetan bizitu dudan. Txikiak Huelvaraino 1.000 kilometro eginda etorri (eta bueltarako berdin) eta espetxearen atarian geratu direnean miaketa bat egin behar zela erabaki dutelako... orduan gorrotoa sentitu dut. Eta erabaki hori hartu duena aurrez aurre izango banu, ez dakit zer egingo nukeen.

 

- Eneko:

Gorrotoarekin ezin da bizi. Espetxean ikusten da hori, gorrotoarekin bizi den jendea, bereziki kartzelan lan egiten duen jendearen eskutik. Hango langileek ikusten dutenean espetxean askatasun gabe dagoen pertsona bat irribarre egiteko gai dela nola haserretzen diren ikustea besterik ez dago. Horrelakoetan ahal duten guztia egiten dute izurratzeko. Beraien bizitza ez dute baloratzen, beste baten alaitasunak samintzen ditu... gorrotoarekin bizitzea ez da ona.

- Julen:

Ni gorrotarekin biziko banintz, ezingo nituzke inguruakoan agoantatu ere. Hori transmititu egiten da. Gainera hori beraien garaipena izango litzateke, espetxe politika horren ondorioa luzatzea bezala izango litzateke.

Esaten da espetxeak estatu baten demokrazia mailaren neurgailu direla.

- Julen:

Erabat ados. Argi ikusten da. Estatuaren maila bere estoldetan neurtzen da, eta espetxea estolda bat da. Hor ikusten da beraien jarrera zein den, eta noraino iristeko gai diren. Zigorgabetasun mailak nonbaiten bizi badira, espetxean bizi dira. Jendeak espetxean gertatzen direnak ikusiko balitu... Lotsagarria da. Isolamenduan bizi izan nituen 6 urte, eta hor gertatzen dena ikaragarria da, ez dago sinesterik pertsonekin zer egiten den. Gizatasun txikiena ere desagertu egiten da.

- Eneko:

Isolamendu bloke horietan lan egiten dutenak normalean oso izaera bereziko jendea izaten da, gorrotoa nabaritzen zaie. Nik ezagutu dudan egoera bestelakoa izan da, ez Julenena bezala, egoera 'lasaiagoa' zen, baina hasieran isolamenduan ere egon nintzen hilabete batzuetan eta hango esperientzia txarra da benetan. Gurekiko, eta edozein presorekiko, duten jarrera eta nagusikeria izugarriak dira.

 

 

 

Aurreikusitakoa bizi izan duzue kartzelan?

- Eneko:

Kartzela bizitzen duzun arte ezin da jakin benetan, zer den. Irakurri duzu, badakizu, lagunak dituzu egoera horretan... baina bizitzen duzun arte ez dakizu. Harritzeko gaitasuna espetxeari dagokionez beti mantenduko dut.

- Julen:

Ikaragarria da giza mixeria zein punturarte iritsi daitekeen. Hori ikusteko espetxera jo behar da. Gauza asko ikusten dira bertan. Batzuk oso gaixo daudelako edo drogengatik ziegan kristo bat eginda ikusi, txirrina jo laguntza eske eta nola erantzuten duten ikustea ikaragarria da. 'Txirrina berriz ere jotzen baduzu, jo eta bertan txikituko zaitut' esaten diete, eta ez esan bakarrik, txirrina jo, eta jo eta bertan txikitu. Pertsona hori ziegan nola zegoen ikusi eta hori egitea nola den posible pentsatzen duzu. 

Zigorgabetasun osoa dute nahi dutena egiteko. Pertsona horiek zauriak dituzte eta artatzen zaie, baina inork ez du ezer egiten egoera horrekin amaitzeko. Ustelkeria maila puntu horietan horren barruraino sartuta dago, eta erantzukizuna ere horrenbeste mailetara iristen da, inorri ez zaiola interesatzen ezer egitea. Behekoak eta goikoak dute edozer gauza egiteko askatasuna. Elkar babesten dute.

Preso komunekin duten zigorgabetasun osoa gurekin nolabait mugatuago dute. Guk badugu elkartasun mugimendu bat gure inguruan, guri egiten dizkiguten gauzak salatzen dituztelako. Baina hala ere, buru-belarri saiatzen dira. Salaketa txikiena ere etorkizunik izan ez dezan dute dena antolatuta. Babesgabetasuna ikaragarria da.

Presoen kolektiboak banakako bideari eustea erabaki du. Zer duzue esateko honen inguruan?

- Julen:

Kontua da presoak ere egoera ikusten duela. 2011n hasitako prozesuan kolektiboak bere ekarpena nola egin aztertu zuen. Eta kolektiboak oso argi ikusi zuen zer egin. Erantzunak ematen dituenean ez du bakarrik bere onura bilatzen, prozesuari bultzada bat ematea ere bilatzen du. Eta espetxe politika desaktibatzea helburuetariko bat da prozesuari bultzada emateko bidean. Horretarako urratsak emateko jarrera agertu du. Esaten ziguten modu kolektiboan ezin zela eskatu, eta kolektiboak arazoari irtenbide kolektiboa eman asmoz banakako eskaerak egitea onartu du, baina ikusten da gobernuak ez duela ezer egiteko borondaterik. Urratsak egoera gehiago zamatzeko besterik ez dituzte ematen.

- Eneko:

Ikusita Espainiako eta Frantziako gobernuek ez dutela gauzak aldatzeko inongo asmorik, eta jakinda arazo honekin bukatzeko giltza Euskal Herriak duela, erabaki honek bide bat irekitzen du. Askotan erakusten dugu noraino iristeko prest gauden, eta nola historikoki onartu ez diren hainbat gauza onartzeko prest gauden. Gizarteari helerazteko mezu bat dugu: jendea espetxean dago Euskal Herriaren alde lan egin duelako eta espetxean ere lan egiteko prest dago, irtenbidea errazteko prest. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!